Unibertsoa

unibertsoa-aurrebista.jpg

Unibertsoaren sorrera

Gizakia betidanik ahalegindu da bere ingurunea ulertzen: unibertsoak nahiz haren sorrerak jakin-min handia piztu du antzinako zibilizazioetatik hasi eta gaurdaino; jakintsuenek beraiek ere, ziur asko, zailtasun handiak izan dituzte betidanik unibertsoaren egitura eta hango gertaerak azaltzeko.

Unibertso izena ematen zaio astro guztien multzoari eta horiek betetzen duten espazioari. Onartuen dagoen teoriaren arabera ―Big Bang teoriaren arabera―, unibertsoa ez da gauza estatikoa. Orain dela 15.000 eta 20.000 milioi urte artean, materia guztia puntu bakar batean zegoen elkartuta. Leherketa baten ondorioz, ordea, hedatzen hasi zen eta horrela jarraitzen du, oraindik ere fase horretan baikaude. Prozesu horretan hainbat egitura sortuz ,antolatu da materia.

Galaxiak

Unibertsoa galaxiez osatua dago. Galaxiak izar multzo handiak dira eta horiek unibertsoaren osaketan bertako “adreiluak” bezala kontsidera ditzakegu. Unibertsoan 100.000.000.000 galaxia inguru daudela uste da, eta horien guztien artean gaude gu, Esne Bidea galaxian. Gugandik gertuen dauden galaxia pare bat aipatzekotan, Magallanesen Hodei Handia aipatuko genuke, 160.000 bat argi-urteko distantziara (1.500.000.000.000.000.000 km) dagoena, eta Andromeda, 2.200.000 argi-urteko distantziara dagoena.

Izarrak

Izarrak berezko argi-beroak igortzen dituzten astroak dira; haietan gertatzen diren erreakzio termonuklearrengatik gertatzen da hori. Zientzialarien ustez, 200 eta 400 mila milioi arteko izar multzoa dago Esne-Bidean; tartean, Eguzkia. Horregatik, milaka izar ikusteko aukera izaten da zeruan gau oskarbietan. Horietako batzuk talde edo irudiak osatzen dituztela ikus dezakegu; izar-multzo horiek hainbat konstelaziotan bildu izan ditu gizakiak antzinatik.

Lurretik gertuen dagoen izarra Eguzkia da; argiak, hala ere, Eguzkitik Lurrera iristeko, 8 minutu eta 20 segundo behar ditu (kontuan izan argiak 300.000 km egiten dituela segundoko eta denbora hori behar dutenez argi-izpiek eguzkitik Lurrera iristeko, 150.000.000 kilometroko tartea legoke Lurretik haraino). Eguzkitik gertuen dagoen izarra Proxima Centauri da; haren argiak, berriz, 4,22 urte behar ditu Lurrera iristeko. Unibertsoaren distantziak hain direnez handiak, unitate bereziak erabiltzen dira tarte horiek neurtzeko: argi-urtea eta unitate astronomikoa, esaterako.

Planetak

Planeta izenez ezagutzen dira izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroak. Eguzkiaren inguruan zortzi planeta dabiltza itzulika, tartean Lurra. Planeta horiek osatzen dute eguzki-sistema, Eguzkiarekin eta beste hainbat gorputzekin batera (kometak, asteroideak…).

Aipatu asteroideak eta kometak Eguzkiaren inguruan biraka dabiltzan beste astro batzuk dira, planetak baino txikiagoak.

Asteroideak

Asteroideak planeta txikitzat har daitezke. Marteren eta Jupiterren artean horrelako asko daude eta asteroide-gerrikoa deritzona osatzen dute. Asteroideren bat planeta batera asko inguratzen bada, planeta horrekin talka egitera irits liteke, bien grabitate-indarrak eraginda. Horren adierazgarri dira hainbat planetatan ikusten diren kraterrak.

Kometak

Kometak, berriz, asteroideak baino materia gutxiagoko gorputzak dira; lurretik isats argidun objektu gisa ikusten dira. Asteroideek ez bezala, orbita oso eliptikoa dute eta noizbehinka Eguzkira inguratzen dira. Horren eraginez hedatzen dute isats hain ikusgarria.

Sateliteak

Eguzki-sisteman badira, Eguzkiaren inguruan biratu ordez, planeten inguruan biraka ari diren astroak ere; satelite izenez ezagutzen ditugu. Sateliterik ezagunena Ilargia da eta Lurraren inguruan dabil biraka. Gainerako planetek ere (Merkuriok eta Artizarrak izan ezik) badituzte beren sateliteak.

Galaxien arteko espazioa

Lehen uste zen galaxia batetik beste galaxia arteko espazioa hutsik zegoela, baina gaur egun ikerlariek uste dute hainbat eratako materia aurki daitekeela espazio horretan: hauts intergalaktikoa, gasak… oso kontzentrazio baxuan, betiere.

Ziurtasun handiagoz dakigu izarren artean badagoela gasa eta hautsa; eta nebulosa izeneko masa lainotsuak sortzen direla haiek trinkotzen diren zenbait puntutan. Badirudi nebulosa horien erdiguneetan eratzen direla izar berriak.

Eguzki-sistemari eta unibertsoari buruz dakiguna ezagutu aurretik ere bazegoen, noski, unibertsoari buruzko hainbat teoria. Dena dela, ezin dugu ahaztu, unibertsoa aztertzeko teknologiek izan duten garapenarekin batera, hobetu eta gero eta zehatzagoak egin direla unibertsoaren ereduak ere.

Utzi erantzuna