Askotan zaila gertatzen zaigu Lurreko bizidun guztiok jatorri berbera dugula sinestea; baina ez dugu ahaztu behar milioika urtean zehar bizidunen egiturak aldatuz joan direla ingurune jakin bakoitzean bizirik iraun ahal izateko. Era horretan, ingurunearen eraginez, bizidunok hainbat espezietan (milioika) banatu gara, eta bizitzeko era anitz sortu dira (bioaniztasuna edo biodibertsitatea).
Inguruneko faktoreek, bai abiotikoek, bai biotikoek, eragin zuzena dute bizidunengan. Eragin horrek era askotako ondorioak izan ditzake:
- Inguruneko faktoreek eragindako aldaketa adaptatiboa edo moldaera.
- Inguruneko faktoreek jaiotza-tasan, heriotza-tasan eta migrazio-tasan eragiten dituzten aldaketak.
- Inguruneko faktoreek espezieen banaketa geografikoan duten eragina.
Ingurune-eragile horien ondorioz, moldaerak, hau da, aldaketa morfologiko eta fisiologiko egokiak, ager daitezke bizidunengan. Baina bizidunek ingurunera egokitzeko egiten dituzten moldaera indibidualak ez zaizkie ondorengoei transmititzen (ezaugarri genetikoak bakarrik transmititzen dira).
Gainera, ezaugarri genetikoak aldatzeko era bakarra populazioaren barruan sortutako ezaugarrien aldakortasuna da, eta ez inguruneak banakako batean sortutako unean uneko aldaketak.
Ikus dezagun loreontziaren infografia:
Laburbilduz, inguruneak bultzaturiko moldaketak ez zaizkie, besterik gabe, ondorengoei transmititzen edo, beste era batetara esanda, inguruneak sortutako azaleko moldaera horiek ez dira aldaketa garrantzizkoak bizidunen espezie berriak sortzeko garaian. Horretarako, belaunaldiz belaunaldi banako batzuetatik besteetara heredatzen diren aldaketak dira garrantzitsuak. Eboluzioaren subjektuak populazioak dira, eta ez banakako organismoak.