Nazioarteko merkataritza bi herrialde edo gehiagoren artean gaiak eta zerbitzuak trukatzea da.
Nazioarteko merkataritza historia guztian zehar egin izan da. Horren adibide dira Erdi Aroko zetaren bidea edo Aro Modernoan, europarrak Ameriketara iritsi ostean, Europa eta Amerika arteko merkataritza transozeanikoa.
Dena den, azken mendeetan nazioarteko merkataritzaren garrantzi ekonomiko, sozial eta politikoa hazten joan da.
Gaur egun, nazioarteko merkataritza gora doan heinean, estatuen ekonomien arteko dependentzia ere etengabe hazten doa.
Orain, guztiok munduko edozein tokitan ekoitzitako gaiak erabiltzen ditugunez, nazioarteko ekonomia izugarrizko merkatu baten gisakoa da. Herrialdeen arteko harreman ekonomikoak hazten doazen honetan, multinazionalen eragina bereziki nabaria da.
Gehien garatutako herrialdeek egiten dituzte salerosketa gehienak, lehengai jakin batzuen (petrolioa eta kafea, esaterako) hornitzaileekin batera.
Desoreka horrek areagotu egiten du herrialde batzuek, normalean garapen bidean daudenek, beste batzuekiko (garatuekiko) duten mendekotasuna.
Munduaren hainbat aldetakoen desoreka horretan, herrialde garatuek abantaila bikoitza dute. Multinazional gutxi batzuek munduko salmenta gehienak kontrolatzen dituzte eta, aldi berean, horren ondorioz duten indar ekonomikoak izugarrizko boterea ematen die.
Walmart, esaterako, munduko enpresa pribaturik handiena eta boteretsuena da. 2,2 milioi langile ditu 27 herrialdetan ezarritako 11.000 saltokitan enplegatuta. Produktuak txikizka saltzen dituen enpresa horrek janaria, arropa… ia edozer eskaintzen du. 2014an izan zituen irabaziak AEBko 476.294 bilioi dolarrekoak izan ziren, hau da, Austria, Arabiar Emirerri Batuak, Danimarka, Qatar eta beste hainbat herrialderen barne produktu gordina baino handiagoak.