1728an Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra sortu zen, lurralde horretako ekonomia suspertzen eragin handia izan zuena. Garai hartan Espainia eta Amerikako kolonien arteko merkataritza Cadiztik pasatzen bazen ere, konpainia hark, Cadiztik pasa beharrik gabe, Pasaia eta Venezuela arteko merkataritza zuzena izateko pribilegioa lortu zuen. Honako hauek ziren, besteen artean, konpainiak zituen pribilegioak:
– Kakaoaren monopolioa, hau da, Espainiako Erresumaren eta Venezuelaren arteko merkataritza egiteko pribilegioa soilik erakunde horrena zen.
– Kontrabandoa eta legez kanpoko merkataritzari aurre egin eta kendutako materialaz jabetzeko baimena lortu zuen.
Konpainiaren merkataritza-tratua honako elkartruke honetan oinarritzen zen: joateko bidaian, Pasaiako portutik ateratzen ziren itsasontziek burdinazko denetarikoak (iltzeak, aizkorak, goldeak, erremintakā¦), mertzeriazkoak eta Andaluziako nekazaritza-produktuak (olioak, olibak, ozpina, edari biziak) garraiatzen zituzten, bai eta Frantziako ardoak, edari alkoholdunak eta irinak ere.
Caracastik bueltan, generorik gehiena eta inportanteena kakaoa zen, baina ez bakarra, aldiro-aldiro kafea, azukrea, kotoia, tabakoa, larru onduak ere iristen baitziren, gehienetan Herbehereetara bidaltzeko.
Konpainiak diru irabazi handiak lortu zituen eta Gipuzkoaren garapenean eragin biziki handia izan zuen. Konpainiaren garrantziari zela eta, lanpostu asko sortu ziren; marinel eta ofizial ia guztiak gipuzkoarrak ziren. Hainbestekoa, Larramendi jesuita kexu azaldu baitzen kostaldeko herriak arrantzarako gazterik gabe geratzen zirela, Gipuzkoar Konpainiak erakarrita.
Era berean, Pasaiako badiako biztanle asko baliatu zen itsasontzien eraikuntzak ontzioletan eragindako lanaz. Konpainia Gipuzkoako ekonomiaren benetako bultzatzailea izan zen; merkataritzan etekinak handitzea ekarri zuelako, konpainiaren irabaziak Espainiako Erresuman geratu behar izaten zuten.
Konpainiak garrantzia galdu zuen, konpainiaren egoitza Madrilera pasa zelako (1751) eta gero eta mozkin gutxiago lortzen zituzten ingelesekin konpetentzia handia zelako, besteak beste.
1785ean desegin zen konpainia.