Siluriarra da Paleozoikoaren hirugarren periodoa. Aurkitu diren garai horretako fosiletatik ondoriozta daiteke ugaldu egin zela lehorreko bizitza. Itsasoko bizidunek Ordoviziarreko berak izaten jarraitzen zutenez, trilobitea zen ugariena.
Egilea: admin
Ordoviziarra (510-439 m.u.)
Paleozoikoaren bigarren periodoa da. Trilobiteak ziren itsasoko bizidun nagusiak, baina, horiez gain, lehen arrainak ere agertu ziren; bai eta zona lehorretan goroldioaren antzeko lehen landareak ere. Eremu lehorretako landareok, bizirauteko, estrategia berriak garatu behar izan zituzten: zutik mantentzeko ahalmena, adibidez, eta ura gordetzeko gaitasuna.
Kanbriarra (570-510 m.u.)
Paleozoikoaren lehen periodoa da. Horretan gertatu zen Kanbriarreko bizi-eztanda: denbora tarte laburrean bizitza-mota ugari agertu ziren: besteak beste, lehen itsas ornodunak eta, horien artean, Paleozoiko osoaren adierazgarri izango den trilobitea. Kanbriarrekoak dira baita lehen moluskuak eta algak ere.
Paleozoikoa
Paleozoikoa duela 570 milioi urte hasi eta orain 245 milioi urte amaitu zen. Beste hitzetan, Paleozoikoa hasierako superkontinente baten apurketakoan hasi zen eta Pangea superkontinentearen sorreraz amaitu. Paleozoikoa honako periodo hauetan banatzen da: Kanbriarra, Ordoviziarra, Siluriarra, Devoniarra, Karboniferoa eta Permiarra.
Paleozoikoko gertaera garrantzitsuena, ikuspegi geologikotik, Pangea superkontinentearen sorrera da; prozesu hori emateko, kontinenteen arteko talkak gertatu ziren, baita hainbat orogenia-mugimendu ere; horietatik ezagunena hertziniar orogenia da.
Paleozoikoaren hasierako bizidunak bakterioak, algak eta uretako izaki zelulanitz batzuk ziren. Paleozoiko bitartean Kanbriarreko bizi-eztanda gisa ezagutzen den fenomenoa gertatu zen eta, aroa amaitzerako, hainbat motatako bizidun ugari agertu ziren; hau da, ikuspuntu geologikotik, une batean bizidun zelulanitz ugari agertu ziren. Paleozoikoa amaitzerako, landareek eta narrastiek kolonizatuta zeuzkaten kontinenteak.
Paleozoikoko fosilen artean, badago bat oso berezia dena: trilobitea. Abere hau Paleozoikoan bakarrik bizi izan zenez, horrelakoren bat sedimentu-geruzaren batean aurkituz gero, geruza hori datatzeko erabiltzen da. Garai bakarrean bizi izan diren horrelako fosilak fosil gidari izenez ezagutzen dira.
Euskal Herriari dagokionez, Paleozoikoaren erdian azaleratu ziren lehen lur-eremuak, gaur egun Pirinioak hasten diren eskualdeetan: Aiako Harria, Aldudeko eta Kintoko mendiguneak.
Kanbriarraurrea
Kanbriarraurrea da Lurraren historiako zatirik handiena hartzen duen era: Lurra sortu zenetik ―hau da, orain 4.500 milioi urte ingurutik―, orain dela 570 milioi urte arte iraun zuen. Denbora-tartea hain luzea izanik ere, gaurdaino Kanbriarraurreko aztarna gutxi aurkitu da.
Ikuspuntu geologikotik begiratuta, lurrazala sortu zen garaia da: tenperatura hoztu ahala, harriak solidotzen hasi ziren. Hala ere, ezin da eskuratu Kanbriarraurreko informazio askorik, orduan sortutako harriak, haien zikloari jarraituz, urtu egin baitira eta magman integratu.
Izaki bizidunei dagokienez ere, oso fosil gutxi aurkitu dira; batetik, Kanbriarraurreko bizidunek lur-zati gogor gutxi zituztelako eta sortu ahal izan ziren fosil urriak, harrien antzera, jadanik urtu egin direlako.
Euskal Herriari dagokionez, lurralde guztia urpean zegoela uste da, eta ez da aurkitu Kanbriarraurreko arrastorik.
Lurraren historia
Ez da izan erraza gertatu Lurraren sorrera nolakoa izan zen jakitea; izan ere, jadanik ez baita geratzen hasiera-garaiko aztarnarik. Aldiz, Ilargian eta meteorito batzuetan aurkitu dira eguzki-sistema sortu zen garaiko arroka batzuk, orain 4.500 milioi urte gutxi gorabehera sortutakoak. Hori horrela, astrofisikoek ondorioztatzen dute eguzki-sistema osoa garai berean sortu zela, eta Lurrak ere 4.500 milioi urte inguru dituela.
Lurraren sorrera
Big Bang-aren ondoren, barreiaturik zegoen materia biltzen eta astroak sortzen hasi ziren. Lur planeta ere Eguzkiaren inguruan biran zebilen materiala biltzean sortu zen. Hasiera batean, bildutako materia guztia urtuta zegoen:
- Talken energia bero bihurtu zelako.
- Planetaren barruan gertatzen ziren erreakzioek askatutako energiagatik.
Tenperatura jaisten hasi zenean, lurrazala sortzen hasi zen pixkana, harriak solido bihurtuz joan zirelako. Hala ere, badira garai horretako bi gauza, kontuan hartu beharrekoak: lurrazala oso fina zela oraindik eta barne-eragileek, sumendiek batez ere, aktibitate handia zutela. Lur planetako ur guztiak, beraz, lurrunduta jarraitzen zuen artean, tenperatura 100 ºCtik gora mantentzen zelako. Tenperatura 100 ºCtik jaitsi zenean, ur-lurruna likidotzen hasi zen eta uraren zikloari bide eman zion. Lehen bizidunak uretan sortu zirenez, ondoriozta dezakegu Lurrean ez zegoela inolako bizitzarik lehenago.
Lurraren adina
Lurrak, lehenago esan dugunez, 4.500 milioi urte dituela uste bada ere, gaurdaino aurkitu diren harri zaharrenak, Groenlandian aurkituak, orain 3.800 milioi urte sortutako harri metamorfikoak dira. Harri metamorfiko horien jatorria beste harri sedimentario batzuk direnez, lurrazala orain 4.000 milioi urte inguru sortu zela kalkulatzen da. Pentsa litekeenez, hasieran sortutako harri gehienak eraldatu egin dira. Horregatik aurkitu dira Lurraren sorrera-garaiko edo denbora haren inguruko hain arrasto gutxi: harrien zikloa jarraituz, desagertu egin direlako, hain zuzen, zaharrenak.
Baina nola ziurta daiteke harri horiek 3.800 milioi urte dituztela eta ez 200 edo 1.900 milioi urte? Harriek zenbat urte dituzten jakiteko, horien datazioa egiten da eta, horretarako, harrien erradioaktibitatea neurtzen da. Harrien neurketak egiteko gehien erabiltzen den substantzia erradiaktiboa uranio-238 da. Datatu beharreko materiala organikoa denean (harriak bezain zaharra ez, beraz), karbono-14 atomo erradiaktibo kopurua neurtzen da.
Garai berriagoetara hurbilduz goazen heinean, informazio gehiago eskuratzeko aukera dago. Informazio gehiena harri sedimentarioetan aurkitzen da: harrien sorrera-baldintzei buruzko informazioa, (non eta nola sortu diren) lortzen da, batetik; eta, bestetik, harri horietan aurkitzen diren fosilek ematen dutena. Sedimentuak, berez, geruzaka pilatzen direnez, kronologiaren arabera antolatuta daude eta horietatik garai bakoitzari buruzko informazioa lortzen da. Estratigrafia da geruza horiek aztertzeaz arduratzen den zientzia.
Eskala geologikoa
Lurraren historiari buruz lortu diren datuak baliatuz, denbora-eskala geologikoa osatu da. Horretarako erabiltzen den denbora-unitatea milioika urtekoa da. Historia guztia era deritzon lau arotan banatzen da: Kanbriarraurrea, Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa. Era bakoitzak denbora-tarte jakin bat betetzen du eta, berez ere oso luzeak direnez, bakoitza hainbat periodotan zatitu ohi da.
Failak eta tolesak
Sedimentuak geruza horizontaletan pilatzen dira milioika urtetan zehar sedimentazio-guneetan,. Lur barneko indarrek geruza horien gain indar egitean, materialak altxatu egiten dira eta forma-aldaketak jasaten dituzte, harrien ezaugarrien arabera.
• Geruza harri elastikoz osatuta dagoenean, barne-indarren eraginpean, forma aldatu egiten zaio geruzari; baina indarra desagertzean, hasierako forma hartzen du berriro.
• Harriak plastikoak badira, geruza deformatu egiten da; eta, indarra desagertzean, forma aldatu horretan bertan jarraitzen du.
• Material zurrunez osatutako geruzetan indarra egitean, deformatu ordez, apurtu egiten da.
Errepide berri bat egitean, mendi-magaleko harri-geruzak ikusteko aukera izan dezakegu. Geruza horiek oso gutxitan egoten dira horizontalean: ia beti deformatuta agertzen dira. Deformazioa jarraitua denean, hau da, hausturarik gabea, toles bat dela esaten da; deformazioak hausturaren bat duenean, berriz, faila bat dela.
Lurraren barne egituraren eredu estatikoa
Lurraren barne-egitura aztertzeko zeharkako metodoak erabili behar izaten direnez, interpretatu beharra dago lortzen den informazioa. Azterketa-eredua jarraitzean materialen konposizioa hartzen bada irizpidetzat, ondoren azaltzen dugun eredu estatikoa ondorioztatzen da:
- Lurrazala: Lurraren kanpo-geruza da. Bi atal ditu: azal kontinentala eta azal ozeanikoa. Azal kontinentala era askotako materialek osatzen dute. Materialok, gainera, hainbat adin izan dezakete: baita 3.800 milioi urte arteko antzinatasuna ere. Azal ozeanikoa, aldiz, geologiaren ikuspuntutik begiratuta, homogeneoagoa da eta arroka nahiko gazteez osatua.
- Mantua: Azalaren azpian dago. Askoz osaera uniformeagoa du, baina bi sektore aski desberdinak ditu: olibinoa duen goi-mantua eta materia dentsoagoz (silikatoz, esaterako, baina burdina gehiagorekin) osatutako behe-mantua .
- Nukleoa: Barne-barneko geruza da. Dentsitate handia izatea du honen ezaugarri nagusia, burdina eta nikel-aleazioak baititu materialetan. Baliteke barneko nukleoa burdina puruz osatuta egotea ere.
Lurraren barne egituraren eredu dinamikoa
Zientzialariek, zeharkako metodoen bidez, Lurraren barne-egiturari buruzko informazioa interpretatu behar izaten dute. Materialen portaera mekanikoa hartzen bada irizpidetzat, eredu dinamikoa ondorioztatzen dute.
• Litosfera: Kanpoko geruza da; lurrazalaren eta goi-mantuaren zati banak osatzen dute. Geruza zurruna da.
• Astenosfera: Litosferaren azpian dago. Astenosfera da mantuaren sakonera txikieneko zatia. Geruza plastikoa da eta, tenperaturaren eta presio altuen ondorioz, arrokak urtu egiten dira gune batzuetan.
• Mesosfera: Astenosfera baino barrurago mesosfera dago; hau da, astenosferari ez dagokion mantuaren gaineko zatiak osatutako geruza. Nukleoa ukitzen duen gunean, D eremua dago; eremu horretan, uste denez, material urtuak egon litezke.
• Endosfera: Barne-barneko geruza da; barneko nukleoa eta kanpoko nukleoa hartzen ditu. Uhin sismikoen hedapenari buruzko ikerketek erakutsi dutenez, endosferaren kanpoaldea (kanpoko nukleoa) material urtuz osatuta dago, izan ere, gune horretan uhin batzuen transmisioa eten egiten baita.
Metodo sismikoa
Geosferaren konposizioa edo egitura ezagutu nahi baditugu, Lurra 6.370 km-ko erradioa duen esfera denez, ez da batere eraginkorra, horretarako, metodo zuzena baliatzea; hau da, geosfera zulatzea, zeren eta gizakiak, gehienez ere, 10 km-ko sakonerako zuloak egitea lortu baitu bakarrik. Ezinbestekoa da, beraz, zeharkako metodoak erabiltzea, Lurraren egitura aztertzeko. Horien artean, metodo sismikoa da erabiliena: uhin sismikoak Lurraren barnean nola hedatzen diren ikertuz, barne-egitura nolakoa den ondoriozta daiteke.
Lurraren barne-oreka etetean, hau da, lurrikarak gertatzean edo leherketa kontrolatuak egitean, uhin sismikoak sortzen dira. Askatutako energia hori P uhin, S uhin eta L uhin gisa hedatzen da. Harrien ezaugarriak nolakoak, uhinek ere modu bat edo besteko portaera dute eta ez da berdina izaten planetaren zona bat edo besteko sismografoetara iristen den informazioa.
Informazioa aztertzerakoan aplikatutako irizpideen arabera, bi eredu nagusi jarraitzen dira: materialen osaeran oinarrituta, eredu estatikoa; eta materialen portaera mekanikoan oinarrituta, eredu dinamikoa.