Munduko klimak

Klima-zona edo klima-eremua deitzen zaio, klima antzekoa duen Lurreko zona bati. Klimaren elementuetan eta faktoreetan oinarrituz, mundua hiru klima-zona edo klima-eremu handitan banatzen da.  Oro har, latitudeak bereizten ditu klima-zonak.


Ekuatore inguruan, Kantzer tropikotik Kaprikornio tropikora dagoen zonari beroa deitzen zaio; tropikoetatik zirkulu polarretara dauden biak zona epelak dira, eta bi poloen inguruan daudenak, zona hotzak.

Lurreko klimak urteko batez besteko tenperaturen arabera sailkatzen dira: beroak, epelak eta hotzak.

  1. Klima beroak. Kantzer tropikoa eta Kaprikornio tropikoaren artean dauden lurraldeetako klimak dira: ekuatoriala, tropikala eta basamortuko klima.
  2. Klima epelak. Tropikoen eta zirkulu polarren artean dauden lurraldeetako klimak dira, ipar hemisferioan eta hego hemisferioan: kontinentala, ozeanikoa edo atlantikoa, mediterraneoa eta txinatarra. Klima epeleko lurraldeetan ere ager daitezke basamortuak.
  3. Klima hotzak. Zirkulu polarren barneko lurraldeetako klimak dira: siberiarra eta polarra. Goi-mendietan ere izan ohi da mota horretako klima: goi-mendietako klima.

Prezipitazioen arabera

Prezipitazioen arabera, klimak honela sailkatzen dira:
Klima oso hezea. Lurralde oso hezetan, urteko prezipitazioa 1.750 mm-tik gorakoa da.

Klima hezea. Lurralde horren urteko prezipitazioa 1.000-1.750 mm bitartekoa da.

Klima lehorra. Lurralde horietako urteko prezipitazio kopurua 250-1.000 mm bitartekoa da.

Klima oso lehorra. Lurralde horren urteko prezipitazio kopurua 250 mm baino txikiagoa da.

Taigaren ustiaketa

Klima hotzetan kokatuta dauden biomak izan dira gizakiak beranduen eta gutxien populatu dituenak. Tenperatura hotzak erabat oztopatu du nekazaritzaren garapena eta horregatik, ingurune horietan herri ehiztariak bizi izan dira. Ehizatzetik eskuratzeaz gain jatekoa, larrua ere lortzen zuten, gero elikagaien edo beste produktu batzuen truke saltzeko.

Taigaren ustiaketa

Aipagarria da samien kasua. Europako ipar muturrean bizi dira eta abeltzaintza eta ehiza izan dute bizibide. Udan, elur-orein taldeen atzetik, tundrara abiatzen ziren eta neguan taigara, babes-bila. Taiga bioma oso zabala izanik eta sami abeltzainen kopurua oso txikia, haien eragina ez da oso nabarmena izan.

Egoera hori aldatzen ari da gure egunetan. Teknologia berriei esker eta, gaurko eskaera ekonomikoei erantzun nahiez, gero eta handiagoa da taigaren ustiaketa. Siberian, esate baterako, meategi erraldoiak aurkitu dira eta horien ustiaketak taigaren suntsipena ekar lezake. Gainera, komunikazio-bideak eraiki behar dira bertara heltzeko eta horrek kalte handiak sorrarazten ditu bioman.

Zuhaitzak ere lehengai ekonomiko garrantzitsu bihurtu dira; besteak beste, altzarigintza eta papergintzarako. Horrek ustiaketa sistematikoa ekarri du eta milaka urtez bere horretan mantendu den basoaren atzerakada eragin du. 

Horrela jarraituz gero, urte gutxi barru oihan tropikaletan gertatzen ari den bezala taigak ere zeharo desagertuko dira.

Tundraren erabilera ekonomikoa

Gizakiaren ikuspegitik, baldin eta leku txarrik badago bizitzeko, hori tundra da. Hala ere, gizakiak, glaziazioen garaitik (ez ahaztu Euskal Herria tundra zela orduan), tundran  bizi izan da. 

Tundraren erabilera ekonomikoa

Bioma honetan, gizakiak duen  jarduera ekonomiko bakarra ehiza da; kostaldean, baita arrantza ere. Horixe izan da inuiten eta Siberiako iparraldean bizi diren samoiedoen bizimodua.  Herri horiek tundran izan duten eragina oso eskasa izan da.

Gaur egun, ordea, arriskuan dago orain arte ia ukitu gabe egon den bioma bakarra. Lurzoruaren azpian petrolioa eta gas naturala aurkitu dituzte eta hainbat estatu horien ustiaketan pentsatzen hasi dira, ondorio ekologikoak kontuan hartu gabe. Ustiaketa hori egin ahal izateko, azpiegitura garrantzitsua behar da; eta horrek beste biometan arazoak badakartza, tundran eragin berezia du, zoruaren ezaugarriengatik. Nahikoa da kamioi bat pasatzea, haren aztarnak hamarkadetan han gera daitezen. 

Beste arrisku bat petrolio-isurketak dira. Zaila bada edozein lekutan petrolio-isurketak garbitzea, tundran, egiten duen hotzagatik, ia ezinezkoa da. Horregatik, ekologiaz kezkatzen diren hainbat pertsona eta elkarte, ustiaketa horren aurka agertu dira.

Belardien erabilera

Belardien erabilera era askotakoa da, herrien eta baldintza klimatikoen arabera: 

  • Estatu Batuetako Lautada Handietako indiarrak (siuxak, cheyenneak, komantxeak, eta abar) ehiztariak ziren, 
  • Asia erdialdeko kirgizak, mongoliarrak, uzbekoak… abeltzainak ziren batik bat, eta 
  • Europako belardiak, berriz, nekazariek erabili izan dituzte Neolito garaitik

Gaur egungo egoera ekonomiko berriek izugarrizko eragina izan dute belardietan. 

Nahiko euri egiten duen lurraldeetan ―Estatu Batuetako Lautada Handietako ekialdean eta Europan, adibidez― oso nekazaritza aberatsa sortu da. Aipagarriak dira Estatu Batuetako, Kanadako, Australiako edota Argentinako garia, artoa eta bestelako laboreak; munduko labore-biltzailerik handienak dira eta leku guztietara esportatzen dute.

Euri gutxi egiten duen lekuetan ureztatze-sistemen bidez egokitu dituzte lurrak nekazaritzarako; Asia erdialdeko errepubliketan, adibidez. Dena den, Asiako leku askotan oraindik ere mantentzen dira abeltzain ibiltariak.

Baso hosto-erorkorren etorkizuna

Klima epelean kokatuta basoa izan da gizakiak gehien aldatu duen bioma. Gizakia klima tropikalean eta sabanan sortu bazen ere, oso laster hasi zen bioma hori eraldatzen, nekazaritza zabalduz joan zen heinean bereziki. Horregatik,, bioma gisa ia desagertua dagoela esan dezakegu.

Baso hosto-erorkorren etorkizuna

Europako mendebaldea eta erdialdea, k.a.5000 urtean baso erraldoia zen. Baina nekazaritza eta abeltzaintzaren sarrerarekin basoari kendu zioten lurra. Erdi Aroan, basoa hainbat eta hainbat gauzatarako erabili zenean: etxeak, altzariak eta lan-tresnak egiteko, egur-ikatza egiteko… (Euskal Herriaren historian hor ditugu, adibide gisa, ikazkinak eta olagizonak). Horrez gain, basotik lortzen ziren gizakien elikagaiak ere. 

Basoen ustiapen sakon horrek, basoaren beraren ia desagertzea ekarri du. Haien tokian, lursailak, animalientzako belardiak, edota helburu ekonomikoz egindako zuhaitz-landaketak ikus ditzakegu. Horren adibide nabarmena Euskal Herriko pinudiak dira.

Gizakiaren ikuspegitik, baso horien desagertzeak mesede ekonomikoak ekarri dizkie munduko estatu garatu eta aberatsenei, baso horien lekuetan baitaude kokatuta. Baina etorkizunean ez dakigu zer ondorio ekologiko ekar dezakeen horrek guztiak.

Bizitza basamortuan

Basamortua ez da gizakia bizitzeko leku atsegina; baina, hala ere, basamortua aspaldi bihurtu zen gizakien bizileku. 

Bizitza basamortuan

Afrikako Kalaharin, Australiaren barnealdeko basamortuan eta Estatu Batuetako mendebaldeko eta hego-mendebaldeko basamortuetan ehiztari biltzaileak aurki ditzakegu: Kung herria (boskimanoak), Australiako aborigenak eta Estatu Batuetako shoshonak, adibidez. Herri horien bizimodua ehiza eta fruitu-biltzea da. 

Basamortua hain leku txiroa izanik, bizitzeko adina badute ere, arazo nagusia ur-eskasia da; horregatik etengabe aritzen dira ur-putzu batetik besterako joan-etorrian.

Basamortuetan bizi diren herri esanguratsuak dena den, Saharako, Arabiako edota Gobiko abeltzain eta merkatari ibiltarienak dira. Herri horiek (tuaregak, beduinoak eta mongoliarrak) basamortuan zehar mugitzen dira beren abere-taldeekin, euri urrien eraginez sortutako belardien bila. Mugimendu horiei esker, herri horiek merkatari bilakatu ziren. Ezagunak dira tuaregek Sahara iparraldetik hegoalderantz eta alderantziz egiten dituzten bidaiak, edota beduinoek Ekialde Hurbileko basamortu guztietan zehar egiten dituztenak.  Halakoen bizimodua ezin da moldatu oasi eta ibai alboetan bizi diren nekazariekin dituzten harremanik gabe. Nekazariak ura agertzen den lekuetan kokatzen dira eta, ureztatzeko teknikak erabiliz, gai dira oinarrizko nekazaritza abiarazteko.

Basamortuan handia izan da gizakiaren eragina. Horrela, Egipton, Mesopotamian (gaur egungo Irak eta Siria), Pakistanen, eta Perun adibidez, ureztatzeko teknikak erabiliz, basamortu zena lur emankor bihurtu dute Antzinarotik. Ureztatze-lan horiengatik zein nekazaritzan eta abeltzaintzan teknika desegokiak erabiltzeagatik, lehenago estepa edo sabana zena basamortu bihurtu da zenbait lekutan.

Bi eragin horiek, ureztatze lanak eta biztanleriaren hazkundea, areagotu egin dira gure egunotan: Arabiako penintsulan, Egipton, Libian… ureztatze-lan erraldoiak egiten dira. Biztanleriaren hazkundeak, bestalde, presio izugarria egiten du zoruaren gain eta, horren guztiaren ondorioz, lurra pobretu ez ezik, poliki-poliki basamortu bihurtzen ari da.

Horrez gain, mundu mailan gertatzen ari den aldaketa klimatikoaren eraginez, gero eta euri gutxiago egiten du eskualde askotan eta, egiten duenean, oso gogor egiten du.

Eragin horien ondorioa bera da: zorua galdu eta basamortua sortzea edo zabaltzea. Basamortua da munduan zabaltzen ari den bioma bakarra, horrek dakartzan ondorio sozio-ekonomiko, politiko, demografiko… eta guzti.

Basamortuaren ustiaketan, petrolioa edota gas naturala ateratzeko dorreak dira nagusi. Petrolioa leku askotan lortzen da baina munduko ekoizlerik handienak Arabiar penintsulakoak (Saudi Arabia, Kuwait, Qatar…) eta Afrika iparraldekoak (Aljeria eta Libia) dira. Ekoizpen horrek, etekin ekonomiko handiak ematen ditu eta biztanleriaren bizimodua aldatzea ekarri du; beduinoak eta tuaregak desagertzeko zorian daude; bai eta, beraiekin, milaka urtetan iraun duen bizimodua ere.

Sabanaren eraldaketa

Sabana izan da gizakiaren jatorrizko bioma eta oraintsu arte bioma honek ez du aldaketa nabarmenik jasan. 

Sabanan bi motatako herriak bizi izan dira: nekazariak eta abeltzainak. Zoruaren emankortasuna ziurtatzeko, batzuek zein besteek suteak erabili dituzte; horrela, abeltzainei dagokienez, zuhaitzen eta belar txarren garapena eragozten dute; nekazariei dagokienez, lurra erretzea da lurra lantzen hasteko lehen urratsa. 

Abere-talde handiak mantentzen saiatzen dira, abere-kopurua, n, prestigio-ikurra baita. Ezagunenak Afrikako nuer-ak dira.

Nekazariek lur horietan arto beltza, kotoia eta kakahueteak ekoizten dituzte. Teknikak e nahiko primitiboak dira eta, azkenean, beste leku batera mugitu behar izaten dira.

 Antzeko zerbait gertatzen da abeltzainei dagokienez ere. Abereek lurra kaltetu egiten dute eta, denbora luzean egonez gero, sabanako biztanle horiei ere lurra pobretu egiten zaie. Hori dela-eta, abeltzainak alde batetik bestera ibiltzen dira sabanan. Horren guztiaren ondorioz, sabanaren itxura eraldatu egiten da, baina izaera eta funtzionamendua kaltetu gabe.

Azken mendeetan gero eta nabarmenagoa egin da gizakiaren eragina; leku askotan bioma desagerrarazteraino. 

Lehendabizi, europarrei interesatzen zitzaizkien produktuak ekoizten hasi ziren: kotoia, kafea, azukrea eta antzekoak. Horrek jatorrizko landarediaren desagertzea ekarri zuen. Beste leku batzuetan abeltzaintza sartu zuten eta horrek bertako belarjaleen desagertzea ekarri zuen. Australian, Argentinan, Brasilen, Venezuelan eta beste leku askotan sabanaren paisaia erabat aldatu zen.

 Sabana aipatzen dugunean, Afrikakoa datorkigu gogora, hori baita mantendu den ia bakarra, baina berori ere arriskuan dago. Arazo nagusiak Afrikako estatuen hazkunde demografikoa eta ekonomia-mendekotasuna dira. Hori horrela, lurraren ustiaketa zabaltzera jotzen dute, bai elikagai gehiago lortzeko, bai zorren ordainketarako esportazio-produktuak ekoizteko. Horrek zoruaren gehiegizko ustiaketa dakar eta lurrak ezin du jasan; ondorioz, azkarrago pobretzen da, biomaren kalterako.Leku askotan hori da sabana izatetik estepa bihurtzera igarotzeko lehen urratsa; bilakaera horretan hurrengo urratsa basamortu bihurtzea izango litzateke. Hori da, hain zuzen, Sahara hegoaldeko hainbat estatutan gertatzen ari dena.

Oihan tropikala eta gizakia

Oihan tropikalak bizitzeko guztiz desegokia badirudi ere, milaka urtetan gizakia bertan bizi izan da, ia isolaturik. Isolamendu horren lekukorik adierazgarriena Australiako iparraldean dagoen Ginea Berria uhartea izan daiteke. 

Oihan tropikala eta gizakia

Europar ikuspegitik,  herri horiek atzeratuak iruditzen bazaizkigu ere egokitzapen ezin hobea lortu dute  oihan tropikalean bizitzeko. 

Oihan horretako biztanleak sailkatzerakoan, ehiztari eta biltzaile hutsak daude, alde batetik; eta, jarduera horiez gain, nekazari eta abeltzain direnak, bestetik.

Ehiztari eta biltzaile hutsak oso gutxi dira eta desagertzeko zorian daude. Horien artean aipa daitezke Kongo ibaiaren inguruko oihanetan bizi diren pigmeoak eta Asia hegoaldean dauden Andaman uharteetako jatorrizko biztanleak. Talde txikietan, batera eta bestera ibiltzen dira oihanean zehar, ehizaren atzetik. Beren garapen teknologikoa oso apala da: arku, gezi eta antzekoez gain, ehizatzeko sareak erabiltzen dituzte. Ehizaz gain, naturak berez ematen dituen fruituak biltzetik bizi dira. 

Herri hauek ez dute eragin berezirik egin oihanean, ez onerako, ez txarrerako; oihana bizitzeko lekua ez ezik, ezkutaleku gisa ere gertatu zaie. Gaur egun, zibilizazio modernoarekin izan dituzten harremanen ondorioz, desagertzeko zorian daude.

Nekazariak eta abeltzainak oihanean sakabanatuta bizi dira. Beren teknologia oso primitiboa da. Ez dute, ez golderik, ezta ongarririk ere ezagutzen. Oinarrizko lanabesa aitzur baten antzeko tresna edota, askotan, puntadun makila bat izan ohi dute. Bizpahiru uzta bildu ondoren, lurra erabat agortuta gelditzen zaie eta alde batetik bestera mugitu beharrean aurkitzen dira. Kokapen berrian, lehendabizi, lurra prestatu behar izaten dute nekazaritzarako; horretarako, oihana erre eta sortutako errautsak ongarri gisa erabiltzen dituzte.Nekazari hauek artoa, arroza, arto beltza, mandioka, ñamea eta antzekoak ereiten dituzte. Horrela diharduten herrien artean, Amazonas arroko yanomamiak edota Ginea Berriko tsenbagak aipa ditzakegu.

Herri hauek oihana etengabe eraldatzen ari dira. Alde egiten dutenean, oihana berriz osatzen da, baina ez da hasierako itxurara itzuliko, gizakiek zoruaren ezaugarriak aldatu egin dituztelako. Dena den esan liteke ingurunea errespetatu egin dutela gaurdaino. 

Gaur egun aldiz,  mundu osoko oihan tropikala arrisku bizian dago. Interes ekonomikoak zirela-eta, europarrak heldu zirenetik lurralde horietara, oihanaren ustiaketa sistematikoa hasi zen. 

Hasieran Europak nahi zituen azukrea, kafea, kotoia edota kakaoa ekoizteko, oihanaren erdian plantazio, lursail erraldoiak, sortu ziren. 

XX. mendean lehengaien eskaria asko handitu zen eta, ohiko landaketez gain, zuraren, petrolioaren edota urrea bezalako mineralen ustiaketa zabaldu zen. Horretarako, komunikabideak, errepideak eta, batez ere, trenbideak zabaldu zituzten alde guztietan eta leku askotan basoa desagerrarazi egin da, haren lekuan abereen hazkuntzarako belardiak sortzeko

Oihanak aurkitzen diren estatuak munduko txiroenak dira eta hazkunde demografiko handia dute. Hazten ari den biztanleriari jaten emateko, lursailak ugaritu egin behar izaten dituzte, oihanaren kaltetan, baina betiko teknikak erabiltzen dituzte; ondorioz, zoruaren gainean presio handiegia egiten ari dira eta oihana desagertuz doa.

Asiako hego eta hego-ekialdeko oihana desagertzeko zorian dago gizakiaren eraginez, arroz-landaketaz ordezten ari baitira. Eskualde horretako paisaia urperatutako arroz-sailek osatzen dute.

Leku askotan, ustezko garapen baten bila, oihanak zeuden lekuan urtegiak egin dira, elektrizitatea ekoizteko.

Bide horretatik jarraituz, munduko oihan tropikal guztiak desagertu egingo dira, inork uste baino lehenago.

Gizakiaren eragina bioman

Gizakia, une honetan dakigunetan oinarrituz, bioma zehatz batean sortu zen: Sabanan. Afrikako sabanatik oso goiz hasi zen mundu osora zabaltzen eta gaur egun ia ez dago giza presentziarik gabeko lekurik. Salbuespen bakarra Antartika izan liteke. 

Gizakiaren eragina bioman

Zabaltze horretan, gizakiak hainbat ingurunetan kokatu da. Inguru horiek, askotan, ez zuten inolako antzik jatorrizko sabanarekin eta egokitu behar izan du. 

Hala ere, ezin dugu pentsatu gizakia inguru horietara egokitu baino ez dela egin; ahal izan duen neurrian, ingurua aldatu egin du, bere beharrei egoki erantzuteko. Horren ondorio dira gaurko biomak; askotan jatorrizkoekin zerikusi handirik ez dutenak.

Gizakiaren eragina bioman
Oihan tropikala eta gizakia
Sabanaren eraldaketa 
Bizitza basamortuan
Baso hosto-erorkorren etorkizuna
Belardien erabilera 
Taigaren ustiaketa 
Tundraren erabilera ekonomikoa

Bioma

Baldintza klimatiko antzekoak eta ezaugarri ekologiko ( landare eta animalia-talde) berdintsuak dituzten eremu geografikoei deitzen zaie bioma

Biomak sailkatzeko irizpide nagusia klima da; izan ere, klimak eragin handia du toki jakin bateko izaki bizidunen ezaugarrietan.  Baina biomak aztertzeko garaian, beste irizpide hauek ere edukiko ditugu kontuan:

  • Lurraldearen kokapen geografikoa.
  • Erliebea, lurzoruaren ezaugarriak.
  • Landaredi mota (belardiak, basoak, landareen egokitzapena ingurumenean…).
  • Animaliak (nola belarjale, hala haragijale), eta haien egokitzapenak.
  • Gizakiaren jarduera, bioman aldaketa handiak eragiten dituelako.

Gizakia, une honetan dakigunetan oinarrituz, bioma zehatz batean sortu zen: Afrikako sabanan, eta handik mundu osora hedatu zen. Gaur egun ia ez dago gizakirik gabeko lekurik. Salbuespen bakarra Antartika izan liteke. Zabaltze prozesu horretan, gizakiak inguru ezberdinetara egokitu behar izan du. Egokitzapen horretarako, ingurua aldatu egin du, bere beharrei hobe erantzuteko. Horren ondorio dira gaurko biomak, eta gizakien eraldaketaren ondorioz askotan jatorrizkoekin zerikusi handirik ez dute.

Bioma bakoitzaren ezaugarriak, dagokion klimaren artikuluan eta  bioma bakoitzean gizakiaren eragineko artikulutan aurkitu ditzakezu. 

BiomakKlimakGizakiaren eragina bioman
Oihan tropikalaKlima ekuatorialaOihan tropikala eta gizakia
SabanaKlima tropikalaSabanaren eraldaketa 
Basamortua, estepaBasamortuko klimaBizitza basamortuan
Baso hosto erorkorrakKlima ozeanikoaBaso hosto-erorkorren etorkizuna
BelardiaKlima kontinentalaBelardien erabilera 
Nahasia: hosto erorkorrak, tropikalak, koniferoak…Klima txinatarraBaso hosto-erorkorren etorkizuna
Tundra, basamortua, taigaGoi-mendietako klima
TaigaKlima siberiarraTaigaren ustiaketa 
Tundra, izotzezko basamortuaKlima polarraTundraren erabilera ekonomikoa
Baso mediterraneoaKlima mediterraneoa