Erromako biztanleria, oro har, oso hierarkizatua zegoela esan behar da. Hiru multzo handitan banatuta zegoen: patrizioak, plebeioak eta esklaboak. Emakumearen egoera ere, kontuan hartzekoa da.
Patrizioak. Gizartearen gailurrean zeuden. Erromako jatorrizko biztanleen oinordekoak ziren, armadako, politikako eta erlijio munduko kargu goren guztiak biltzen zituzten, eta aberastasun ikaragarriak eskuratu zituzten.
Plebeioak. Erromatar gehienak plebeioak ziren. Gehienak nekazaritzan edo artisautzan lan egiten zuten soldata txiki baten truke; nekazari txikiak, soldatapeko langileak, merkatari txikiak, artisautzako langileak… ziren gehienak. Besterik ezean, armadan sartu ohi ziren soldadu arrunt gisa.
Esklaboak. Nahiz eta Antzinaroan esklabotza ia gizarte guztietan agertu, inon ez zuen lortu Erromatar Inperioan adinako garrantzirik eta hedapenik. Esklaboak gizartearen oinarrian zeuden, baina gizartetik kanpo. Edozein familiak zituen esklaboak, bat edo beste etxe apaletan, eta ehunka edo milaka latifundio handietan. Jabearen ondasuntzat hartzen ziren, etxea, gurdia edota zakurrak bezalaxe. Esklaboei ez zitzaien inolako eskubiderik zor, erosi eta saldu egin zitezkeen, eta jabeak esklaboa hiltzeko eskubidea ere bazuen, hori ez baitzen hilketatzat jotzen. Esklaboa hiltzea zakur bat akabatzearen pareko ekintza zen.
Emakumea antzinako Erroman. Grezian baino gehiago errespetatzen zuten emakumea, askatasun gehiago ere bazuen: etxetik bakarrik atera zitekeen, jaietan senarrarekin agertzeko eskubidea zuen, ikasteko eskubidea ere bai… Baina bere lehen eginbeharra etxekoandre izatea zen: haurrak hazi, esklaboen lana bideratu eta etxeko jarduerak gainbegiratu. Legearen aurrean eskubide batzuk bazituen, dibortziatzeko eskubidea adibidez; baina ez zuen boto-eskubiderik eta ezta kargu publikoetarako hautagai izatekorik ere. Beti gizonezkoren baten mende zegoen, aitaren mendetik senarraren mendera pasatzen baitzen emakumea.