Lurraren eremu magnetikoa

Lur planetari dagokionez, magnetosfera termosferan dagoen geruza bat da. Atmosferaren kanpokoena den geruza da, hots, lurrazaletik urrutien dagoena.

Geruza honen izenak Lurraren eremu magnetikoari egiten dio erreferentzia. Eremu honek eguzkiaren erradiaziotik babesten gaitu, elektrikoki kargatutako partikulak (elektroiak eta protoiak) desbideratuz. Eguzkiaren erradiazioari eguzki-haizea deitzen zaio eta honen eraginez, Lurreko eremu magnetikoa ez da erabat simetrikoa: eguzkiaren alderantz dagoen zatia txikiagoa da eta atzeko zatiak hainbat eta hainbat kilometroko buztana osatzen du, eremu magnetikoari kometa itxura emanez. Partikula batzuk Lurrera iristea lortzen dute poloetan: aurora borealak (ipar poloan) eta aurora australak (hego poloan) sortzen dira hauen eraginez.

Lurraren eremu magnetikoa (edo eremu geomagnetikoa) Lurraren nukleotik eguzki haizearekin topo egin arteko eremu magnetikoa da. Eredu dipolar erregular baten arabera adieraz daiteke, eta Lurraren erdigunean eta errotazio ardatzari buruz pixka bat okertua (11°) legokeen barra imandu batek sortuko lukeen eremuaren antzekoa litzateke. Horregatik polo magnetikoak ez datoz guztiz bat polo geografikoekin. Gaur egun, ipar polo edo iparburu magnetikoari 78° 30’ ipar latitudean eta 69° mendebal longitudean dagoen puntua dagokio, ipar-mendebaleko Groenlandian, eta hegoburu magnetikoari, berriz, 78° 30’ hego latitudean eta 111° ekialde longitudean, Antartikan, dagoen puntua.

Historian zehar Willian Gilbert fisiko eta filosofoak 1600. urtean Lurra eta imanen arteko antzekotasunak aipatu zituen, eta dagoenekoz garai horretan aurreneko iparrorratzak erabiltzen ziren ere.

Lurraren eremu magnetikoaz baliatzen diren adibide batzuk aipa genitzake:

1.      Iparrorratzak ipar eta hego geografikoen arteko lerroaren norabidea adierazten du, baina orratzak, egia esan, ipar magnetikoa seinalatzen du.

2.      Saguzarren iparrorratza. New Jersey-ko Princeton Unibertsitatean egin duten ikerketa batean ikusi dutenez, saguzar arre handia Eptesicus fuscus) Lurraren eremu magnetikoaz baliatzen da orientatzeko. Ondorio horretara iristeko, saguzar-talde bat bere ohiko gordelekutik 20 kilometrora eraman zuten. Saguzarrak banaka askatu, eta ikusi zuten saguzar guztiak bueltatu zirela gordelekura arazorik gabe. Ondoren, Lurrarena ez zen eremu magnetiko batean jarri zituzten. Saguzar batek ere ez zuen lortu gordelekura iristea. Eremu magnetiko artifizial horretatik atera eta denbora gutxira, ordea, berriro orientatu eta gordelekurantz abiatu ziren.

Klima-aldaketa

Aldaketa klimatikoak deritzaie maila erregionalean edo mundialean ematen diren klimaren historiaren aldaketei. Aldaketa horiek denbora tarte oso desberdinetan gerta daitezke, eta, parametro meteorologiko guztietan eduki dezakete eragina: tenperaturan, presio atmosferikoan, prezipitazioetan, hodeietan… Arrazoiak naturalak edo antropikoak izan daitezke.

Sarritan, ordea, termino hau orainaldiko klima-aldaketak izendatzeko erabiltzen da, berotze globalaren sinonimotzat. Nazio Batuen Klima Aldaketaren Konbentzio Esparruak adibidez, klima-aldaketa darabil, soilik gizakiak sortua den aldaketa adierazteko. Berotze globalaz gain, beste hainbat eragin ere baditu klima-aldaketak, hala nola, euriteetan, eta euren patroietan, hodei-estalduran, eta, atmosferako beste elementuetan.

Dakizuen bezala, Lurreko tenperatura nahiko epela da, berotegi-efektuari esker, baina hori eragiten duten gasen kontzentrazioak asko handitzen ari dira azken urteetan, eta horrek efektu naturala areagotu egin du.

Substantzia organikoak erretzen direnean, karbono dioxidoa (CO2) sortzen da, eta hori atmosferan pila daiteke. Historiaurretik hasita, badirudi atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa beti berdintsua izan dela Lurreko atmosferan. Baina, azkeneko mende honetan, kontzentrazio hori nabarmen handitu da. 1900. urtean, atmosferako milioiko 280 zati bakarrik ziren karbono dioxidoa eta gaur egun, berriz, 340 dira.

Berotegi-efektuak eragindako tenperaturaren igoeraren ondorioz, kliman aldaketa handiak gerta daitezke: poloetako izotzak urtu egin daitezke, eta urtutako ur horrek itsasoetako ur-maila igoaraziko luke. Berotze globalaz gain, beste hainbat eragin ere baditu klima-aldaketak, hala nola, euriteetan, eta euren patroietan, leku batzuetan gehiegizko euriteak eraginez, eta beste lurralde batzuk basamortu bihurtuz. Hodei-estalduran eta atmosferako beste elementuetan ere eragin sakonak izan ditzake. Aldaketa horien ondorioak aurrez asma ezinak dira, baina larriak izan daitezke.

Atmosferaren kutsadura gutxiagotzeko premiazko neurriak aplikatuz bakarrik geldi daiteke berotegi-efektu hori, erregai fosilen kontsumoa murriztuz, eta energiaren erabilera arrazionalagoa eginez. Gainera, energia berreskuragarriak garatzea gizakion helburu nagusietako bat izan beharko litzateke.

Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: merkataritza

Asia eta Amerikako merkataritza-bideez gain beste garrantzitsu bat Europa iparraldekoa zen, eta horretan, ingelesak eta herbeherearrak nagusi baziren ere euskaldunek ere garrantzia zuten. Horretan garrantzia zuen euskal lurraldeen kokapen geografikoak. Izan ere, Iberiar penintsularen eta Europako kontinentearen artean estrategikoki kokatuta zeuden. Horrela, bi esparru horien arteko merkataritza-harreman nagusiak itsasoz eta euskal lurraldeetatik egiten ziren batez ere.

Bizkaiko portuek, eta batez ere Bilbok, Erdi Aroaren amaieran Gaztelako artilearen esportazioaren ia monopolio osoa lortu zuten. Gainera, 1511n, Bilboko merkatariek Bilboko Kontsulatua, merkataritza-jarduera antolatzen eta arautzen zuen erakundea, sortu zuten. Bilboko portuaren beste esportazio nagusia burdinarena zen. Burdina batez ere, Londresera, Brujasera, Anberesera eta Amsterdamera esportatzen zen.

Merkataritzan eragin handia izan zuen erakundea 1728an sortutako Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra izan zen; ekonomia suspertzen eragin handia izan zuen Gipuzkoan.

Konpainia hark, Cadiztik pasa beharrik gabe, Pasaia eta Venezuela arteko merkataritza zuzena izateko pribilegioa lortu zuen. Kakaoaren monopolioa, kontrabandoa eta legez kanpoko merkataritzari aurre egin eta kendutako materialaz jabetzeko baimena lortu zuen. Konpainiak mozkin handiak lortu zituen eta Gipuzkoaren garapenean eragin biziki handia izan zuen: Venezuelako kakao-produkzioa eta ekonomia guztia hazi egin zen. Konpainiaren galeran eragina izan zuen egoitza Madrilera pasa izanak (1751); gero eta mozkin gutxiago lortzea ingelesekin konpetentzia handia zelako eta merkataritza librea onartu izanak (1785).

Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra

1728an Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra sortu zen, lurralde horretako ekonomia suspertzen eragin handia izan zuena. Garai hartan Espainia eta Amerikako kolonien arteko merkataritza Cadiztik pasatzen bazen ere, konpainia hark, Cadiztik pasa beharrik gabe, Pasaia eta Venezuela arteko merkataritza zuzena izateko pribilegioa lortu zuen. Honako hauek ziren, besteen artean, konpainiak zituen pribilegioak:

– Kakaoaren monopolioa, hau da, Espainiako Erresumaren eta Venezuelaren arteko merkataritza egiteko pribilegioa soilik erakunde horrena zen.

– Kontrabandoa eta legez kanpoko merkataritzari aurre egin  eta kendutako materialaz jabetzeko baimena lortu zuen.

Konpainiaren merkataritza-tratua honako elkartruke honetan oinarritzen zen: joateko bidaian, Pasaiako portutik ateratzen ziren itsasontziek burdinazko denetarikoak (iltzeak, aizkorak, goldeak, erremintak…), mertzeriazkoak eta Andaluziako nekazaritza-produktuak (olioak, olibak, ozpina, edari biziak) garraiatzen zituzten, bai eta Frantziako ardoak, edari alkoholdunak eta irinak ere. 

Caracastik bueltan, generorik gehiena eta inportanteena kakaoa zen, baina ez bakarra, aldiro-aldiro kafea, azukrea, kotoia, tabakoa, larru onduak ere iristen baitziren, gehienetan Herbehereetara bidaltzeko.

Konpainiak diru irabazi handiak lortu zituen eta Gipuzkoaren garapenean eragin biziki handia izan zuen. Konpainiaren garrantziari zela eta, lanpostu asko sortu ziren; marinel eta ofizial ia guztiak gipuzkoarrak ziren. Hainbestekoa, Larramendi jesuita kexu azaldu baitzen kostaldeko herriak arrantzarako gazterik gabe geratzen zirela, Gipuzkoar Konpainiak erakarrita.

Era berean, Pasaiako badiako biztanle asko baliatu zen itsasontzien eraikuntzak ontzioletan eragindako lanaz. Konpainia Gipuzkoako ekonomiaren benetako bultzatzailea izan zen; merkataritzan etekinak handitzea ekarri zuelako, konpainiaren irabaziak Espainiako Erresuman geratu behar izaten zuten.

Konpainiak garrantzia galdu  zuen, konpainiaren egoitza Madrilera pasa zelako  (1751) eta gero eta mozkin gutxiago lortzen zituzten  ingelesekin konpetentzia handia zelako, besteak beste.

1785ean desegin zen konpainia.

Ekonomia Aro Modernoan: hirugarren sektorea, merkataritza

Merkataritza-jarduera garrantzitsuenak itsasoz bestaldearekin egiten ziren. Asiatik portugaldarrek espeziak, zeta, zur bitxiak, tea eta portzelanak ekartzen zituzten, besteak beste. Lisboaz gain, banaketa-zentro nagusiak Venezia eta, batez ere, Anberes ziren; Brujas ere gune garrantzitsua zen, baina Anberesek hartu zuen haren lekua. Anberesen portugaldarrek eramandako espeziez gain, Poloniako garia, Alemaniako metala, Italiako ehunak eta metalak eta Gaztelako artilea salerosten ziren.

Amerikarekin Sevillaren bidez egiten zen merkataritza gehiena. Metal bitxiak eta beste produktu batzuk inportatzen ziren; esate baterako azukrea. Sevillatik, honako hauek esportatzen ziren, batik bat: Gaztelako garia, Andaluziako ardoa eta olioa, Segoviako ehunak, euskal lurraldeetako burdina eta Toledoko armak.

Amerikako urrea oso garrantzitsua izan zen Espainiako ekonomian, baina baita mundu osokoan ere. Espainiako errege-erreginak itsasontzien zain egoten ziren, bankariekin zituzten zorrak kitatzeko. Bankariek, berriz, zorrak kobratu behar zituzten, kredituak ematen jarraitzeko. Sevillan zeuden merkatariek ere hilabeteak itxaron behar izan zituzten salerosketak gauzatzeko. Asiako merkatariak ere urrea iritsi zain egoten ziren; izan ere, haien bezeroek, merkatari portugaldarrek, horixe erabiltzen zuten trukerako txanpontzat.

XVII. mendeko krisiak gehien eragin zituzten lurraldeak Espainia eta harekin harreman estuak izan zituzten lurraldeak izan ziren. Testuinguru horretan, merkataritza eta industriak kalte handiak izan zituzten eta gainbehera hori baliatuz, Herbehereak bihurtu ziren merkataritza-gune nagusi. Herbeherearrek zuten itsasoaren kontrola XVII. mendearen lehen erdian; bigarren erdialdean, ordea, beste potentzia bat agertu zen Ingalaterra. Herbehereek eta Ingalaterrak izan zuten goraldi ekonomikoan garrantzia handia izan zuten Asiako kolonietako produktuen inportazioek, baina baita industrietako produktuak kolonietako merkatuetara egindako esportazioek ere.

XVIII. mendean merkataritzaren buru Ingalaterra zen. Merkataritza-harremanak koloniekin egiten zituen, baina merkataritza nagusia esklaboena zen. Afrikako mendebaldeko kostaldean erositako prezioa baino bost aldiz garestiago saltzen zituzten esklaboak Amerikan. Hala, hiru zutabeko merkataritza-sarea osatu zuten: Ingalaterran finantzatutako itsasontziak Afrikako kostaldera abiatzen ziren esklaboak erostera, eta handik Amerikara eramaten zituzten. Haiek ateratako produktuak Ingalaterrara eramaten ziren eta Europan saltzen zituzten; eta jasotzen zituzten etekin ekonomikoekin Afrikara beste itsasontzi batzuk bidaltzea lortzen zuten

Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: ontzigintza

Kostalde zabala edukitzeak, itsasoari lotutako jarduerek (arrantza, merkataritza, balearen arrantza …) garrantzi handikoak izateak, eta beharrezko hornigaiak (zura eta burdina) ugari eta eskura errazak izateak bultzada handia eman zion euskal ontzigintzari. Garraiorako, arrantzarako eta erregearen aginduzko gerraontziak egiten zituzten.

Garaiko ontziola nagusiak Bizkaian Bilboko itsasadarrekoak ziren (batez ere Zorrotzakoa eta Deustukoa), eta Gipuzkoan, berriz, Zumaiakoa, Debakoa, Mutrikukoa, Pasaiakoa eta Oriokoa. Baina beste hainbat herritan ere aurki zitezkeen ontziola txikiagoak (Hondarribian, Irunen, Donostian, Zarautzen, etab.). XVI. eta XVII. mendeetan Espainiako monarkiaren itsas armadaren ontzi gehienak Zorrotzako (Bilbo) ontziolan eraikitzen zituzten.

XVI. mendean Gipuzkoan bakarrik 357 itsasontzi eraiki ziren eta hurrengo mendean 381, hau da, urtero hiru-lau ontzi, batez beste. Bizkaiko ekoizpena apur bat apalagoa zen XVI. mende osoko ekoizpena ehun bat ontzikoa izanik. Gehien eraiki ziren itsasontzi motak naoak eta galeoiak izan ziren. Gainera, jarduera horren inguruan beste batzuk garatu ziren; errementariez eta arotzez gainera, belak edo sokak egiten zituzten lantegiak ere ugaritu ziren.

Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: burdingintza

Euskal burdingintzak oso garapen handia izan zuen XV. mendearen amaieratik aurrera. Horretarako, oso garrantzitsua izan zen burdinaren aparteko kalitatea eta ibai eta baso asko egotea, oso beharrezkoak baitziren burdinolak elikatzeko. Bestalde, itsasertzetik hurbil zeudenez, erraza zen produktuak merkaturatzea eta beste leku batzuetara esportatzea. Amerikarekin merkataritza ireki zenean, garapen hori indartu egin zen; izan ere, burdinolak ugaritu egin ziren, eta, horietan, pertsona askok egiten zuen lan.

Burdinolek XVI. mendearen amaiera arte eutsi zioten produkzioari, gerrek, nekazaritzak (nekazaritza-tresnak) eta urbanizatze-prozesuak eragindako eskari handiagatik. Une horretatik aurrera, burdingintza-jarduera gainbehera joan zen. Lehenik eta behin, gerrek merkataritza-harremanak galarazi zituzten. Bigarrenik, berritasun teknikoen ondorioz, kalitate txikiagoko minerala erabilita burdin kantitate handiak sortzeko aukera ematen zuten burdinola asko sortu ziren Europan. Euskal burdinolek ezin izan zuten horrekin lehiatu, eta galdutzat jo zituen Europako merkatuak, haiek kantitatea eskatzen baitzuten, kalitatea baino gehiago.

Ekonomia Aro Modernoan: bigarren sektorea

Bigarren sektoreaz ari garenean artisautzaz ari gara. Europan garai hartako industria edo artisautza nagusiak burdingintza, zura eta oihalgintzarekin lotutakoak ziren. XVI. mendean hirietako artisautzaren ekoizpena Erdi Aroan sortutako gremioen eskutan zegoen artean.

XVI. mendeko esplorazioek sortutako aldaketa guztiek bultzada eman zioten artisautzari. Alde batetik, esplorazioek eta kolonizazioek artisautzarako lehengai berrien inportazioa areagotu zuen, baina, batez ere, merkatu berriak zabaldu zituen kolonizatutako lurralde horietan, Amerikan zein Asian. Esplorazioek beraiek ere eskari handia ziren, itsasontziak, burdinkiak, etab. behar baitzituzten.

Euskal lurraldeetan bigarren sektorean burdingintza, ontzigintza eta armagintza ziren jarduera nagusiak. XVI. mendean asko ziren jarduera horietan aritzen zirenak euskal lurraldeetan, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiribilduetako biztanleriaren parte handi bat halako lanetatik bizi zen. XVII. mendeko krisiak bigarren sektoreko jarduerek apur bat behera egitea bultzatu zuen, baina garrantzia izaten segitu zuen.

Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: arrantza

Arrantzan, historian zehar, euskaldunak kostaldetik hurbil aritzen ziren. Eta XII. mendetik aurrera nahiko arrunta zen balearen arrantza Bizkaiko golkoan. Harrapaketa horien ondorioz, baleak desagertuz edo urrunduz joan ziren heinean, arrantzaleak urrundu egin behar izan zuten. Arrantza hura iparraldeko itsasoetara zuzentzen zen; Islandia, Groenlandia eta Ternua aldera bideratu behar izan zen. Arrantza-arloan, itsas zabaleko arrantza asko garatu zen XVI. mendean (adibidez arrainak kontserbatzeko sistemak). Bi ziren jarduera nagusiak: balearen arrantza eta bakailaoaren arrantza.

Itsasoko ustiapenean bakailaoa eta balea etekin handiena eskaintzen zuten jarduerak ziren, baina ez bakarrak. Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin beste arrain batzuk ere harrapatzen jarraitzen zuten, besteak beste, legatza, itsas aingira eta bisigua.