Ongizatea estatu mota desberdinetan

Ongizate-estatu sozialdemokrata

1940ko hamarkadaz geroztik eta bereziki Europa iparraldean garatu eta gauzatu den ongizate-eredua da. Bertan estatu bateko hiritar guztiei prestazio edo laguntza eta zerbitzuak eskaintzen zaizkie hezkuntza-, osasun- eta lan-arloan. Horren helburua gizartean dauden desberdintasunak eta bazterketa-egoerak samurtzea da. Herritar guztien berdintasuna eta gizarte babesa herritarren eskubidetzat hartzen da: horrela gutxieneko beharrak estaltzea soilik baino urrunago helduz. Hori zerga oso altuak ordainduz lortzen da.

Erakunde publikoek maila handiko zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenez, diru-sarrera handia duten herritarrek ere zerbitzu pribatuen ordez publikoak erabiltzen dituzte. Bestetik, gizarte-eragile batzuk herritarrei haien behar sozialak erantzuteko lan egiten badute ere, nagusiki erakunde publikoek estaltzen dituzte behar horiek.
Sistema honetan, Estatuak ekonomian parte hartze handia du: merkatuaren akatsak eta gehiegikeriak saihestearren hain justu. Adibidez gehienezkoa lan-ordu kopurua finkatuz, gutxieneko soldata, langilea babesten duen lan-kontratuak legez arautuz…

Estatu liberala

Eredu liberaletan, Estatuak ez du esku hartzen enpresa eta erakundeen ekonomia-jardueretan, ezta gizarte-harremanetan ere. Hau da, gutxieneko soldatarik ez da izaten, langileen eskubideak ez ditu Estatuak bermatzen (opor-egunak, kaleratuak izanez gero jasotako kalte-ordainak…). Era berean, Estatuak kudeatzen dituen osasun-sistema eta gizarte-segurantzarik ez dago; beraz, herritar bakoitzak bere aldetik zerbitzu pribatuak kontratatu behar ditu.

Gobernatzeko modu horren filosofiak oinarri jakin bat du: ekonomiak bere burua berez arautzeko gai dela sinesten du bete-betean. Ildo horretan, ekonomiaren arauak merkatuak finkatzen ditu, hau da, eskariaren eta eskaintzaren legeak. Ekonomia-mugimenduak askatasun osoz gauzatzen direnez, sistema horren aldekoen ustez, aberastasuna eta lana sortzen dira. Edonola ere, herritar aberatsenen eta pobreenen arteko ezberdintasunak beste ereduetan baino handiagoak izaten dira. Bertan oinarrizko gizarte-eskubideak guztientzat izan beharko luketela ez da onartzen eta gehienbat behar gehien dutenentzat bakarrik eskaintzen dira.

Estatu komunista

Komunismoa jabetza pribatua eta irabazietan oinarritutako ekonomia ordezkatu nahi duen eredu politiko eta ekonomikoa da. Eredu horren arabera, herritar guztien berdintasuna bermatzeko, herrialde baten ekoizpen-bideen (fabrikak, landa-lurrak…) eta natur baliabideen (erregaiak, burdina, egurra..) jabetza publikoak dira; Estatuak kontrolatu eta kudeatzen dituenak. Hau da, ez dira norbanako gutxi batzuen jabetzakoak. Halaber, lanarengatik eratorritako irabaziak ez dituzte gutxi batzuek jasoko (adibidez, fabrikaren jabeek), baizik eta herritar guztien artean banatu behar dira.

Estatuaren kontrola erabatekoa da: herritarrek jabetza publikoko enpresentzat lan egiten dute eta Estatua da herritar guztiei oinarrizko zerbitzu berdinak ematearen arduradun (elikadura, hezkuntza, osasungintza…). Herrialdearen sistema politikoa alderdi bakarraren eskuetan dago eta beronekin kritikoak diren erakunde independenteen jarduera, orokorrean, ez dago baimendua edo sarritan trabak izaten dituzte.

Utzi erantzuna