Nutrizioa

Valoracion: 
Average: 3.3 (136 votes)

Nutrizioari buruz zera esan dezakegu: bizi-funtzio horren bidez, gizakiaren gorputzak substantziak (solidoak, likidoak eta gasak) hartzen ditu kanpotik, bere barnean behar bezala eraldatzen ditu eta eraldaketa horietan sortutako beste zenbait substantzia (hondakinak) gorputzetik kanpora ateratzen ditu. Ingurunearekin materia- eta energia-trukea dagoela esan nahi du horrek; izan ere, gizakiek, bizidun guztien antzera, beharrezkoa dute materia eta energia bizirik irauteko, behar bezala funtzionatzeko, hazteko, mugitzeko, gorputzeko tenperaturari eusteko, etab.

Azpimarratzekoa da gizakiok, heterotrofoak izanik, kanpotik hartzen ditugula elikagaiak; hau da, nutrizio mota hori duten gainerako bizidunek bezala, ezin dugula guk geuk nutrienterik edo mantenugairik (molekula organikorik) ekoiztu, eta beste bizidun batzuk ekoitzitakoak (landareak, animaliak…) erabiltzen ditugula.

Elikagaiak osatzen dituzten substantzietako batzuk ezinbestekoak dira gure gorputzarentzat. Oinarrizko osagai horiei mantenugai edo nutriente deritzogu. Gluzidoak, koipeak (lipidoak), proteinak (protidoak), ura, gatz mineralak eta bitaminak dira osagai horiek. Beste osagai asko, ordea, ez dira behar-beharrezkoak. Badago beste substantzia-talde bat ere, digeritu ezin ditugun substantziek osatutakoa: gorputzek gorozki gisa kanporatzen dituzten substantziak, alegia.

Nutrizioan, nutrizio-prozesuan, gure gorputzak behar dituen mantenugaiak ateratzen ditu elikagaietatik, eta horiek eraldatu ondoren, gorputz-egituretara bideratzen ditu. Horretarako, digestioa xurgatu eta hainbat prozesu jasaten dituzte elikagaiek metabolismo zelularra egin bitartean. Nutrizio-prozesu horiek gure borondatetik at daude, guk nahigabe ere gorputzak egiten dituen ekintzak dira.

Elikatze hitzak, ordea, elikagaiak hartzea eta irenstea esan nahi du, eta, borondatezkoa denez, lotura estua du tokian tokiko ohiturekin eta kulturarekin. Elikaduraren kontzeptua nutrizioarena baino mugatuagoa dela esan genezake, oro har. Aurretik aipatu bezala, elikatzea elikagaiak hartzea eta irenstea da, baina bizidun baten nutrizioak (behar dituen mantenugai edo nutrienteak bereganatzeak) beste hainbat prozeduraren beharra du.