Mesozoikoaren amaieran, orain 65,5 milioi urte, Mexikoko Yucatán penintsulan, uste denez, asteroide bat erori zen. Talka hark bizidun askoren desagertzea ekarri zuen, bai zuzenean talka hartan askatutako energiagatik, bai eta talkaren ondorioz gertatu zen tenperatura-jaitsieragatik ere: talkaren ondorioz sortu zen hauts-lainoak, izan ere, espaziora bidaltzen baitzituen eguzki-izpiak.
Asteroidearen ustezko talka horren froga dira, alde batetik, Yucatánen dagoen kraterra, eta, bestetik, planeta guztian aurki daitekeen eta aro horri dagokion sedimentu-geruza berezi bat, iridiotan aberatsa. Iridioaren kontzentrazioa, oro har, oso txikia da Lurrean eta, geruza berezi hori aztertzean, ikusi ahal izan da aro horretan iridioaren kontzentrazioa bat-batean asko handitu zela. Iridio-geruza horren arrasto edo aztarna onenetakoa Zumaiako flysch-ean aurkitzen da.