Kleroak, nobleziak bezala, gizarte-maila pribilegiatua zuen. Estamentu horretako jendeak, nobleziak bezala, zerga-salbuespenak zituen, bai eta abantaila judizialak ere; esate baterako: epaiketa eta auzitegi berezietarako eskubidea zuten. Baina alde handia zegoen goi-kleroaren (apezpikuak, artzapezpikuak, kardinalak, etab.) eta behe-kleroaren (fraideak eta erretoreak) artean. Goi-kleroa familia nobleetako edo familia aberatsetako pertsonek osatzen zuten. Behe-klerokoen bizitza-baldintzak, aldiz, herri xehearen baldintzen antzekoak ziren.
Apaiz gehienak nekazariek ordaindutako hamarrenetatik bizi ziren. Euskal lurraldeetan behe-kleroa maiz jauntxoen mende egoten zen; izan ere, askotan, nobleak ziren eliza edo ermiten jabeak, eta hamarrenak jaso eta soldata ordaindu ohi zioten apaizari.