Eredu geozentrikoa

Valoracion: 
Average: 4.8 (248 votes)

Antzinako zibilizazioetatik hasita, unibertsoaren interpretazio ugari egin dira historian. Hasiera batean, Lurra laua zela uste zen, Eguzkia eta Ilargia itsasotik ateratzen zirela eta itsasoan sartzen. Bost izar (planeta) ez, beste guztien arteko posizioa finkoa zen eta konstelazioetan elkartzen ziren. Bost “izar” horiek (planetak), berriz, nor bere abiaduran mugitzen ziren ortzian barrena.

IV. mendean K.a., teoria geozentrikoa (geo = lurra) proposatu zuen Aristotelesek; horren bidez, ortzian ikusten zituen mugimenduen azalpena ematen saiatu zen. Eredu horrek Lurra unibertsoaren erdigunean kokatzen du, inguruan zortzi esfera dituela. Lehen zazpi esferetan, zazpi “planetak” kokatzen ditu, hurrengo ordenan antolatuta gertuenetik urrunenera: Ilargia, Merkurio, Artizarra, Eguzkia, Marte, Jupiter eta Saturno. Azken geruzan, izarrak daude, elkarren arteko posizio berean beti eta denak batera biraka mugitzen.

Geroago ―II. mendean K.o.― Ptolomeok osatu egin zuen eredu geozentrikoa. Planeten higidura ez zela zirkularra ikusi ondoren, Ptolomeok proposatu zuen planetek epiziklo bat osatzen zutela; hau da, zentro mugikorreko higidura zirkularra egiten zutela. Planeten mugimendua Aristotelesek baino hobeto azaldu arren, teoria honek oso sistema konplikatua izaten jarraitzen zuen: 80 epiziklo baino gehiago zituen guztira eta metodo komunik ez zuen, planeta guztien mugimendua azaltzeko.