Atmosfera

atmosfera-aurrebista.jpg

Atmosfera da Lurra inguratzen duen gas-geruza: lurrazalean kokatzen garen izakiok inguratzen gaituen gas-itsaso baten modukoa da. Atmosferari esker, Lurra berezia da eguzki-sistemako gainerako planeten artean: oxigeno (O2) gasaren gordailua da, bertan erabakitzen da planetako eguraldia eta izpi kaltegarriak iragazten ditu.

Atmosferaren osagaia airea da. Airea hainbat gasen nahaste homogeneoa da; osagai nagusiak nitrogenoa (% 78) eta oxigenoa (% 21) dira. Gainerako % 1 argonak, karbono dioxidoak, ur-lurrunak, hidrogenoak eta beste gas batzuek osatzen dute. Aire horrek presioa egiten du planeta guztiaren gain (gas horiek, materia direnez, masa dute eta masa horrek presioa eragiten du). Presio horri presio atmosferikoa esaten zaio.

Atmosferak eragin nabarmena du kliman: haizea, adibidez, atmosferako presio-aldeengatik sortzen da eta hodeiak, berriz, atmosferan dagoen hezetasun eta tenperaturaren aldeak eragiten ditu.

Atmosferaren osaketa eta tenperatura aldatu egiten dira altuera aldatzeaz bat. Mendizaleek, esaterako, hotzaren eta oxigeno-faltaren aurrean, neurri bereziak hartu behar izaten dituzte, garaiera handiko lekuetara iristen direnean.

Atmosfera, bere aldetik, hainbat geruzatan banatzen da:

•  Troposfera: lurrazalarekin kontaktuan dagoen geruza da eta, batez beste, 12 km-ko altuerara iristen da. Geruza horretan daude bizidunak (biosfera) eta bertan erabakitzen da eguraldia.

•  Estratosfera: atmosferaren bigarren geruza da eta 12. km-tik 50. km-ra hedatzen da; estratosferan dago izpi ultramoreak iragazten dituen ozono-geruza.

•  Mesosfera: 50. km-tik 80 km arteko altuerara iristen den geruza da; espaziotik datozen meteoritoak geruza horretan desegiten dira eta izar iheskorrak sortzen.

•  Termosfera edo ionosfera: 80. km-tik 500. km-ra hedatzen den geruza da. Termosferan Eguzkitik datozen gamma eta X izpiek ioi bihurtzen dituzte atmosferako atomoak. Irrati-uhinak geruza horretan islatzen dira eta komunikazio-sateliteak ere bertan mugitzen dira.

•  Metasfera edo exosfera: Atmosferako azken geruza da, 500. km-tik gora hedatzen da eta bertako gasen konposizioa oso bestelakoa da troposferakoaren aldean: osagai nagusia atomo arinak dira; nagusiki, hidrogenoa.

Atmosferaren konposizioa konstantea izan ez bada ere historian zehar, oreka baten barruan egon da beti, naturak dituen mekanismoei esker. Gizakiak XIX. mendean egindako iraultza industrialarekin batera, atmosferaren oreka apurtzen hasi zen, gas-isuriak gero eta handiagoak zirelako. Atmosferak baliatu izan dituen autorregulazio-mekanismoek gaur egun ezin diete jada aurre egin isurtzen diren gas guztiei eta, ondorioz, airearen gero eta kutsadura larriagoa daukagu. Kutsadurak eragindako ondorio larrienetakoak berotegi efektua, ozono-geruzaren zuloa eta euri azidoa dira.

Utzi erantzuna