XVIII. mendera arte, zientzialariek uste zuten bizidun-espezie guztiak banan-banan sortuak izan zirela (kreazioa) eta finko eta aldaketarik gabe iraungo zutela betiko (fixismoa). Geroztik, eboluzioaren teoria onartzen hasi ziren adituak, eta bizidunak, nahiz eta gurasoen antza izan, denboran zehar aldatuz doazela onartu zuten gehienek.
Jean-Baptiste Lamarck (1744-1829 / Jean Baptiste de Monet, Lamarckeko zalduna) frantses naturalista eboluzioari buruzko ideia arrazoituak aurkeztu zituen lehena izan zen, eta 1800. urtearen inguruan lamarckismoa deitu izan zaion teoria zabaldu zuen. Bere lan nagusia Philosophie zoologique da.
Lamarckismoaren arabera, organismo bizidun orok jatorri naturala du. Lehenengo organismoak berez sortu ziren; gainerakoak, berriz, hasierako haiengandik eboluzionatuz.
Kontuak kontu, Lamarck izan zen izakien eboluzioari buruz teoria arrazoituak babestu zituen lehenengoa, eta adibide ugari erabili zituen teoria hori sendotzeko, jirafena horien artean ezagunena. Bere ustez, jirafen arbasoak hanka eta lepo txikiko animaliak ziren, eta zuhaitzetara iristeko ahalegin handiak egitera beharturik zeuden. Arraza horretako animaliek ohitura horri denbora luzean eutsi diotenez, aurreko hankak atzekoak baino luzeagoak egin zaizkie eta lepoa izugarri luzatu zaie. Horri esker, atzeko hanken laguntzarik gabe, jirafek burua altxatu eta sei metroko altueraraino irits daitezke.
Baina teoria horrek badu akats bat: banakoak eskuratutako ezaugarria ez da, besterik gabe, transmititzen hurrengo belaunaldira, ez baita geneetara pasatzen. Dena dela, lamarckismoak eta gisa horretarako beste teoria batzuek teoria berriak onartzeko prestatu zituzten garai hartako zientzialariak; ideia berri horien loraldia Charles Darwinen Espezieen jatorria obrak (1859) ekarri zuen. Liburu horrek garrantzi berezia izan zuen eboluzioaren teoria onartzeko, Alfred R. Wallace naturalistak ere Darwinen teoria bertsuak agertu bazituen ere garai berean.
Wallace galestarra XIX. eta XX. mendearen hasieran bizi izan zen. Esan bezala, Darwinen garai bereko da eta eboluzioaren teoria garatu zuela modu paraleloan. Izan ere, Darwinek Wallaceri asko eskertu zion beren arteko gutun bidezko harremana Darwinek plazaratu zuen teoria hobetzeko. Bai, eboluzioaren teoriak bi aita dituela esan dezakegu. Imajina ezazu zein garrantzitsua izan zen Wallacen lana espezieen aldakortasuna deskribatzen, ezen Asia eta Ozeania banatzen dituen muga biogeografiko garrantzitsuak bere izena daraman: Wallace lerroa hain zuzen ere.
Charles Darwin britainiar naturalista (1809-1882) izaki bizidunen eboluzioaren teoria azaldu zuen Espezieen jatorria: hautespen naturalaren bidez liburuan. Teoria ontzat ematen da gaur egun ere, baina berrikusi eta osatu egin dute ikertzaileek.
Gaztetan bost urteko bidaia egin zuen Beagle itsasontzian, mundu osoan zehar, eta bidaia horretan hasi zen florari, faunari eta geologiari behatzen. Behaketa horietatik bere teoriaren oinarriak atera zituen:
- Populazioetan, bizirik iraun dezaketenak baino izaki gehiago jaiotzen dira, elikagaiak eta espazioa mugatuta baitaude. Beraz, bizirik irauteko lehia dago.
- Populazioetan, aldakortasuna dago, hau da, populazio bereko izakiak ez dira berdin-berdinak elkarren artean, aldakortasun intraespezifikoa dute (Darwinek ez zekien aldakortasun horren arrazoiak zein ziren, garai hartan ez baitzuten genetikako ezagutzarik).
- Naturak aldakortasun horretan eragiten du. Izan ere, ingurunearen baldintza jakin batzuei egokitzeko banako egokienak hautatzen ditu ingurune bakoitzean. Gainerakoak baino hobeto egokitu direnak hobeto ugaltzen dira, eta ondorengoei transmititzen dizkiete aldeko ezaugarri horiek.
Darwinek hautespen naturala edo egokienaren biziraupena deitu zion aldaera onuragarriei eusteko eta kaltegarriak baztertzeko prozesu horri.
Eboluzioaren teoria horretan oinarrituta, gaur egungo zientzialarien arabera, milioika urtetan zehar, eta oso forma sinpleetatik abiatuta, eboluzionatu dugu bizidun guztiok. Eboluzio horretan, itsasoan sortutako molekula organikoak izan ziren lehen izakiak; horien eboluzioz, bizidun zelulabakarrak sortu ziren eta, eboluzioz baita ere, ondorengo landare eta animalia guztiak, gaurko milioika espezieetara iritsi arte.