II. Mundu Gerra amaitu ondoren, lehia handia sortu zen Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren artean eta alde biak ibilaldi espazialez baliatu ziren, arlo militarrean zein teknologikoan egiten ari ziren aurrerapenak erakusteko.
1957an, Sobietar Batasuna izan zen aurrena satelite artifizial bat orbitan jartzen: Sputnik I.
1961ean, sobietarrak izan ziren, baita, gizakia espaziora bidali eta bizirik itzultzea lortu zuten lehenak ere; Yuri Gagarin izan zen astronauta.
Hurrengo helburu nagusia gizakia Ilargian jartzea izan zen. Estatu Batuek lortu zuten: Apolo programaren baitan, Neil Armstrong izan zen, 1969an, Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia. 1972an eten bat egin zen Ilargiaren konkistan eta 2013 arte, behintzat, ez da gizakirik itzuli.
Ilargira iritsi ondoren, beste planeta batzuetara tripulaziorik gabeko ontziak helarazteko lehian aritu ziren. Horretarako, hainbat zunda bidali zituzten beste planeta batzuen ezaugarriak ikertzera, Marte eta Artizarra ikertzeko, batik bat.
1986an, Sobietar Batasunak MIR espazio-estazioa jarri zuen orbitan; horri esker, gizakiak denbora luzez bizitzeko aukera izan zuen bertan.
80. hamarkadatik aurrera, aipatu bi estatuen arteko harremanak hobetzen hasi ziren eta elkarlanari ekin zioten.Geroago elkarlan horretara gehitu ziren Kanada, Europar Batasuna eta Japonia ere. Elkarlaneko prozesu horren emaitza da Nazioarteko Egoitza Espaziala (ISS), 2000ko azaroaren 2tik etengabe tripulatuta dagoena.
XXI. mendeko lehen hamarkadan Txina eta India ere ibilbide eta lehia horretan sartu dira eta satelite artifizialak eraiki eta espaziora igorri dituzte.