Guruin endokrinoak

   

GURUINA HORMONA FUNTZIO ERREGULATZAILEA
PINEALA / EPIFISIA Melatonina Loaren kontrolatzen du, eta beste hormonak erregulatzen ditu.
HIPOFISIA Hazkuntzarena Umetan eta pubertaroan bereziki, gorputzaren garapena eta hazkundea aktibatzen ditu.
Prolaktina Pubertaroan esnearen guruinak (ugatzak, titiak) garatzen ditu. Erditu ondoren esnearen ekoizpena suspertzen du.
Oxitozina Erditzeko unean umetokiaren uzkurdunak estimulatzen ditu.
TIROIDEA Tiroxina Hazkunde garaian, arnasketa zelularra eta proteinen metabolismoa aktibatzen ditu.
PARATIROIDEA Paratiroidearena Odoleko kaltzioaren eta fosforoaren mailak erregulatzen ditu; hots, hezurren kaltzifikazioa eta odolaren koagulazioa.
TIMOA Timoarena Zirkulazio aparatuan (ura drainatzen eta odol zirkulaziotik irten diren proteinak berreskuratzen) eta immunitate-sisteman parte hartzen du.
PANKREA Intsulina Odoleko azukrean glukosaren maila erregulatzen du
GILTZURRUN GAINEKOAK Adrenalina Larrialdietan gorputza ekintzarako prest jartzen du: nerbio-sistema aktibatzen du, bihotzaren taupadak bizkortzen ditu, odolaren zirkulazioa suspertzen du…
OBULUTEGIA Estrogenoak Emakumeen sexu-ezaugarriak garatzen eta sexu-organoen garapena aktibatzen du.
BARRABILAK Androgenoak Gizonezkoen sexu-ezaugarriak garatzen eta sexu-organoen garapena aktibatzen du.

 

Transplanteak eta birsortze-medikuntza

Transplante bat egiten denean, gaixo dagoen organo edo ehun bat kendu eta ondo dabilen bat jartzen da. Pertsona batetik besterakoa da prozedura, bizirik edo hilda dagoen pertsona izan daiteke emailea

Azken 30 urteotan, medikuntzak eta kirurgia-teknikek pixkanaka izandako hobekuntzen ondorioz, eta profesionalen esperientziari esker, organo eta ehunen transplanteen programak asko garatu dira.

Gaur egun, bizi-organoek (bihotza, gibela, birikak) aurreratutako endekapenezko patologiak dituztenean, erabili daitekeen terapia bakarra organoen transplantea da, eta giltzurrun-gutxiegitasun kronikoaren kasuan, berriz, aukerarik onena da berau.

Hainbat patologiak jotako gaixoen bizi-kalitateak hobera egiten du ehunen transplanteari esker. Azken urteotan, aurrerapen handiak egin dira esparru horretan, hala jarduera handiagoa delako, nola aplikazio terapeutikoak eta lortutako emaitzak hobeak direlako. Besteak beste, kornearen, ehun osteotendinosoaren, azalaren edo mintz amniotikoaren transplanteak gure ospitaletan laguntza-praktika ohikoak dira dagoeneko.

Aitzindari hematopoietikoen transplanteen (hezur-muinaren transplanteen) kopuruak ere gora egin du, eta gero eta emaitza hobeak lortzen dituzten, gero teknika desberdin gehiago erabiliz.

Transplanteekin lotutako zailtasun nagusiak batez ere lehenengo 3-5 urteetan gertatzen dira. Transplantea egin eta 5 urteren ondoren, biziraupena egonkor mantentzen da beste 10 urte edo gehiago. Gaur egun, transplantea jaso dutenen artean biziraupena nahiko altua izaten da.

Transplantaturiko organoa edo ehuna errefusatzea da transplanteetan ematen den arazo nagusietako bat. Errefusatzea bi norabidekoa izan daiteke. Batetik, gaixoak txerto-ehuna errefusatu dezake, baina hartzailearen aurkako txerto-ehunaren erantzun immunitarioa ere gertatu daiteke.

Transplanteen emaitza baloratzeko orduan, organo-hartzailearen bizi-kalitatea zein biziraupena hartu behar dira kontuan.

Azpiegitura eta antolaketa

Oso garrantzitsua da azpimarratzea, organo-transplanteen programak ezinezkoak direla itxarote-zerrendarik gabe (eskaerarik gabe) eta zerrenda horiek emaile egokiak lortzearen mende daudela, izan ere, transplante-programek edonoiz (urteko 365 egunetako 24 orduetan) transplante bat egiteko beharrezkoak diren baliabideak eskura baitituzte.

Bi emaile mota daude:

Bizirik dauden emaileak: Bizirik dagoen pertsona baten organoa jasotzea askoz hobea da hartzailearentzat, txertaketaren mugaeguna edo bizia handiagoa delako, hildako baten organo batekin alderatuta. Emaileak adinez nagusia izan behar du, eta osasun fisiko eta mental ona eduki.

Hildako emailea: Orain arte, trafiko-istripuak ziren hildako emaileen iturri nagusia. Hala ere, azken urteetan, trafiko-istripuen ezbehar-kopuruak zorionez behera egin duenez, organo-emaile izan daitezkeen pertsonen kopurua heren bat murriztu da. Gaur egun, ordea, garuneko hodietako arazoen ondorioz hiltzen diren pertsonek osatzen dute emaile talde nagusia, eta oro har, pertsona zaharragoak izaten direnez, itxarote-zerrendan dauden gazteen transplante-aukerak gutxitu egin dira.

Hilotzen organo-emateari dagokionez, ondokoak dira aintzat hartu beharreko alderdiak: batetik, taldeen antolaketa (goian esan bezala, erabilgarri eta lanerako prest egongo dira beti), eta bestetik, familiak horretarako baimena ematea. Izan ere, Euskadin, organoak ematearen aldeko erantzun-tasa munduko altuenetakoa bada ere, oraindik bada zer hobetua, ezezko erantzunak zerotik ahalik eta gertuen egon daitezen ahalegintzeko.

 

Organo-emaileen datuak Euskal Herrian

Euskadi punta-puntako erkidegoa izan da beti transplanteen esparruan.

2012an, EAEko organo-emateen tasa milioi bat biztanleko 40,6koa eta Nafarroan 18,6koa izan ziren; estatuko batez bestekoa, aldiz, 34,8koa. Horren arabera, 204 gaixok jaso zituzten organoak EAEn (117 giltzurrun-transplante, % 12 emaile bizidunenak, 63 gibel-transplante, 14 bihotz-transplante eta 11 birika-transplante). 2013an, EAEko datuak gorantz joan ziren 43,8, eta Nafarroan berriz igoera nabarmena 24,8.

Gauzak horrela, Euskadi autonomia erkidego aktiboenetako bat dela esan daiteke, eta Europako batezbestekoa nabarmen gainditzen du.

Adibide bat jartzearren, Donostiako Unibertsitate Ospitalea organo-emateen sistemako buru da azken bi hamarkadetan, estatu osoko bere kategoriako ospitaleak aintzat hartuta. Azken hogei urteotan, 550 organo-emaileren langa gainditu du, eta horri esker, 1.565 gaixori transplanteak egin ahal izan zaizkie (926 giltzurrun-transplante, 397 gibel-transplante, 139 bihotz-transplante, 84 birika-transplante eta 19 pankrea-transplante). Horrez gain, 550 hildakoren ehunak eman dira (hezurrak, tendoia, korneak…), eta horiei esker, 851 korneako transplante eta 1.900 ehun osteotendinosoen transplante baino gehiago egin ahal izan dira.

EAEko organo-emateen tasa autonomia erkidegoen arteko aktiboena bada ere eta Europako batezbestekoa aise gainditzen badu ere, organo-emaileen eskasia daukagu. Ez dago inolako mugarik, beti egongo direlako organo-hartzaile eta organo-emaile egoki bat, eta Osasun Publikoak herritarren eskura jarriko baititu beharrezkoak diren baliabide guztiak.

Nerbio-sistema periferikoa (somatikoa) eta sistema autonomoa

Fisiologiaren aldetik begiratuta, nerbio-sistema periferikoa bi zati nagusitan banatzen da: berez periferikoa deritzona (periferiko somatikoa) eta autonomoa.

Sistema periferiko somatikoak kanpoko informazioa (ingurunekoa) jasotzen du eta nerbio-sistema zentralera eramaten du, baita hark emandako aginduak (borondatezkoak, oro har) muskuluei igorri ere, muskuluek behar den erantzuna eman ahal izateko.

Sistema autonomoa (begetatiboa ere deitua) erraien funtzioa erregulatzen duen nerbio-multzoa da. Funtzio automatikoak betetzen dituen nerbio-sail bat da; hau da, ez-borondatezko ekintzak (guk nahi gabe ere egiten direnak) egiten dituen nerbio-saila.

Adibidez, nahita ere inola kontrola ezin genitzakeen bihotz-taupadak erregulatzen ditu, eta berdin egiten du beste organoen zenbait mugimenduarekin ere. Nerbio-sistema autonomoa bitan banatzen da: nerbio-sistema sinpatikoa eta parasinpatikoa.

Nerbio-sistema sinpatikoa. Nerbio-sistema honek erraietako eta odol-basoetako nerbioetan du eragina, eta esan genezake sistema parasinpatikoarekin batera nerbio-sistema bikotea osatzen duela: baten efektuak bestearen aurkakoak dira. Oro har, nerbio-sistema sinpatikoak digestioa moteldu, bihotzaren taupadak azkartu eta odol-basoak uzkurtzen ditu, eta gorputza estres-egoerari aurre egiteko prestatzen du horrela.

Gorputzean zehar dauden eta nerbio-multzoez osatutako gongoilen bidez lan egiten dute nerbio-sistema sinpatikoek. Gongoil horietatik errai guztietaraino ailegatzen diren zuntz batzuk ateratzen dira. Nerbio-sistema parasinpatikoko nerbioak ere iristen dira erraietara, bestalde. Hau da, erraietan, nerbio-sistema sinpatikoko eta parasinpatikoko nerbioak daude. Batzuek eta besteak elkarren kontrako efektuak eragiten dituztenez, sistema batek erraia estimulatzen badu, besteak lasaitu egiten du.

Nerbio-sistema parasinpatikoa. Sistema honen zentroak bi dira: bata entzefaloan dago, eta bestea, berriz, errainezurraren (sakroaren) inguruan.

Bihotz, bronkio, urdail, heste mehar, gibel, area, giltzurrun eta kolonaren lehen ataleraino ailegatzen dira zentro horietatik abiatzen diren nerbioak.

Sistema parasinpatikoaren zentro erregulatzailea entzefaloaren hipotalamoan dago. Sistema parasinpatikoak urdailaren azido-jarioa areagotzen du eta bihotzean, aldiz, taupadak mantsotzea dakar.

Nerbio-sistema zentrala

Nerbio-sistema zentrala entzefaloak eta bizkarrezur-muinak osatzen dute.

1. Entzefaloa

Entzefaloa  gorputz osoaren funtzionamendua erregulatzen duen zentroa da. Entzefaloan honako atal hauek bereizten dira: zerebroa, zerebeloa, bizkarrezur-erraboila, talamoa eta hipotolamoa.

ZerebroaEntzefaloko bolumen handieneko zatia da zerebroa, eta garezur-barrunbearen zatirik handiena betetzen du. Erdi parean ildo sakon bat du, zentroa bi masa simetrikoan banatzen duena; bi garun-hemisferio osatzen ditu ildo horrek.

Zerebroa, entzefaloko gainerako zatiak eta bizkarrezur-muina bezala, meninge izeneko hiru mintzez estalita dago.

Zerebroaren gainazala ez da jarraitua eta sakonune estuz bereizitako zirkunboluzio izeneko toles batzuetan banatuta dago.

Bi eratako materia ikus daiteke zerebroa ebakiz gero: azaleko geruza (kortexa) gai grisa izeneko substantziak eginda, eta sakonago dagoen geruza, gai zurikoa.

Zerebroaren azaleko geruzak garrantzi berezia dauka. Eboluzioan goi-mailan dauden animaliengan (ugaztunengan, eta bereziki gizakiongan) agertzen den zerebroaren zati berezia da azaleko geruza (kortexa). Bertan biltzen eta erregistratzen dira zentzumenetatik eta gorputzaren barne-organoetatik igorritako informazioak. Informazioak aztertu ondoren, bertatik agintzen dira borondatezko mugimenduak eta bertan erlazionatzen dira elkarren artean hara iritsitako informazioak. Azaleko geruza oroimenaz, adimenaz eta borondateaz arduratzen da; hau da, ekintza intelektualak bideratzen ditu.

Jarduera bizi guzti hori dela eta, zerebroak gorputzak erabiltzen duen glukosaren eta oxigenoaren proportzio altua kontsumitzen du (% 20, gutxi gora-behera).

Garunaren azpialdean neurona-sareak (sistema linbikoa) bizirik irauteko senarekin eta emozioekin loturiko erantzunak koordinatzen ditu: plazera, maitemina, sexu-jokabidea, euforia, agresibitatea, penak, etab. Gure jokabidea baldintzatzen du, bizi izan ditugun emozioen memoriaz arduratzen delako.

ZerebeloaZerebroaren atzealdean eta azpialdean dago zerebeloa, bizkarrezur-erraboilaren gainean; mugimenduak koordinatuz gorputzaren orekari eusteaz arduratzea da bere funtzioa. Zerebeloak gorputzaren jarrera eta muskuluen mugimenduak kontrolatzen ditu, eta norberak ikusten eta sentitzen duenaren arabera zehaztasunez doitzen ditu. Zerebeloa da belarriek orekari buruz bidaltzen duten informazioa jasotzen duen organoa. Ibiltzeko behar-beharrezkoa da.

Ikerketetan ikusi izan da animalia bati zerebeloa erauzten zaionean, ez dituela kontrolatzen gorputz-adarren mugimenduak, eta, beraz, kontrolik gabe gelditu balitz bezala erreakzionatzen duel.

Bizkarrezur-errabolila. Bizkarrezur-muinaren zabalgune edo luzakin bat da bizkarrezur-erraboila. Hor daude nahi gabeko funtzioak edo funtzio automatikoak –adibidez arnasketa, bihotzaren funtzionamendua, digestioa…– erregulatzen dituzten zentroak. Bizkarrezur-erraboilak bidaltzen ditu organismoa jardunean mantentzeko seinaleak garunera eta muskuluetara.

Talamoa. Zerebroaren azpian kokatuta dagoen entzefaloaren zatiari deitzen zaio talamoa. Bertatik pasatzen dira, usaimenekoak izan ezik, nerbioen bitartez beste zentzumenetatik datozkigun sentipen guztiak. Horixe baitu funtzio nagusia: zentzumen nerbioek ekarritako estimuluak kortexera transmititzea.

Hipotalamoa. Talamoaren azpian dago, eta janariaren irenstea kontrolatzeaz gainera, beste eginkizun garrantzitsu asko ditu: gorputzeko tenperatura, oreka hidrikoa, odol-presioa (tentsioa deitzen duguna)… kontrolatzen ditu. Hormonen sistema ere kontrolatzen du.

 

2. Bizkarrezur-muina

Bizkarrezur barnetik ornoak zeharkatzen dituen bizkarrezur-hoditik edo kanaletik doan nerbio-kordoiari deitzen zaio bizkarrezur-muina. Entzefaloa gorputzeko gainerako nerbio-sare guztiarekin lotzen du.

Bere funtzio nagusiak bi multzotan bana daitezke:

1. Ingurunetik datozkigun eta organoetako nerbio-bukaera hartzaileek jasotzen dituzten estimulu edo kinadak entzefaloraino transmititzea, alde batetik, eta entzefaloan sortzen diren mugimendu-aginduak horiek gauzatzeko organo eragileetaraino bideratzea, bestetik.

2. Ekintza erreflexuak (ez-borondatezkoak) kontrolatzea. Ekintza erreflexu bat zer den ulertzeko eman dezagun eskua objektu oso bero baten gainean ipini dugula. Ukitu eta berehala, bat-batean, eskua objektu bero horretatik aldendu egingo dugu, pentsatzeko denbora eduki aurretik. Norbaitek begietara putz egiten badigu, begiak itxi egingo ditugu gu horretaz ohartu aurretik. Horiexek dira ekintza erreflexuak; hau da, oharkabean egiten ditugun ekintzak.

Elikadura eta dieta

Elikagai deitzen diegun sustantziei digestioan hainbat eraldaketa (mekanikoak eta kimikoak) gertatzen zaizkie, eta horien ondoren (mantenugai bilakatuta) egoten dira gorputza erabili ahal izateko.

Elikagai eta mantenugai kontzeptuak hala definitzen dira:

  • Elikagaiak ahoratzen (ingeritzen) ditugun materialak (janariak, edariak… ) dira. Hona hemen elikagaien adibide batzuk: barazkiak, frutak, arrautzak, haragia, arraina, esnea, etab.
  • Mantenugaiak, bestalde, elikagaien osagai kimikoak dira; digestioan prestatu, deskonposatu, xurgatu eta zeluletara garraiatzen direnak. Mantenugai sinpleak dira, hain zuzen ere, zeluletako erreakzio metabolikoetan zuzenean parte hartzen dutenak, gorputzari osatzeko eta berriztatzeko behar den materia eta energia ematen diotenak. Mantenugaiak dira, adibidez, ura, gatz mineralak, gluzidoak, bitaminak, koipeak eta proteinak.

Gure gorputzak etengabe behar dituen oinarrizko substantzia horiek modu osasuntsuan eskuratu nahi baditugu, garrantzitsua da gai horiek ongi ezagutzea. Aipa ditzagun mantenugaiek gure organismoan betetzen dituzten funtzioak zein diren:

1. Funtzio plastikoa edo berritzailea

Funtzio hau betetzen duten mantenugaiek ehun berriak eratzen dituzte gure gorputzean, edo daudenak berritu. Giharretan eta hezurretan gertatzen da, besteak beste, prozesu hori. Proteinak eta gatz mineralak dira muskulu eta hezurretan funtzio hau betetzen duten gaiak, hurrenez hurren.

2. Funtzio erregulatzailea

Gure prozesu metabolikoen orekaz arduratzen dira funtzio hau betetzen duten mantenugaiak. Hau da, zeluletako prozesu biokimiko asko kontrolatzen eta laguntzen dituzte. Gatz mineralak eta hainbat proteina dira, hain zuzen, lan hau betetzen dihardutenak. Bitaminek eta zenbait proteinak (entzimak) metabolismoa osatzen duten erreakzio kimikoetan parte hartzen dute. Adibidez, glukosaren errekuntzan, gehiegizko azukrea koipe bihurtzen, giharrak hazteko proteinak sortzen…

3. Funtzio energetikoa

Funtzio hau betetzen duten mantenugaiek gure gorputzak egin beharreko eginkizunak egiteko behar duten energia eskaintzen dute. Gluzidoek (karbohidratoek) eta koipeek betetzen dute funtzio hori.

Gluzidoek (glukosa da arruntena) etengabe eta berehala behar duten energia eskaintzen diote gorputzari. Koipeek, proportzioan, gluzidoek baino energia gehiago dute eta, hortaz, oso baliagarriak dira gluzido sobera barneratu ditugunean energia metatzeko. Izan ere, sobera dugun energia guztia gluzido gisa metatuko bagenu, gure gorputzaren tamaina ikaragarria litzateke!

Baina, zer eta nola jan behar dugu, gure dieta orekatua izan dadin?

Galdera horri erantzuteko, dagoeneko gorputzeko zelula guztiek beharrezkoak dituzten mantenugaiak zein diren eta zer funtzio betetzen duten aipatu dugu aurreko puntuetan. Mantenugai horiek elikagaietan nola banatzen diren ere aztertu duzu. Zer jan behar duzun garbi izango duzu, orduan: denetik bere neurrian, mantenugai guztiak eskuratzeko.

Oro har, esan genezake norberaren gorputzak ondo funtzionatzeko eta osasuntsu egoteko bi gauza izan behar dituzula kontutan: zer jaten duzun eta nola jaten duzun. Hona hemen gorputzak ondo funtzionatzeko eta osasuntsu egoteko egokiak izan daitezkeen sei aholku:

1. Egunean zeharreko otorduak errespetatzea garrantzizkoa da.

2. Digestioa ondo egiteko, oso komenigarria da astiro jatea eta elikagaiak ondo murtxikatzea.

3. Hartzen duzun dietak orekatua eta elikagai mota askotarikoa izan behar du.

4. Zure dieta antolatzerakoan, barazki eta fruta ugari hartzea komeni dela kontuan hartu.

5. Edari gozoen (freskagarriak eta), koipeen, gozokien eta edari aholkudunen kontsumoa saihestu.

6. Erabilitako gatz kopurua kontrolatu.

7. Ur asko edan.

Zure adineko gazte batek 3.000-3.500 kilokaloria kontsumitu behar ditu egunean; eta dieta orekatu batean, egunero, 100 g inguru proteina, 80 g inguru koipe, 400 g inguru karbohidrato. Horrez gain, janariek dauzkaten bitaminak eta gatz mineralak kontsumitu beharko zenituzke, eta ura edan.

Nutrizioa

Nutrizioari buruz zera esan dezakegu: bizi-funtzio horren bidez, gizakiaren gorputzak substantziak (solidoak, likidoak eta gasak) hartzen ditu kanpotik, bere barnean behar bezala eraldatzen ditu eta eraldaketa horietan sortutako beste zenbait substantzia (hondakinak) gorputzetik kanpora ateratzen ditu. Ingurunearekin materia- eta energia-trukea dagoela esan nahi du horrek; izan ere, gizakiek, bizidun guztien antzera, beharrezkoa dute materia eta energia bizirik irauteko, behar bezala funtzionatzeko, hazteko, mugitzeko, gorputzeko tenperaturari eusteko, etab.

Azpimarratzekoa da gizakiok, heterotrofoak izanik, kanpotik hartzen ditugula elikagaiak; hau da, nutrizio mota hori duten gainerako bizidunek bezala, ezin dugula guk geuk nutrienterik edo mantenugairik (molekula organikorik) ekoiztu, eta beste bizidun batzuk ekoitzitakoak (landareak, animaliak…) erabiltzen ditugula.

Elikagaiak osatzen dituzten substantzietako batzuk ezinbestekoak dira gure gorputzarentzat. Oinarrizko osagai horiei mantenugai edo nutriente deritzogu. Gluzidoak, koipeak (lipidoak), proteinak (protidoak), ura, gatz mineralak eta bitaminak dira osagai horiek. Beste osagai asko, ordea, ez dira behar-beharrezkoak. Badago beste substantzia-talde bat ere, digeritu ezin ditugun substantziek osatutakoa: gorputzek gorozki gisa kanporatzen dituzten substantziak, alegia.

Nutrizioan, nutrizio-prozesuan, gure gorputzak behar dituen mantenugaiak ateratzen ditu elikagaietatik, eta horiek eraldatu ondoren, gorputz-egituretara bideratzen ditu. Horretarako, digestioa xurgatu eta hainbat prozesu jasaten dituzte elikagaiek metabolismo zelularra egin bitartean. Nutrizio-prozesu horiek gure borondatetik at daude, guk nahigabe ere gorputzak egiten dituen ekintzak dira.

Elikatze hitzak, ordea, elikagaiak hartzea eta irenstea esan nahi du, eta, borondatezkoa denez, lotura estua du tokian tokiko ohiturekin eta kulturarekin. Elikaduraren kontzeptua nutrizioarena baino mugatuagoa dela esan genezake, oro har. Aurretik aipatu bezala, elikatzea elikagaiak hartzea eta irenstea da, baina bizidun baten nutrizioak (behar dituen mantenugai edo nutrienteak bereganatzeak) beste hainbat prozeduraren beharra du.

Adrenalina

Adrenalina (epinefrina ere deitzen zaio), giltzurrun gaineko guruinek jariatutako hormona da, C9H13NO3 formula duena.

Hormona izateaz gain, adrenalina neurotransmisorea ere bada; hots, neuronen artean edo neurona bat eta beste zelula baten artean mezu elektrikoak transmititzen ditu.

XIX. mendearen amaieran aurkitu zuten, eta bere sintesi kimikoa 1904. urtean lortu zuen Friedrich Stolz-ek.

Adrenalinak sortzen dituen efektuak oso anitzak dira, eta nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioak eragiten dituenaren antzekoak. Zilegi da esatea adrenalinak organismoa prestatzen duela alarma egoera bati erantzun azkarra emateko (esaterako, arrisku baten aurrean animaliek arreta eta esfortzu fisiko handia egin behar dutenean).

Eragiten dituen aldaketa fisiologikoen artean hauek dira aipagarrienak:

  • odoleko glukosa maila igotzen du; horretarako, gibelean eta giharretan dagoen glukogenoa erabiltzen du.
  • bihotz-taupadak azkartzen ditu, erritmo kardiakoa handituz.
  • odol-zirkulazioa bizkortzen du; ondorioz, odol gehiago iristen da giharretara.
  • begi-ninien dilatazioa eragiten du, ikusmena hobetuz.
  • arnasketaren erritmoa azkartzen du.
  • oxigenoaren kontsumoa areagotzen du.

Laburbilduz, arnasketaren eta erritmo kardiakoaren aldaketek eta glukosaren zein oxigenoaren ekarpenak giharrei prozesu katabolikoen areagotzea eragiten diete, energia gehiago agertuz. Arrisku baten aurrean giharrek behar duten energia eskura izaten dute adrenalinari esker.

Gizakion nutrizioa

Gizakiok digestioaren bitartez bihurtzen ditugu janariak asimilagarri gure gorputzerako, baina hori gure nutrizioaren atal bat besterik ez da.

Mantenugaiak, energia-iturri bihurtzeko, oxigenoarekin erre behar dira zeluletan (zeluletako metabolismoa). Oxigeno hori lortzeko, arnas aparatuak arnasa hartzen du. Zirkulazio-aparatuak, bere aldetik, oxigenoa eta mantenugaiak eramaten ditu zeluletara.

Zeluletan gertatzen da mantenugaien errekuntza edo konbustioa. Horrek sorten du gorputzak beharrezko duen energia. Baina errekuntza horretan hondakinak sortzen dira, eta hondakin horiek gorputzetik kanporatzeko dugu iraitz-aparatua (aparatu escretorea).

Prozesu hori zehatzago ulertzeko, eta aparatuak koordinatuta lan egiten dutela ikusteko, hiru fase aipatuko ditugu: elikagaien garraioa, zeluletako metabolismoa eta hondakinen kanporatzea.

Elikagaien garraioa

Mantenugaiak hesteetatik odolera pasatzen dira, eta odolak garraiatzen ditu gorputzeko zelula guztietara. Odolak, bestalde, arnas aparatuak biriketan jasotako oxigenoa ere garraiatzen du. Mantenugaiak odolaren plasman egoten dira eta oxigenoa, berriz, globulu gorrietan.

Zeluletako metabolismoa

Zirkulazio-aparatuaren bidez, odola gorputzeko zelula denetara era bakoitzera iristen da. Zelularen barnean mantenugaiek oxigenoarekin erreakzionatzen dute (mantenugaien zelula barneko errekuntza). Errekuntza horretan sortzen da zelulak lan egiteko beharrezko duen energia, baina hondakinak ere sortzen dira, bide batez. Erreakzioan sortutako hondakin horiek (urea, azido urikoa, karbono dioxidoa…) pilatzen direnean, toxikoak bihurtzen dira zelulentzat, eta zelulek kanporatu egin behar dituzte. Zeluletan gertatzen den aldaketa horri deitzen zaio zeluletako metabolismoa.

Hondakinen kanporatzea

Zeluletako metabolismoak hondakinak sortzen ditu, eta hondakin horiek odolera pasatzen dira. Hondakin horietako bat, karbono dioxidoa, odoleko globulu gorrietara pasatzen da, eta  zirkulazio-aparatuaren bidez, biriketara heldu. Arnasketan, odolak karbono dioxidoa kanporatu eta oxigenoa jasotzen du.

Zeluletan sortutako gainerako hondakinak, zirkulazio-aparatuaren bidez, giltzurrunetara heltzen dira, eta urarekin batera, gernua osatzen dute. Gernu hori ureterretatik kanporatu, maskurian pilatu eta kanpora isurtzen dugu pixa egiten dugunean.

Laburtuz, gure gorputzaren nutrizioa ez da elikatzea bakarrik, prozesua konplexuagoa da. Nutrizioan, jateaz gain, elikagaien garraioa, zelulen metabolismoa, han sortutako hondakinen kanporaketa eta gasen trukaketa ere gertatzen dira.

Zentzumenak zaintzeko aholkuak

Zentzumenen bidez inguruko informazioa jasotzen dugunez, zentzumenak kaltetzen dituzten bizi-ohiturak ekiditen ahalegindu behar gara. Jarraian gomendioetako batzuk dituzu:

Dastamena:  Janari oso hotzak edo oso beroak kaltetu dezakete dastamena. Arnasa ahotik hartzerakoan mingaina lehortzen da eta dastamenean eragin dezake. Alkoholak eta tabakoak dastamenaren gaitasuna gutxitzen dute, eta oro har, ahoa eta hortzen garbiketa sistematikoak dastamen osasuntsua mantentzen laguntzen du.

Entzumena: Entzumena kaltetzen duten hainbat ohitura aipatzen dute adituek:

  1. Belarriaren barruan ez sartu objekturik (giltzak, arkatzak…).
  2. Zarata handiko gune eta uneak ekidin (petardoak…).
  3. MP3, aurikularrak eta antzeko tresnak ahal den gutxien erabili, entzumen gaitasuna murrizten dute.
  4. Belarria garbitzeko itsas ura erabili. Ez sartu kotoia duen makila belarriaren barruan. Kanpoaldetik toalla muturrarekin garbitu.

Ikusmena:  Ikusmena osasuntsu izateko askotan garatzen ditugun hainbat ohitura ekidin beharko genituzke:

  1. Argitasun gutxirekin irakurri edota lanean aritu (miopia sortarazten du).
  2. Argitasun handitik babestu behar gara.
  3. Hizki oso txikiak dituzten liburuak ez irakurri denbora luzean.
  4. Irakurtzerakoan gutxienez 20 cm-tako tartea utzi.
  5. Ordenagailua edo antzeko tresnen aurrean denbora  asko ez igaro, ikusmena asko nekatzen du.
  6. Esku zikinekin ez ukitu begiak.

Ukimena: Ukimen osasuntsua izateko garbitasuna eta higieneko ohiturak erregularki mantentzea aholkatzen dute adituek.

Usaimena: Usaimena osasuntsu mantentzeko sudurrean objekturik ez sartu kaltegarria baita, hautsa, kea edota holako substantziak ekidin edota hauen aurrean sudurra babestu. Sudurra erregularki garbitzea (mukiak kendu…) garrantzitsua da usaimen ona izateko.

Entzumena

Entzumena da gure inguruko soinuak jasotzen dituen zentzumena.

Hotsak airean zehar belarriraino iristen dira eta, gero, belarriko zulotik tinpanoraino. Tinpanoa mintz bat da eta, hots-uhinek kolpatzen dutenean, bibratu egiten du. Bibrazio horrek belarri barruan dauden hiru hezurtxo (mailua, ingudea eta estriboa) mugitzen ditu. Hezur txiki horiek kokleara bidaltzen dituzte soinu-uhinak. Koklea nerbio batzuei lotuta dago eta nerbioek garunera bidaltzen dituzte seinaleak, garunak seinale horiek interpreta ditzan.