Haizeak

haizeak-aurrebista.jpg

Lurrazaleko zenbait lekutan behe-presioak egon daitezke eta beste batzuetan goi-presioak. Hau da, presio ezberdina duten inguruak aurki ditzakegu lurrazalaren zenbait lekutan. Dena dela, atmosferak badu leku horien arteko presioak berdintzeko joera; horregatik aire-multzoak mugitu egiten dira goi-presioak dauden aldeetatik behe-presioak dauden aldeetara. Airearen mugimendu horri haizea deitzen diogu. Hor beheko eskeman atmosferaren sekzio bertikal bat ikus dezakezu, atmosfera labana batez goitik behera ebaki bagenu bezala. Bertan ikus liteke nola sortzen diren haizeak.

Baina atmosferaren sekzio bertikal hori ez da nahikoa, haizearen norabidea behar bezala ezagutzeko. Ikus dezagun orain zer gertatzen den hori bera goialdetik ikusiko bagenu. Lurrazalari goitik begiratzen badiogu, eta bertan lehen aipatu ditugun isobarak markatu, eguraldi-mapen antzeko zerbait lortuko dugu. Baina nondik nora joaten da haizea? Nola jakin dezakegu hori? Haizeak lurrazalean egiten duen mugimendu hori ez da goi-presioak dauden lekuetatik zuzenean egiten behe-presioak daudenetara. Gogoan izan behar dugu Lurra biraka dabilela bere ardatzaren inguruan eta, Lurrarekin batera, biraka dabiltzala atmosferako gasak ere. Horren ondorioz, haizearen norabidea zurrunbilo baten joaten da. Zurrunbilo hori eskuinaldera doa ipar-hemisferioan eta ezkerretara, hego-hemisferioan. Horregatik, goi-presioak dauden lekuetatik abiatzen diren haizeek, erlojuaren orratzek egiten duten mugimendu bera egiten dute ipar hemisferioan. Behe-presioak dauden aldeetan, aldiz, haizeek zurrunbiloaren barruan hartzen duten mugimendua alderantzizkoa da. Hori dena argi ikus dezakezu goiko eskema horretan.

Eguraldi-mapa bat begi aurrean dugunean, bertan suma dezakegu haizeei buruz aipatutako hori guztia. Horrez gain, haizeak izango duen indarra ere ikus daiteke, isobarei esker. Zenbat eta elkartuagoak egon isobarak, hainbat eta haize zakarragoa izango da eta, alderantziz, elkarrengandik zenbat eta urrunago egon isobarak, hainbat eta ahulagoa, haizea. Haizearen indarra neurtzeko, anemometroa erabiltzen dute meteorologoek; norabidea ezagutzeko, berriz, kanpandorreetan hain ugariak diren haize-orratzak.

Utzi erantzuna