Nerbio-sistema zentrala

Valoracion: 
Average: 3.6 (134 votes)

Nerbio-sistema zentrala entzefaloak eta bizkarrezur-muinak osatzen dute.

1. Entzefaloa

Entzefaloa  gorputz osoaren funtzionamendua erregulatzen duen zentroa da. Entzefaloan honako atal hauek bereizten dira: zerebroa, zerebeloa, bizkarrezur-erraboila, talamoa eta hipotolamoa.

ZerebroaEntzefaloko bolumen handieneko zatia da zerebroa, eta garezur-barrunbearen zatirik handiena betetzen du. Erdi parean ildo sakon bat du, zentroa bi masa simetrikoan banatzen duena; bi garun-hemisferio osatzen ditu ildo horrek.

Zerebroa, entzefaloko gainerako zatiak eta bizkarrezur-muina bezala, meninge izeneko hiru mintzez estalita dago.

Zerebroaren gainazala ez da jarraitua eta sakonune estuz bereizitako zirkunboluzio izeneko toles batzuetan banatuta dago.

Bi eratako materia ikus daiteke zerebroa ebakiz gero: azaleko geruza (kortexa) gai grisa izeneko substantziak eginda, eta sakonago dagoen geruza, gai zurikoa.

Zerebroaren azaleko geruzak garrantzi berezia dauka. Eboluzioan goi-mailan dauden animaliengan (ugaztunengan, eta bereziki gizakiongan) agertzen den zerebroaren zati berezia da azaleko geruza (kortexa). Bertan biltzen eta erregistratzen dira zentzumenetatik eta gorputzaren barne-organoetatik igorritako informazioak. Informazioak aztertu ondoren, bertatik agintzen dira borondatezko mugimenduak eta bertan erlazionatzen dira elkarren artean hara iritsitako informazioak. Azaleko geruza oroimenaz, adimenaz eta borondateaz arduratzen da; hau da, ekintza intelektualak bideratzen ditu.

Jarduera bizi guzti hori dela eta, zerebroak gorputzak erabiltzen duen glukosaren eta oxigenoaren proportzio altua kontsumitzen du (% 20, gutxi gora-behera).

Garunaren azpialdean neurona-sareak (sistema linbikoa) bizirik irauteko senarekin eta emozioekin loturiko erantzunak koordinatzen ditu: plazera, maitemina, sexu-jokabidea, euforia, agresibitatea, penak, etab. Gure jokabidea baldintzatzen du, bizi izan ditugun emozioen memoriaz arduratzen delako.

ZerebeloaZerebroaren atzealdean eta azpialdean dago zerebeloa, bizkarrezur-erraboilaren gainean; mugimenduak koordinatuz gorputzaren orekari eusteaz arduratzea da bere funtzioa. Zerebeloak gorputzaren jarrera eta muskuluen mugimenduak kontrolatzen ditu, eta norberak ikusten eta sentitzen duenaren arabera zehaztasunez doitzen ditu. Zerebeloa da belarriek orekari buruz bidaltzen duten informazioa jasotzen duen organoa. Ibiltzeko behar-beharrezkoa da.

Ikerketetan ikusi izan da animalia bati zerebeloa erauzten zaionean, ez dituela kontrolatzen gorputz-adarren mugimenduak, eta, beraz, kontrolik gabe gelditu balitz bezala erreakzionatzen duel.

Bizkarrezur-errabolila. Bizkarrezur-muinaren zabalgune edo luzakin bat da bizkarrezur-erraboila. Hor daude nahi gabeko funtzioak edo funtzio automatikoak –adibidez arnasketa, bihotzaren funtzionamendua, digestioa…– erregulatzen dituzten zentroak. Bizkarrezur-erraboilak bidaltzen ditu organismoa jardunean mantentzeko seinaleak garunera eta muskuluetara.

Talamoa. Zerebroaren azpian kokatuta dagoen entzefaloaren zatiari deitzen zaio talamoa. Bertatik pasatzen dira, usaimenekoak izan ezik, nerbioen bitartez beste zentzumenetatik datozkigun sentipen guztiak. Horixe baitu funtzio nagusia: zentzumen nerbioek ekarritako estimuluak kortexera transmititzea.

Hipotalamoa. Talamoaren azpian dago, eta janariaren irenstea kontrolatzeaz gainera, beste eginkizun garrantzitsu asko ditu: gorputzeko tenperatura, oreka hidrikoa, odol-presioa (tentsioa deitzen duguna)… kontrolatzen ditu. Hormonen sistema ere kontrolatzen du.

 

2. Bizkarrezur-muina

Bizkarrezur barnetik ornoak zeharkatzen dituen bizkarrezur-hoditik edo kanaletik doan nerbio-kordoiari deitzen zaio bizkarrezur-muina. Entzefaloa gorputzeko gainerako nerbio-sare guztiarekin lotzen du.

Bere funtzio nagusiak bi multzotan bana daitezke:

1. Ingurunetik datozkigun eta organoetako nerbio-bukaera hartzaileek jasotzen dituzten estimulu edo kinadak entzefaloraino transmititzea, alde batetik, eta entzefaloan sortzen diren mugimendu-aginduak horiek gauzatzeko organo eragileetaraino bideratzea, bestetik.

2. Ekintza erreflexuak (ez-borondatezkoak) kontrolatzea. Ekintza erreflexu bat zer den ulertzeko eman dezagun eskua objektu oso bero baten gainean ipini dugula. Ukitu eta berehala, bat-batean, eskua objektu bero horretatik aldendu egingo dugu, pentsatzeko denbora eduki aurretik. Norbaitek begietara putz egiten badigu, begiak itxi egingo ditugu gu horretaz ohartu aurretik. Horiexek dira ekintza erreflexuak; hau da, oharkabean egiten ditugun ekintzak.