Klima epeleko basoen etorkizuna

Valoracion: 
Average: 3.4 (492 votes)

Klima epeleko basoa izan da gizakiak gehien aldatu duen bioma. Gizakia klima tropikalean eta sabanan sortu bazen ere, oso laster hasi zen bioma hori eraldatzen, nekazaritza zabalduz joan zen heinean bereziki. Horregatik, eta salbuespenak salbuespen, bioma gisa desagertu egin dela esan dezakegu.

Europako mendebaldea eta erdialdea, 5. milurtekora arte (K.a.), baso erraldoia zen. Baina garai horretan nekazaritza eta abeltzaintza sartu ziren eta, horretarako, basoari kendu zioten lurra. Prozesu hori areagotu egin zen Erdi Aroan, XI. mendetik aurrera, basoa hainbat eta hainbat gauzatarako erabili zenean: etxeak, altzariak eta lan-tresnak egiteko, egur-ikatza egiteko… (Euskal Herriaren historian hor ditugu, adibide gisa, ikazkinak eta olagizonak). Horrez gain, basotik lortzen ziren gizakien elikagaiak ere. Basoen ustiapen sakon horrek, basoaren beraren desagertzea ekarri du.

Haien tokian, gaur mugarik gabeko lursail-sistemak, animalien bazkaleku diren belardiak, edota helburu ekonomikoz egindako zuhaitz-landaketak ikus ditzakegu. Horren adibide nabarmena Euskal Herriko pinudiak dira.

Gizakiaren ikuspegitik, baso horien desagertzeak mesede ekonomikoak ekarri dizkie munduko estatu garatu eta aberatsenei, baso horien lekuetan baitaude kokatuta. Baina etorkizunean ez dakigu zer ondorio ekologiko ekar dezakeen horrek guztiak.