Planeta izena ematen zaie izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroei. Eguzki-sistemak zortzi planeta ditu; ondorengo hauek, Eguzkitik gertuen dagoenetik hasita: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.
Eguzki-sistemako planetak, kokapena nahiz osaketa kontuan hartuta, bi multzotan banatzen dira:
- Barneko planetak edo planeta telurikoak (Lurraren antzekoak). Eguzkitik hurbilen daudenak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte. Tamaina nahikoa txikiko eta dentsitate handiko planetak dira.
- Kanpoko planetak edo planeta jobianoak (Jupiterren antzekoak). Gainerako guztiak: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Erradio (eta tamaina) handiko eta dentsitate baxuko planetak dira.
Zenbat eta Eguzkitik urrunago egon, orduan eta handiagoa da planeten orbita; bai eta, ondorioz, itzulia egiteko behar duten denbora ere. Orbitak eliptikoak direnez gero, aldatu egiten da planeten eta Eguzkiaren arteko distantzia. Orbita bakoitzean, Eguzkitik gertuen dagoen puntuari afelioa deritzo eta Eguzkitik urrutien dagoenari, perihelioa.