Sua faktore ekologiko bat da. Basoko espezieak, suteetara egokitu dira, hainbat modu eta bide erabiliz, suterik gertatuz gero bizirik iraun ahal izateko. Suteak gertatzeko, eragile abiotikoek garrantzi handia dute; klimak esaterako. Euskal Herriko baldintza klimatikoak direla-eta, batik bat itsasaldean, klima ozeanikoa den lekuetan, ez da sute naturalak gertatzeko arrisku handiko tokia eta, beraz, bertako zuhaitz-espezieak ez daude suteei aurre egiteko bereziki egokituak.
Hala ere, hainbat lekutan, etengabeko suteak izan direlako, adibidez, egoera aldatu egin da. Horrela, suteek zigortutako zenbait lekutan basoko pinuak gaina hartu dio pagoari, pagoaren berezko lurraldetan, basoko pinuak suari aurka egiteko sendotasun handiagoa duelako. Bestalde, Quercus generoko zenbait espezie (artea, artelatza, haritza…) suteak jasateko gainerako generoak baino hobeto moldatutako zuhaitzak dira.
Esan bezala, itsasaldeko isurialdeko, eta barneko mendialdeko, baldintza klimatikoak ez dira, berez, sute-arrisku handikoak, giroa hezea delako eta ez delako izaten tenperatura-aldaketa handirik. Baso horietako mikroklima hezea dela-eta, zuhaitz hosto erorkorreko basoetan suari zaila egiten zaio aurrera azkar egitea. Hala ere, ez da ahaztu behar, ohikoak ez diren baldintzetan (lehortea, gizakiak nahita piztutako sua…) suteren bat gertatzen bada, zuhaitz horiek oso ahulak izaten direla eta erabat hondatzeko arriskua dutela. Aldiz, Euskal Herriko beste zenbait landare suaren eraginari aurre egiteko askoz hobeto prestatuta daude; hala nola basoko koniferoak, sasiak, arteak…
Zenbait ingurunetan, klima beroa eta lehorra denean, lurzoru gaineko material sukoiengatik eta beste baldintza batzuk direla-eta, sua azkarrago zabaltzen da.
Oso kontuan edukitzekoa da sua faktore ekologikoa dela, lehen esan dugun bezala, eta, askotan erabat naturalak direla suteak sortzen dituzten zenbait eragile: tximistak, eguzki-izpiak… Ez dugu ahaztu behar, ordea, gizakia dela, nahita edo arduragabekeriaz, suteen eragile nagusia. Gainera, gizakiok eragindako suteak naturalagoak baino maizago gertatzen dira eta bortitzagoak izaten dira. Gizakiaren eragin horren ondorioz, bizidunen estrategia eta moldaera naturalek indarra galtzen dute. Euskal Herrian esaterako, gizakiak piztutako suteak baino askoz ere gutxiago dira arrazoi naturalengatik sortutakoak, eta horien eragile ia bakarra tximista izan ohi da. Gainera, gizakiok eragindako suteen % 90 nahita piztutakoak dira, ikerketen arabera.
Basoan sutea izan ondoren hasten da segida ekologikoa. Suak landare-espezie asko hiltzen edo ahultzen ditu, eta ekosistemako gainerako komunitate biologikoak -lurzorua barne- hondamendi handia jasaten du. Hondamendi horretan espezie batzuek indar berezia dute ingurumena kolonizatzeko eta segidarako lehen urratsak egiteko.
Beraz, sutearen ondoren gertatzen diren aldaketak oso nabarmenak izaten dira. Urte asko behar dira ekosistema berriz era hasierako baldintzetara itzultzeko eta heldutasun edo klimaxera iristeko.