Paleozoikoa

Paleozoikoa duela 570 milioi urte hasi eta orain 245 milioi urte amaitu zen. Beste hitzetan, Paleozoikoa hasierako superkontinente baten apurketakoan hasi zen eta Pangea superkontinentearen sorreraz amaitu. Paleozoikoa honako periodo hauetan banatzen da: Kanbriarra, Ordoviziarra, Siluriarra, Devoniarra, Karboniferoa eta Permiarra.

Paleozoikoko gertaera garrantzitsuena, ikuspegi geologikotik, Pangea superkontinentearen sorrera da; prozesu hori emateko, kontinenteen arteko talkak gertatu ziren, baita hainbat orogenia-mugimendu ere; horietatik ezagunena hertziniar orogenia da.

Paleozoikoaren hasierako bizidunak bakterioak, algak eta uretako izaki zelulanitz batzuk ziren. Paleozoiko bitartean Kanbriarreko bizi-eztanda gisa ezagutzen den fenomenoa gertatu zen eta, aroa amaitzerako, hainbat motatako bizidun ugari agertu ziren; hau da, ikuspuntu geologikotik, une batean bizidun zelulanitz ugari agertu ziren. Paleozoikoa amaitzerako, landareek eta narrastiek kolonizatuta zeuzkaten kontinenteak.

Paleozoikoko fosilen artean, badago bat oso berezia dena: trilobitea. Abere hau Paleozoikoan bakarrik bizi izan zenez, horrelakoren bat sedimentu-geruzaren batean aurkituz gero, geruza hori datatzeko erabiltzen da. Garai bakarrean bizi izan diren horrelako fosilak fosil gidari izenez ezagutzen dira.

Euskal Herriari dagokionez, Paleozoikoaren erdian azaleratu ziren lehen lur-eremuak, gaur egun Pirinioak hasten diren eskualdeetan: Aiako Harria, Aldudeko eta Kintoko mendiguneak.

Utzi erantzuna