Estatu espainolean erkidego autonomi bakoitzeko arauak bertako estatutuan datoz, eta Autonomi Estatutu hori bera da herrialdea arautzen duen lege multzoaren bilduma edo legeria.
Konstituzioaren betekizuna du estatu nagusi baten barruan dagoen herrialde autonomoarentzat.
Autonomi Estatutuan autonomiaren izena, mugak, hizkuntza, erakundeen izenak, antolakuntza eta konpetentziak zorrotz eta zehatz adierazten dira.
1978ko Konstituzioan oinarrituz, Estatu espainiarra osatzen duten nazioak eta herrialdeak 17 erkidego autonomotan eratu ziren, eta erkidegoen eta gobernu zentralaren artean konpetentzien banaketa egin zen.
Ganbera bakarra da parlamentu autonomoetan. Espainia Europako estatu deszentralizatu batzuen parekoa da, Alemania eta Italiaren parekoa.
Ganbera hauen izena Autonomi Estatutuetan dator seinalatuta: Parlamentua, Batzar Nagusiak, Batzar Erregionala, Batzarra, Diputazio Nagusia, Gorteak etab. Aniztasunaren arrazoia oinarri historikoetan bilatu behar da.
Herrialdeetako parlamentuetan biltzen dira erkidego autonomoko herri ordezkariak. Hauek aukeratzen dute lehendakaria. Horri, Espainiako lehen ministroari Kongresuan bezala, zentsura mozioa ezar dakioke.
Parlamentu hauetako kideei, gehienetan, parlamentario autonomiko esaten zaie… Horien kopururik handiena 135ekoa da (Katalunian) eta, txikiena, 35ekoa (Kantabrian eta Errioxan), guztiak sufragio unibertsalez aukeratuak erkidego autonomoan zentsaturik daudenen artean.
Parlamentuen funtzio garrantzitsuenak honako hauek dira: erkidegoaren ordezkaritza izatea, herrialdeko aurrekontuak onartzea, botere exekutiboaren lana sustatzea eta kontrolatzea eta beren konpetentzia direnetan legeak egitea. Ez dira konpetentziak denetan berak: autonomia batzuek beste batzuek baino handiagoak dituzte, eta inon ez dira berak.
Lege autonomikoak, estatukoak bezala, Auzitegi Konstituzionalean azter daitezke berriro.