Nobleziak gizarte-piramidearen goi-goian jarraitu zuen, eta, oro har, botere ekonomikoari eutsi zion. Nobleziaren botere ekonomikoa lurren jabetzan eta tituluen ondorioz jasotzen zituzten errentetan oinarrituta zegoen, batik bat. Monarkei esker, gizarte talde horrek eragina eta nagusitasuna izaten jarraitu zuen. Izan ere, monarkiari emandako laguntzari esker, nobleek goi-goiko karguak zituzten politikan, armadan eta elizan.
Noblezia talde itxia zen eta jaiotzatik sartzen zen talde horretan. Baina, denborak aurrera egin ahala, maila baxuagoko beste talde batzuetako gero eta jende gehiago sartu zen nobleen taldean, zenbait merituri esker edo tituluak erosita. Behe-noblezia ere bazegon. Noble horiek ez zuten ez jabetzarik ez baliabide ekonomikorik, eta asko eta asko hirietan bizitzen jarri ziren, burgesekin eta maila baxuagoko beste pertsona batzuekin batera. Bestetik, monarkiaren absolutismorako joerak nobleen boterea mugatu zuen. Nobleek nekazariengan zuten boterea murrizten joan zen erregea.
Nobleziaren ondasunak babesteko, XVI. mendean maiorazko sistema sortu zuten Espainian. Sistema horren arabera, ezinezkoa zen familiaren ondasunak banatzea edo saltzea, eta aukeratutako oinordeko bat, gehienetan seme zaharrena, gelditzen zen lur sail guztien jabe.
XVI. mendean, Bizkaia osoan, Gipuzkoa osoan, eta Arabako nahiz Nafarroako hainbat lekutan, gizarte-berdintasun joera agertu zen. Foruetan kaparetasun unibertsal gisa agertu zen. Horren arabera, lurralde horietako biztanle guztiak nobleak ziren.