Antzinako Txina

Txinatarren lehenengo aztarnak K.a. 10000 urteko ingurukoak badira ere, lehenengo herriak Ibai Horiaren ertzean kokatu ziren K.a. 2000 urte inguruan. Badirudi lurraldea hainbat herriz osatutako sare bat zela. Lurralde haietan zenbait errege zeuden, batzuek besteak baino indartsuagoak. Bi milurtekotan dinastia indartsuak agindu zuten, K.o. 220n Hang dinastiako azken enperadore Cao Cao, boteretik bota zuten arte, Txina hirutan zatitan banatuz.

Antzinako Txina: bilakaera historikoa

Lehen bi milurtekoetan Xia eta Shang dinastia indartsuak izan ziren agintean.

K.a. 1100-220 urteen artean, Zhou dinastiari esker, hiriak ugaritzen hasi ziren eta merkataritza ere indartu zen. Tarte horretan Txina estatu handien elkarte bat zen, eta lurraldeetako agintariek erregeari leialtasuna zioten. Gizartea klasetan banatzen hasi zen.

Qin dinastia izan zen Txina osoaren batasuna lortu zuen lehena, K.a. 221ean. Beren burua enperadoretzat hartuta, lurralde zentralizatua eta indartsua lortu zuten. Shi Huangdik (lehen enperadorea) lehen dinastia inperiala sortu zuen. Neurriak eta pisuak batu ziren eta idazkera ere batu zituen. Legeak eta erakundeak sortu zituen eta txanpon bakarra ezarri. Aristokrazia feudalaren boterea murriztu zuen, bideak eta ubideak eraiki eta nekazaritza hobetu ureztatze- eta drainatze-sistemak ezarriz. Txina babesteko Harresi Handia eraikitzen hasi zen.

Ondoren, K.a. 206an Han dinastia iritsi zen agintera. Dinastia hark laurehun urte luzetan agindu zuen K.o. 220 arte. Konfuzionismoan oinarritutako estatu bat sortzen saiatu ziren baina ez zuen lortu. Munduko inperiorik boteretsuena bihurtu zen Txina, Erromatar Inperioa bezain handia. Onura ekonomiko eta kultural handiko epea izan zen hura, eskolak, ubideak eta hiri ugari sortu ziren eta merkataritza eta kanpo-harremanak suspertu ziren.

Dinastia amaieran militarrekin izandako liskarrek Han dinastiako enperadorea boteretik bota zuten K.o. 220an eta Txina zatitzera eraman zuten. Ezegonkortasuna K.o. 304tik aurrera areagotu egin zen eta Txinako batasuna berriro hautsi zen. Jin dinastiako enperadoreek Txina osoa bildu zuten berriro, eta 420. urtea arte agindu zuten. Gerrateak eta gatazkak, ordea, amaigabeak izaten jarraitu zuten eta, azkenik, Sui dinastiak beste etsai guztiak garaitu eta laurehun urteko ezegonkortasunari amaiera eman zion. Horrela amaitu zen Txinako inperio zaharra, 589an.

Utzi erantzuna