Biziaren sorrerari buruz sinesmen eta teoria ugari izan dira, historian zehar. Horietako batzuk beheko taulan azaltzen dira.
GARAIA / ITURRIA | SINESMENA EDO TEORIA |
---|---|
3.000 urte K.a. – Antzinako Egipto | Ra Jainkoak (eguzkiak) kaos ilun eta urtsu batetik sortu zuen mundua. |
600 urte K.a. – jainismoa, budismoa | Munduak ez du ez hasierarik ez amaierarik. Bizi-energiak edo -indarrak dira biziaren iturria. |
500 urte K.a. – Biblia | Jainkoak sei egunetan eratu zuen mundua: 1) argia (eguna eta gaua), 2) zerua eta urak, 3) Lurra eta bertako landare eta zuhaitzak, 4) Eguzkia, ilargia eta izarrak, 5) hegaztiak eta arrainak, 6) Lurreko bizidunak, eta horien artean, lehenengo bi gizakiak: Adam eta Eva. Gero, Noeren garaian, Lurreko bizidun guztiak desagertu egin ziren uholde handi baten (Uholde Unibertsala) ondorioz, Noeren ontzian zeudenak izan ezik. |
350 urte K.a. – Lehen filosofo grekoak | Prozesu naturalek, eta ez jainkoek, eratzen eta kontrolatzen dute mundua. |
600 urte K.o. – islamismoa | Alak, Jainko bakarrak, sortu zituen zerua, Lurra eta izaki bizidun guztiak. |
Erdi Aroa – Europa | Jainkoak eratu zuen mundua, eta bertako landare eta animaliak gizakiaren zerbitzura jarri zituen. |
Erdi aroa – filosofia islamiarra | Averroesen filosofia: munduaren eraketa etengabe ari da gertatzen. |
XVI. mendea | Sinesmen erlijiosoak zalantzan jartzen hasten dira. Landare eta animalia ezezagunenak aurkitu eta lehenengo ikerketa zientifikoak egiten dira. |
XVIII. mendea | Lurraren adina Bibliak diona baino zaharragoa izan behar duen susmoa hartzen dute. Aurkitzen diren fosilen artean, desagertutako espezie batzuk daudela ikus daiteke. Lurra prozesu naturalen bidez aldatzen bada ere, dena jainkoak gidatuta izan daitekeela uste dute (Buffon, Linneo…). |
XIX. mendea | Mundua Jainkoak eratu duela eta Berak kontrolatzen duela da ideia zabalduena. Eboluzioari buruz lehen ideiak azaltzen dira (Lamarck). Darwinek bere teoria formulatzen du: bizidunek forma bakunetatik konplexuetara eboluzionatzen dute, ez Jainkoaren eraginez, hautespen naturalaren eraginez baizik, eta hobekien moldatuta daudenek irauten dute bizirik, eta euren ezaugarriak ondorengoei transmititzen dizkiete. |
XX. mendea | Genetikaren zientzia agertzen da. Geneak eta DNA ikertzen dira. Eboluzioaren teoria onartzen da, oro har. Badaude Biblian azaltzen dena sinesten dutenak ere (kreazionistak). |