Hiria

Hiria bilgune jendetsu bat da, baina zaila da bere izaera zehaztea. Hori deskribatzeko irizpide kuantitatiboa erabil badezakegu ere, ez dago adostuta kopuru zehatzik. Espainian 10.000 biztanletik gorako biztanleguneak hartzen dira hiritzat, Frantzian 2.000 biztanletik gorakoak, Suedian, aldiz, 200 biztanletik gorakoak eta Japonian 30.000tik gorakoak.

Badira adostasun handiagoa duten beste irizpide batzuk, irizpide kualitatiboak dira; hau da, kalitateari dagokionez biztanleguneak dituen ezaugarriak.

Morfologiari edo itxurari dagokionez, hirietan biztanleria oso bildua dago, eraikin-dentsitate handiarekin, eta solairu ugariko etxebizitza altuetan bizi da jendea.

Hirietako biztanleria jarduera-sektore jakinetan aritzen da, batez ere hirugarren sektorean eta bigarren sektorean.

Hiriak zerbitzu ugari eskaintzen dizkio biztanleriari, bai eguneroko bizimoduari dagozkionak bai aisialdirako baliagarriak. Era berean, herritarrek administrazioaren nahiz osasunaren alorrean dituzten beharrak asetzen ditu.

Hiriak baditu beste ezaugarri batzuk ere. Ingurunean eragin handia du, eta zeharo eraldatzen du berezko paisaia. Lurzoruaren salneurria landa-eremuetakoa baino garestiagoa da. Horrek, besteak beste, zaildu egiten du inguru horretan bizitzea, elikagaiak ere garestiagoak direlako.

 

Hirien sailkapena

Hiriak sailkatzeko garaian hainbat irizpide erabili daitezke, hirien plano edo itxura, betetzen duten funtzioa, hirien barne-egitura edo morfologia. Era berean, hiriek bere bilakaeran hainbat egitura berri ere sortzen dituzte.

Utzi erantzuna