Antzinako Mesopotamia: kultura

mesopotamiako-kultura-aurre.jpg

Erlijioa

Hona Mesopotamia inguruko erlijioaren oinarriak:

  • Jainko asko zituzten (sumertarrek, esate baterako, 700 baino gehiago), baina gehienetan hiri bakoitzak jainko edo jainkosa bati ematen zion garrantzia.
  • Gizakia jainkoen beldur zen, eta sakrifizioak, eskaintzak eta otoitzak egiten zizkieten jainkoei.
  • Saria eta zigorra oinarrizko kontzeptuak ziren. Jainkoei eginiko irainak oso gogor zigortzen ziren, eta ekintza onak, saria jasoko zuten.
  • Jainko nagusienak honako hauek ziren: An, zeruetako jainkoa; Enlil, nekazaritzaren jainkoa; Ea, itsasoko jainkoa; eta Inana edo Isthar, zeruko jainkosa.

Zientzia eta magia

Antzinate osoan Mesopotamia jakinduriaren eredu eta aitzindaritzat hartu zuten. Horren adibide garbia kristautasunaren hastapenetan agertzen den Jesus haurraren jaiotzakoa da; bere etxera joan baitzitzaizkion mesopotamiar jakintsu batzuk (gero errege mago bezala ezagutuko ditugunak) zenbait gauza eskaintzera.

Aipatu beharreko puntu nagusia idazkera da. K.a. 3000. urte inguruan agertu ziren lehen testu idatziak, kuneiforme idazkeran, hain zuzen ere. Idazkera hori kanabera zati bat erabiliz, buztinezko taula itxurako zati hezean egiten zen eta gero taula egosi egiten zuten. Idazkera eta zibilizazioaren jakinduria irakasteko eskolak, artxibategiak eta liburutegiak zabaldu ziren.

Jakintzari dagokionez, hasieratik oso garapen handia izan zuten bai matematikak bai geometriak. Horren arrazoia garbia da: ondo neurtu behar ziren lur-eremuak, zergatan zenbat eska zitekeen kalkulatzeko. Ondorioz, kalkulu matematikoa oso garatua zegoen. Esate baterako, sumertarrek asmatu zuten guk angeluak neurtzeko erabiltzen dugun sistema hirurogeitarra.

Garrantzi berezia izan zuten astronomiari buruz eginiko ikerketek eta kalkuluek ere. Mesopotamiarrak izan ziren planeta, izar eta konstelazioak zehaztu eta izena jartzen lehenak. Haiek irakatsi zizkioten antzinate osoari Astronomiari buruzko lehenengo ezagupenak, eta Babiloniako aztiak mundu osoan ziren estimatuak, erromatarren garaira arte.

Medikuntzaren arloan, lehen pausoak eman zituzten; ikerketa zientifikoarekin batera magia ere nahasten zuten, eta horregatik gaur egun zaila egiten zaigu bata zein bestea bereiztea. Biologia, kimika eta botikagintza ere garatu zituzten.

Zuzenbidea. Hamurabiren Kodea da ezagutzen den lege-bilduma zaharrena eta osoena. Hamurabi erregeak idatzi zuen K.a. 1760. urtean. Legeak harrian idatzi zituzten eta aldaezinak ziren, erregeek ere aldatu ezin zituztela zioen. Araudi horri esker garaiko Mesopotamiako gizartea ezagutzeko aukera aberatsa daukagu.

Utzi erantzuna