Mantuko materialak oso tenperatura altuan eta presiopean egoten dira, eta magma izeneko harrimultzo urtua osatzen dute. Urtutako arroka horiek gora igotzeko, hau da, lurrazaletik kanpora irteteko joera dute pitzadura bat aurkitu eta sumendiak eratzen dituztenean. Mantutik igotako magma hori hozten denean, arroka magmatikoak eratzen dira.
Arroka magmatiko hauen artean, bi motatakoak aipa genitzake: bolkanikoak eta plutonikoak.
- Arroka bolkanikoak
Arroka magmatiko batzuk lurrazaleko kanpoaldean eta bat-batean hozten dira sumendiaren ahotik irtendakoan. Horrela osatzen dira arroka bolkanikoak.
- Arroka plutonikoak
Beste arroka mota batzuk, ordea, ez dira lurrazaleko kanpoaldean isuritako magmarekin osatzen. Kasu hauetan, magma lurraren barnean geratzen da, eta bertan poliki-poliki hoztu eta solidotzen. Horrela osatutako arrokei arroka plutoniko deritze, eta, askotan, kristal ederrak izaten dituzte arroka poliki-poliki hozten ari den bitartean osatuak.