Ilustrazioak euskal lurraldeetako kulturan eta garapen orokorrean eragin handia izan zuen. Hemengo historian, aurreneko aldiz, zenbait pertsonak zalantzan jarri zuen elezahar eta tradizioetan oinarritutako kultura, eta logika eta arrazoimena lehenetsi zituzten, garapen zientifikoari garrantzi handia emateaz gain. Dena den, biztanle gehienek eta elizak tradizioari heldu zioten; izan ere, elizak arrazoimena fedezko sinesmenaren aurkako mehatxua zela uste zuen.
Euskal lurraldeetako Ilustrazioaren pertsonarik garrantzitsuenetakoa Frantzisko Xabier Maria Munibe izan zen; Peñafloridako kondea, alegia. Haren jauregian, zenbait ilustratu (Azkoitiko Zalduntxoak) biltzen zen, eta, 1765ean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten. Elkarte horren helburuak honako hauek ziren:
– Kultura eta artea sustatzea.
– Zenbait ohitura zuzentzea eta ezjakintasuna deuseztatzea.
– Hezkuntzaren bidez, aurrerapen teknikoak eta zientifikoak sustatzea.
– Nekazaritza, industria eta merkataritza garatzea.
– Euskal Herriko probintzien arteko lotura estutzea.
Bergarako Errege Mintegia euskal lurraldeetako prestakuntza humanistikoa eta goi-mailako prestakuntza teknikoa emateko sortu zen Ilustrazioaren garaian. Besteak beste, Fausto eta Joan Jose Elhuyar anaiak aritu ziren han irakasle. Anaia horiek wolframa aurkitu eta kobrea lortzeko prozedurari buruzko ikerketak egin zituzten.