Erregistro fosila (froga paleontologikoak)

erregistroFosila02aurrebist.jpg

Eboluzioa gertatu izanaren ebidentziarik konbentzigarriena, geruza geologiko zaharretan organismo suntsituak aurkitzea da. Eboluzioaren frogatzat jo zen ikustea bai espezie biziak eta bai espezie suntsituak sailkatu egin zitezkeela talde taxonomiko berberetan. Esaterako, 1861eko aurkikuntza batek –Archaeopteryx delako fosila- indar handia eman zion Darwinen teoriari. Izan ere, ordura arte narrasti eta hegaztien arteko kate-maila galdutzat jo zen eta aurkikuntzari esker, uste da Archaeopteryx izan daitekeela hegaztien eta narrastien arteko kate-maila. Jakina, horixe itxaron zitekeen modifikaziodun deszendentziaren printzipioa (Darwinek saihestu egiten zuen eboluzio hitza eta horren ordez modifikaziodun deszendentzia erabiltzen zuen) onartuz. Modu berean, printzipio horrek azal dezake baita ere:

  • Zergatik handiagotuz doazen forma bizien eta suntsituen artean behaturiko desberdintasunak, forma suntsituak zaharragoak diren heinean.
  • Zergatik diren askoz antzekoagoak edozein bi ondoz ondoko estratutako fosilak, elkarren artean urrunago dauden estratu biko fosilak direna baino.
  • Zergatik Lurraren historiako edozein periodo handitan bizi izandako faunaren izaera oro har bitartekaritzat jo daitekeen, aurreko periodoko faunaren eta osteko periodokoaren artean.

Darwinek Espezieen jatorria argitaratu zuenean adierazi zuen narrastien eta hegaztien arteko trantsizio lotura espezie baten bidez egingo zela, eta lehenago edo beranduago aurkituko zela. Tesia argitaratu eta bi urte beranduago Archaeopteryx espeziaren fosila (narrastien ezkatak dituena, ilea, luma eta hegoak) aurkitu zen.

Utzi erantzuna