Burdin Aroa

burdin-aroa-aurrebista.jpg

K.a. 1000 urtetik aurrera burdina erabiltzen hasi zirenean, horrek benetako iraultza ekarri zuen. Burdina ugari zegoen, merkea zen eta edonon aurki zitekeen. Besteak beste, nekazaritzarako eta meatzaritzarako lanabesak egiteko oinarrizko lehengai bihurtu zen burdina. Metal horren jabetzak, brontzearen kasuan ez bezala, gizarte banaketan ez zuen hainbesteko garrantzirik izan, eta metalen merkataritza ere asko murriztuko zen.

Hori horrela gertatzeko, burdinaren lanketa menperatu behar zen. Gaur egun dakigunaren arabera, Anatolia inguruko hititek asmatu omen zuten burdina lantzeko teknika, baina ezkutuan eduki zutenez, denbora dezente igaro zen beste herrialdeetara zabaltzeko. K.a. 1000. urtetik aurrera Europa erdialdeko herriek Europa guztian zabaldu zuten burdinaren teknika.

Herrialde horiek, orokorrean indoeuroparrak edo zeltak deituak, Iberiar Penintsulara ere hainbat alditan etorri ziren klima epelago eta baldintza hobeagoak zituen lurren bila. Burdinaren erabilera zabaldu zuten iparraldeko herri horiek eraldaketa sakonak eragin zituzten joaten ziren lekuetan, beraien egitura soziala, politikoa eta erlijiosoa ere ezartzen zutelako:

  • Gizartea mailakatua zuten. Maila gorenean pixkanaka noblezia sortu zuten gerlari onak zeuden. Ondoren apaizak zeuden, jainkoei kultua egiteko. Eta azkenik, beheko mailan, nekazariak, artzainak eta artisauak aurkitzen ziren.
  • Elkarren arteko inbasioak eta borrokak ugariak zirenez, harresiz inguratutako herrietan bizi ziren gehienetan.
  • Beren sineskerak joaten ziren leku guztietara zabaltzen zituzten, hala nola, gorpuak erraustu eta errautsak ontzietan sarturik lurperatzearena. Horregatik, errauts-ontzi zelaien kultura ere deitzen zaio.
  • Burdinaz gain, gurdia, gurpildun goldea, etab. ere zabaldu zituzten.

Burdin Aroa K.o. I. mendean bukatu zen.

Utzi erantzuna