Basamortuko klima

klima_basamortua-aurrebista.jpg
Basamortuko klima

Basamortuak tropikoen inguruetan daude nagusiki, baina baita euri gutxi egiten duen lurralde epeletako hainbat aldetan ere: kontinente barneko lurraldeetan, mendikate handien atzealdean, itsaslaster hotzek ukitutako kostaldeetan…

Bai urtean zehar, bai egunaren eta gauaren artean, tenperatura-bitartea oso handia da basamortuetan. Prezipitazio kopurua, esan bezala, oso txikia dute, 250 mm/urteko baino gutxiago, eta zenbait lekutan (Saharako barnealdea, Atacama…), 5 mm/urteko baino gutxiago. Dudarik gabe, prezipitazio eskasia da klima horren ezaugarri nagusia. Basamortuen berezitasun nagusia lurralde horietako lehortasuna da

Badira basamortu beroak baita hotzak ere. Basamortu beroetan, tenperatura bitartea altua izaten da urte guztian: egunez, 50 °C-tik gora irits daiteke zenbaitetan, baina gauez, asko jaisten dira tenperaturak, batzuetan 0 °C-tik behera.

Basamortu hotzak tropikoetatik nahiko urruti daude, berez klima-zona epelak diren guneetan. Udan, egunez tenperaturak oso altuak izaten dituzte (50 °C, zenbaitetan), eta gauez hotzak; baina neguan tenperaturak baxuak dira, bai egunez, bai gauez (–10 °C-tik beherakoak sarritan). Asiako zenbait basamortu, Gobi eta Takla Makan adibidez, horrelakoak dira.

Munduan basamortu ezagun asko dago: Sahara (munduko basamortu zabalena), Kalahari, Arabiako basamortua, Australiako Hareazko Basamortu Handia, Atacama, Sonora…

Basamortuen bioma ingurune oso gogorra da biziarentzat, uraren eskasia berak mugatzen duelako bizitzeko gaitasuna: landareei zaila egiten zaie inguru latz horretara egokitzea, eta, ondorioz, baita animaliei ere. Ura dagoen lekuetan (aintzira, putzu eta ibaien inguruak…) oasiak sortzen dira. 

Horregatik, basamortuetan, gizakiaren eragina txikia dela esan daiteke, baina azken urteotan areagotzen ari da nabarmen petrolio- eta gas-ustiatzeagatik.

Basamortuko landareek dagoen hezetasun txikia biltzeko sustrai luzeak, sakonak eta zabalduak izan ohi dituzte. Gainera, ura gordetzeko moldaturik egoten dira maiz. Ezagunenak kaktusak dira: handienek hamar metrotik gorako altuera hartzen dute, eta ehunka litro ur gorde dezakete barnean. Oso ezagunak dira palmondoak ere; hezetasun pixka bat lortzen dutenean basamortuetan baso txikiak osatzen dituzte.Basamortuetako fauna ere berora eta lehorrera moldatua dago; dromedarioek eta gameluek, esaterako, egun askotan gorde dezakete ura gorputzean; kriskitin-sugeak edo eskorpioiak ezkutatu egiten dira egunez, bero handia egiten duenean. Animalia asko gauez bizi da.

Utzi erantzuna