Antzinako Erroma, Erroma hiriaren inguruan sortu zen. Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten K.a. 753. urtean. Hamabi mendetan zehar hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, errepublika eta inperioa.
Mediterraneo itsasoko ingurua menderatu zuen armadaren eta asimilazio kulturalaren bidez. Halaber, Antzinako Erromak gainbehera handia jasan zuen, eta 476. urtean desagertu zen inperio handia.
Erromako zibilizazioak gaur egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarriak ezarri zituen, besteak beste, lege, gerra, arte, hizkuntza, arkitektura eta literatura alorretan.
Antzinako Erroma: bilakaera historikoa
Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten Erroma K.a. 753. urtean.
Lehen erregea Romulo bera izan omen zen; batasun politikoa lortu zuen eta monarkiak 250 urte iraun zuen. K.a. 509. urtean herritarrek Tarkino erregea kargutik bota egin zuten eta Errepublika ezarri.
K.a VI. mendetik aurrera Erromako Errepublikak Mediterraneo inguruan lurralde handiak konkistatu zituen. Denborarekin, gatazka ugari izan ziren eta Julio Zesar diktadore jarri zuten. Egonkortasun apur bat ekarri zion Erromari. Zesar erail zutenean, Oktavio Augustok, K.a. 27an, eskuratu zuen boterea eta, errepublika deseginda, inperioa ezarri zuen: botere militarra, politikoa eta erlijiosoa eskuratu zituen.
K.o. III. mendetik aurrera inperioa krisian sartu zen: barne zatiketa handiak gertatu ziren, enperadore-aldaketa asko, estatu-kolpeak eta gerra zibilak noiznahi. 476. urtean Romulo Augustulo, azken enperadorea agintetik kendu zuten barbaroek. Erromatar Inperioa desagertzearekin batera Antzinaroari amaiera eman zitzaion.