Ez da gauza erraza bizitza zer den definitzea, nahiz eta, honezkero denok jakin, gutxi gorabehera, zer den bizidun bat. Beraz, bizitza bera definitzen saiatu beharrean, bizitzak bereak dituen funtzioak aztertuko ditugu.
Bizidun batek hiru bizi-funtzio nagusi izaten ditu; nutrizioa, erlazioa eta ugalketa. Bizitzaren unitate funtzionala deitzen zaio bizidunak hiru funtzio horiek egiteari; hau da, hiru bizi-funtzio horiek betetzeko gai izateari. Bizidunen hiru bizi-funtzio nagusi horiei buruz honako hau esan genezake.
1. Nutrizioa. Bizidunak kanpotik substantziak (solidoak, likidoak edota gaseosoak) hartu, bere barnean behar bezala eraldatu eta eraldaketa horietan sortutako beste zenbait substantzia (hondakinak) kanporatu egiten ditu. Izan ere, bizidunek zelulak elikatu behar dituzte bizitzeko, baina eskuratutako elikagaiek aldaketa batzuk jasan behar izaten dituzte horretarako, zelularentzat aprobetxagarri izan daitezen nutriente edo mantenugaia bilakatzeko. Aldaketa horiei esker lortzen dituzte bizidunek beren prozesuak (behar bezala funtzionatzeko, hazteko, mugitzeko, gorputzeko tenperaturari eusteko…) ahalbidetzeko beharrezko energia eta baita beraien eraketa eta osagaiak mantentzeko materiak ere.
Hala ere, materia organiko hori lortzeko bi modu daude: ekoiztea edo kanpotik hartzea. Beraz, bi motatako izakiak bereizten dira: autotrofoak eta heterotrofoak.
· Bizidun autotrofoa bere elikagaiak ekoizteko gai den izakia da, hau da, materia organikoa ekoizteko gai den organismoa; adibidez, algak, landareak eta hainbat bakterio.
· Bizidun heterotrofoa bere elikagaia osatzeko gai ez den organismoa da; alegia, berak bere mantenugaiak sortzeko gaitasunik ez duenez, izaki autotrofoetatik hartzen duena. Izan ere, bizidun heterotrofoek ezin dute, beren kabuz, elikagairik sortu, hau da, molekula organikorik ekoitzi. Horrelakoek janarietatik lortzen dituzte behar dituzten nutrienteak (karbohidratoak, koipeak, proteinak, bitaminak, ura eta gatz mineralak). Izaki heterotrofoek hartzen duten janaria ez dago prest bizidunaren zelulak zuzen-zuzenean elikatzeko. Digestio-prozesua behar dute janari horiek zelulentzat elikagai egoki bihurtzeko.
Nutrizioak betetzen dituen funtzioak, zehaztuta, beraz, honako hauek dira:
· Energetikoa. Gorputzaren funtzio guztiak egiteko behar den energia nahikoa lortzea.
· Plastikoa. Gure organismoaren egiturak eratzea eta mantentzea (gorputzeko zelulak berritzea).
· Erregulatzailea. Prozesu metabolikoak erraztea.
2. Ugalketa. Honen bidez izaki bizidunek haien antzeko ondorengoak sortzen dituzte, eta horrela, espezie horrek bizirik iraungo duela ziurtatzen du.
Izaki zelulabakar batzuek ugalketa sexualaren bidez ugaltzeko ahalmena eduki arren, gehienek ugalketa sexugabea dute; hau da, zelula bakar batek parte hartzen du ugalketan, eta zatiketa berezi baten bidez, zelula amaren berdin-berdinak izango diren beste bi zelula edo gehiagotan zatitzen da. Izaki zelulabakarrek ugalketa sexugabea egiteko modu desberdinak daude: erdibitzea, gemazioa eta esporulazioa. Kasu horietan guztietan, ama deitzen den horretatik sortzen diren zelula alabek amak zuen material genetiko berbera izaten dute, eta, horregatik, ingurumeneko aldaketetara egokitzea zailagoa izan dakieke.
Hainbat landarek sexugabeko ugalketa izan dezakete, eta izaki zelulabakarrek bezalatsu, landareen zatietatik sortzen dituzte izaki berriak; herrestadarren bidez landare berriak sortuz, landareen adaxkek sustrai berriak eman eta landare berriak sortuz… Landareek ugaltzeko dituzten era horiei guztiei, hazirik eta sexurik gabe gertatzen direnei, ugalketa begetatiboa deitzen zaie.
Ugalketa sexualaren kasuan, arra eta emea elkartu ondoren, gurasoen ezaugarriak dituzten ondorengoak jaioko dira. Ugalketa mota honetan energia gehiago kontsumitzen da, gurasoak elkartu eta zelula sexualak sortu behar dituzte eta. Baina, ondorengoak ez direnez gurasoen berdin-berdinak, ingurunean gertatzen diren aldaketetara hobeto moldatzen dira.
3. Erlazioa. Bizidun oro inguruarekin erlazionatzen dira: inguruko estimuluak jaso, mugitu, inguruko eraginei erantzuna eman… Beraz, zelulek inguruko aldaketa bati erantzuteko ahalmena izaten dute. Estimuluak fisikoak (tenperatuta edo argi-aldaketak…) edo kimikoak (inguruko gatz kantitatea, substantzia kimikoen presentzia…) izan daitezke. Zelulek era askotako erantzunak eman ditzakete estimulu horiek jasotzean, hala nola, erreakzio kimiko batzuk edo ingurtik babesteko estalki erresistenteak eratzea, baina arruntena higidura da; hau da, janaria lortzeko, arriskutik ihes egiteko… mugitzea.
Animaliok erlazionatzeko hainbat bide ditugu, esate baterako, gizakiok egunero hautematen ditugun milaka estimuluk (argia, beroa, hotza, arriskua, zarata…) bultzatzen gaituzte modu batera edo bestera jokatzea horien aurrean. Erlazio-funtzioari esker, informazio hautematen dugu, bai gorputzaren barrukoa, bai kanpokoa; eta datu horiek aztertuta, erantzun egokia pentsatzen dugu.