Informazio genetikoaren transmisioa gurasoengandik ondorengoenganaino

gurasoengandik01aurrebista.png

Ugalketa sexuala duten izakietan, gizakian, adibidez, gameto izeneko bi zelula sexualen elkarketaren bidez gertatzen da ugalketa hori.

Espezie baten kromosomen kopuruak belaunaldiz belaunaldi berdin iraun dezan, gametoek zelulen kromosoma kopuruaren erdia eduki behar dute, hau da, zelulak diploideak (2n) direnean, gametoak haploideak (n) izan behar dira: Giza espeziean, gametoek (obuluak eta espermatozoideak), bakoitzak 23 kromosoma dituzte, zigotoa eratzean (bien artean) 46 kromosoma izan ditzan.

Ugalketa sexualean, gameto arraren (espermatozoidea) eta gameto emearen (obulua) arteko ernalketa geratzen da, eta, horri esker, aldakortasun genetikoa areagotzen da, kromosoma-bikote bakoitzeko bat arrarena eta bestea emearena izaten baita.

Ugalketa sexualean, gametoen nukleoak elkartzen dira, eta zigotoa eratzen da; zigoto horretatik abiatuta, enbrioiaren garapenean zatiketa jarraituen bidez, izaki berri bat sortzen da. Izaki berri horren ezaugarriak kromosometatik jasotako aginduen araberakoak izango dira.

Gametoak ez dira gainerako zelula berrien antzera mitosi bidez eratzen, hala eratuko balira gameto diploideak bailirateke. Gametoak eratzeko, meiosi izeneko prozesua gertatzen da gonadetan, hau da, obulutegian eta barrabiletan.

Prozesu horretan, zelula diploide bakoitzaren kromosomen kopurua (2n) erdira murriztu eta gameto haploidea (n) eratzen da. Zelula diploide bakoitzetik lau zelula haploide ateratzen dira, elkarren segidan gertatzen diren bi zatiketaren ondoren.

Lehengo zatiketaren aurretik, DNA bikoizten da. Lehenengo eta bigarren zatiketaren artean ez da DNA bikoizten. Zatiketa zelular horietako bakoitzean lau aldi bereizten dira: profasea, metafasea, anafasea eta telofasea.

Ikus dezagun nola geratzen den meiosiaren lehenengo zatia:

Meiosiko lehenengo zatiketan ez dira kromatidak bereizten, kromosoma homologoak baizik. Hala, zelulatik sortutako bi zelula alabek kromosoma kopuru erdia izango dute, eta gainera, homologo bakoitzeko kromosoma bat izango dute.

Meiosiaren bigarren zatiketa hori mitosiaren berdina da, eta bikoiztu diren kromosomen kromatidak bereizteko gertatzen da.

Ikus dezagun orain nolakoa den gametoen meiosia. Nola gertatzen da hori gizakian?

Barrabiletan espermatozoide haploideak eratzen dira etengabe. Obulutegietan, berriz, zelula diploide bakoitzetik obulu haploide bakarra eta degeneratu egiten diren hiru zelula (korpuskulu polarrak) eratzen dira.

Obuluak sexuaren X kromosoma eramango du beti; eta espermatozoidea, berriz, X edo Y izan daiteke. Horregatik, espermatozoideak erabakiko du ondorengoaren sexua. Hala, obulua ernaltzen duen espermatozoidea X bada, neska jaioko da; eta, aldiz, Y bada, mutila jaioko da.

Honako eskema honetan duzu laburtuta nola osatzen diren espermatozoideak barrabiletan:

Eta honako eskema honetan nola osatzen diren obuluak obulutegian:

Milioika espermatozoide joaten dira obulua ernaltzera; erdiek X daramate eta beste erdiek Y. Bakar batek ernalduko du obulua. Hortaz, neska edo mutila jaiotzeko probabilitate bera egongo da.

Utzi erantzuna