Metal Aroa euskal lurraldeetan: gizartea

Valoracion: 
Average: 3.5 (5938 votes)

Gizarte-antolaketa

Baliteke gure artean Neolito-Metal Aroetan leinu, tribu edo antzeko giza taldetan antolatuta egotea. Leinuak edo tribuak giza talde antolatuak ziren, maiz leinu bereko kideen artean senidetza loturak ere izaten ziren. Leinu bat osatzen zuten pertsonen kopurua agian ez zen oso handia; hala ere, lurralde-eremu nahiko handiaren kontrola izan zezakeen. Erromatar garaiko leinuen lurraldea, esate baterako baskoiena, edo autrigoiena, Bizkaiko golkotik Ebro alderaino iristen zen, eta klima atlantikoko zein mediterraneoko eremuak biltzen zituen.

Garai hartan Europa mendebaldeko eta erdialdeko hainbat giza talde hona iristeak (K.a. bigarren milurtekoa bukatzear), bertako biztanlerian eragin zuen, eta gizarte konplexuagoak sortu. Garai haiek, dirudienez, ez ziren oso baketsuak izan; izan ere, sortu ziren herrixka gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; garai hartako aztarnategien sakabanaketak argi uzten du biztanleak lurralde osoan barreiatuta zeudela. Euskal Herriko isurialde bietan aurkitu dira herrixkak.

Jabetza

Lurren jabetze prozesuak aurrera egin zuen eta gatazka-motibo bilakatu. Zenbat eta lur eta abere gehiago eduki, orduan eta aberatsagoa eta boteretsuagoa izango zen lur-jabea. La Hoya herrixkan zeuden hainbat eratako etxeek adierazten dute bazela gizartean nolabaiteko mailaketa bat.

Herriak

Garai haietako herrixkak harresiz inguratuta agertzen dira, gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; erraz defendatzeko asmoarekin eraiki ziren, erliebegunerik aproposenak hobesten baitzituzten harresi egokiak altxatzeko. Horretarako, harria, lurra eta zura erabiltzen zuten.

Arabako eta Nafarroako biztanleria, oro har, herrixka harresituetan bizi zen. Garaiera gutxiko muinoetan eraikitzen ziren herrixkak, ibaietatik eta iturburuetatik hurbil. Halakoetan, herrixken urbanismoan (kaleen egituran) nolabaiteko antolakuntza antzeman daiteke.

Bizilekuak

Etxeak lurra sakonduz egiten ziren. Etxe mota horri ikertzaileek etxola-hondoa deitzen diote, bi oinplanori jarraituz eraiki zituzten: laukizuzenak edo antzekoak, eta zirkularrak (Araban, bakarrik).

Etxe mota hori eraikitzeko, lehenik, zorua prestatzen zen. Horretarako lurra metro erdi inguru sakontzen zuten, eta lurra zapalduz trinkotasuna ematen zioten zoruari. Oinarrietarako harria erabili zuten. Hormak adar-bilbez egiten zituzten, maiz hurritz-adarrez, eta bilbe hori lurrez estaltzen zen, isolatzaile gisa nahiko eraginkorra zelako; hegoaldean adobea (lokatzez egindako adreiluak) ere erabiltzen zuten. Ertzetan zurezko zutoinak jartzen zituzten lurrean zuloetan zutik jarrita. Haien gainean teilatua jartzen zen, gehienetan lastozkoa, zurezko egitura batean eutsita. Lastozko teilatu hori nahikoa trinkoa izaten zen urari sartzen ez uzteko, baina kea iragazten uzten zuen; horregatik, etxolek ez zuten tximiniarik behar izaten.

Maiz, oinplano laukizuzena zuten etxebizitzek barne-banaketa izan ohi zuten, eta etxe-barruak atseginago izateko asmoz, supazterrak (suaren inguruan jartzen ziren mahaiak), aulkiak eta beste hornidurak izaten zituzten. Labeak etxetik kanpo, pareta baten alboan, adobea erabiliz eraikitzen ziren. Gehienetan ez zen gelarik bereizten, txoko batean sua egoten zen janariak prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.

Metal Aroko eraikinetan metalezko piezak erabiltzen ziren, iltzeak, grapak eta errematxeak.

Bizitzeko etxeez gain, beste eraikin batzuk ere izaten ziren: biltegiak, kortak, zeramika edo beste zerbait lantzeko tokiak, etab.

Etxeetan altzari eta objektu gutxi ziren garai hartan: zeramikazko ontziak, baita zurezko kaikuak eta edalontziak ere. Batzuetan elikagaiak ehotzeko barku formako esku-errotak ere izaten ziren.