Hiri guztiek arazo berberak izaten dituzte, kokalekutzat duten herrialdearen garapen-maila zeinnahi delarik ere. Baina arazo orokor horiez gain, inguru bakoitzari dagozkion arazoak ere izaten dituzte.
Hona hemen hirietako arazorik arruntenak:
- Ingurumena
Arazorik larriena kutsadura atmosferikoa eta akustikoa da. Herrialde garatuetako hiriek urrundu egin dituzte industriak hirigunetik; hala eta guztiz ere, ibilgailuek, klimatizazio-sistemek eta hotsek eragindako kutsadura jasan behar izaten dute.
Gutxi garatutako herrialdeetan industrialdeak hirigunean bertan izaten dira eta hortaz, aurreko kutsaduraz gain, industriek sortutakoa ere jasan behar izaten dute.
- Etxebizitza
Herrialde garatuetan, etxebizitza lortzeko arazoak izaten dira, oso garestiak baitira. Garapen bidean daudenetan aldiz, etxe eskasak sortzen dira, higiene eta osasun egoera eskaseko auzo handietan.
- Hornikuntza eta hondakinak
Arazo nagusiak ur eta energia hornikuntzari lotuak dira. Hiriek ur, elikagai eta energia kopuru handia behar dute, horrek azpiegitura konplexuak eskatzen ditu. Bestalde hirian sortzen den zaborra eta hondakin-urak bideratzea ezinbestekoa da.
- Garraio arazoak
Hiriek garraio sare konplexua dute jendearen eta salgaien eguneroko fluxua ziurtatzeko. Hala ere, puntako orduetan auto ilara handiak sortzen dira; alegia, langileen sartu-irtenek denden ordutegiekin bat egiten dutenean.
- Ekipamendu kolektiboak
Gehienetan irakaskuntza eta osasun zentroen gabezia izaten da, baita pertsona helduei eta ezinduei arreta emateko zentroena ere. Herrialde garatuen eta garapen bidean daudenen arteko desberdintasunak ikaragarriak dira hornikuntza horiei dagokienez.
- Marginatutako gune ugari
Maila ekonomiko txikia dutenak eremu merkeenetan bizi dira, eremu horiek komunikazio kaskarra eta zerbitzu gutxi eta kalitate gutxikoak dituzte.
Egoera hori are larriagoa da garapen bidean dauden herrietan. Biztanleen % 30-60 txaboletan bizi ohi da. Zenbait hiritan, Mumbain (India) adibidez, gutxienez 500.000 gizaki kale gorrian bizi da, etxerik gabe.
- Gizarte arazoak
Hirien hazkundeak beste arazo batzuk sortu ditu; hala nola: hirietako tribuak, indarkeria, delinkuentzia, langabezia, drogak… Arazo horiek, hirian ez ezik, hiritik kanpo ere badaude, baina hirietan hainbeste jende bizitzeak arazo horien agertzea eta ugaritzea errazten du.