Urez osatutako Lurraren geruza da hidrosfera. Planetako azaleraren hiru laurdenak hartzen ditu; horregatik, hidrosfera da Lurra beste planetetatik bereizten duen ezaugarria, izan ere espaziotik behatuta, gure planeta urdina ikusten da, hidrosferari esker.
Lurrean ura, eskuarki, hiru agregazio-egoeratan aurkitzen da: solidoa, likidoa eta gasa. Zatirik handiena likido-egoeran dago: itsasoetan, ibaietan eta lurpean. Solido-egoeran dagoen zatia txikiagoa da: kasko polarretan eta glaziarretan dago, nagusiki. Gas-egoeran dagoen zatia, azkenik, atmosferan dago, lurrunduta, eta zatirik txikiena da.
Lurrean gertatzen diren tenperatura-aldaketen ondorioz, ura erraz igarotzen da agregazio-egoera batetik bestera eta, gainera, planeta osoan zehar mugitzen da; horrela osatzen da uraren zikloa. Ura da planetan mugitzen den substantzia ugariena, eta eragin handia du kliman eta erliebeen sorreran. Azken batean, planetako ur-kantitatea konstantea denez, urak ziklo itxia betetzen du.
Ura ezinbesteko osagaia da bizidun guztientzat: bizitza bera ere uretan sortu zen. Lurreko urak bi multzo nagusitan sailka genitzake: ur gaziak eta ur gezak . Hidrosferako ur-multzo handiena itsasoetan dagoenez, ur gazia guztiaren % 94 da. Geratzen den % 6a ur geza da eta berori da izaki bizidun gehienok, itsasokoek izan ezik, kontsumi dezakeguna. Ur geza kontinenteetan aurkitzen da.
Ur geza kopuru mugatuan dago, beraz; baina gizakiok gero eta erabilera handiagoa ematen diogunez, ondasun urria bihurtu da. Hori dela-eta, istiluak sortu izan dira zenbait herrialderen artean, ur gezaren kontura; adibidez, Sudan eta Egiptoren artean, Niloko uren harira; edota Aragoi eta Valentzia zein Murtziaren artean, Ebroko uren harira. Gizartearen garapenak uraren kontsumoa handitzeaz gain, gero eta ur gehiago kutsatzea ekarri du. Arazo horri aurre egiteko, ur-araztegiak eraiki dira leku askotan (Euskal Herriko herri gehienetan, adibidez), erabilitako urak, naturari itzultzerakoan, ahalik eta egoera onenean egon daitezen.