Aro Modernoko gizarte-antolamendua: hirugarren estamentua

Oso gizarte talde desberdina zen. Talde horretan sartzen ziren, adibidez, bai burgesik aberatsenak, bai nekazaririk apalenak. Ezaugarri hauek zituzten den-denek: ezin zuten kargu politikorik izan; ez zuten inolako pribilegiorik; eta estatuko ia gastu guztiak haien zergen bidez ordaintzen ziren. Hirugarren estamentuaren barruan, goi-burgesia talde berezia zen: burges garrantzitsuenek osatzen zuten, eta eragin handiko oso talde boteretsu bilakatu zen. Kasu batzuetan, nobleziaren parekoa izan zela esan daiteke.

Merkataritzak eta hiriak handitzeak burgesiaren eragina hazi egin zuen. Bereziki Europa iparraldean, baina baita Euskal lurraldeetan ere, artisau eta merkatarien kopuruak eta garrantziak gora egin zuen. Talde horretan sartzen ziren, aipatutakoaz gainera, bankariak, lantegi-jabeak, inbertsiogileak, errege etxean administrari-lanetan zihardutenak, legegizonak… Burgesiari dagokionez, batzuetan emakumeak ere aritzen ziren jarduera zehatz batzuetan, adibidez, oihalgintza eta garraio-lanetan. Horiekin batera aipatzekoak ziren, alargundu ondoren haien senar ohien lanbideekin jarraitu zuten emakumeak.

Mendeek aurrera egin ahala, bi gauza eskatu zituen burgesiak: batetik, nobleziaren pribilegioak ezeztatzea; eta bestetik, beraiek bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea izatea. Burgesia botere ekonomikoaren jabe bihurtu zen hainbat gunetan, baina, hirugarren estamentukoak zirenez, herrialde gehienetan burgesek ez zituzten hainbat kargu eta pribilegio jaso. Dena den, noble txirotuekin ezkonduz edo erregeari, diru-beharrean zegoenean, tituluak erosiz, noble bihurtu ziren asko eta asko.

Baina hirietako biztanle gehienak behe-mailako eskulangileak ziren.

Nekazaritza zen ekonomiaren oinarri nagusia, eta lurraren jabetza gizartea antolatzeko irizpide nagusietakoa. Bestalde, iraupen-ekonomiaren barruan nekazariek zuten egoera oso desberdina zen lur-jabea, maizterra edo jornaleroa izan. Europako lurraldeetan, lurren jabetza oso esku gutxitan bilduta zegoen; noble eta erakunde erlijiosoen eskuetan gehienbat, baina euskal lurraldeetan batez ere, lurren jabetza oso sakabanatua zegoen. Batzuk lur-jabeak ziren eta besteak maizterrak.

Lur-jabe ugari egoteak lurren hedadura txikia izatea eragin zuen. Horrek bi ondorio izan zituen: alde batetik nekazari haiek beste jarduera batzuekin osatu behar izatea haien jarduerak (burdinoletan, adibidez). Eta bestetik, maiorazkoaren sistemaren bidez lurren jabetza gero eta esku gutxiagotara biltzeko joera. Nekazari maizterren egoera, bestalde, okertu egiten zen krisi garaian, presio handia egiten zietelako lur-jabeek, jauntxoak oro har, errentak igota.

Horren guztiaren ondorioz, nekazari askok emigratu egin behar izaten zuen, Amerikara, Iberiar penintsula erdialdera, hirietara… Era berean, egoera okertze horrek XVII. mendean matxinada ugari eragin zituen.

Utzi erantzuna