Anfibio hitzak bizitza bikoitza esan nahi du, eta hori da, hain zuzen ere, animalia horien berezitasun nagusia: aldi batean urtarrak direla, eta gero lurtarrak bihurtzen direla. Izan ere, eboluzioaren historian anfibioak izan ziren uretako bizia utzi eta lurrekora egokitu ziren lehenengo ornodunak, eta oraindik ere gaitasun horrekin jarraitzen dute: garai batzuetan lehorrean eta besteetan uretan bizitzeko ahalmenarekin. Zapaburuak bezalako anfibioen kumeek brankien bitartez hartzen dute arnasa, animalia helduek, berriz, biriken bidez. Anfibio arrak emeen gainean jartzen dira, eta emeek arrautzak uretara erruten dituztenean, arrek arrautzen gainera isurtzen dute beren hazia arrautza horiek ernaltzeko.