Ongizatea estatu mota desberdinetan

Ongizate-estatu sozialdemokrata

1940ko hamarkadaz geroztik eta bereziki Europa iparraldean garatu eta gauzatu den ongizate-eredua da. Bertan estatu bateko hiritar guztiei prestazio edo laguntza eta zerbitzuak eskaintzen zaizkie hezkuntza-, osasun- eta lan-arloan. Horren helburua gizartean dauden desberdintasunak eta bazterketa-egoerak samurtzea da. Herritar guztien berdintasuna eta gizarte babesa herritarren eskubidetzat hartzen da: horrela gutxieneko beharrak estaltzea soilik baino urrunago helduz. Hori zerga oso altuak ordainduz lortzen da.

Erakunde publikoek maila handiko zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenez, diru-sarrera handia duten herritarrek ere zerbitzu pribatuen ordez publikoak erabiltzen dituzte. Bestetik, gizarte-eragile batzuk herritarrei haien behar sozialak erantzuteko lan egiten badute ere, nagusiki erakunde publikoek estaltzen dituzte behar horiek.
Sistema honetan, Estatuak ekonomian parte hartze handia du: merkatuaren akatsak eta gehiegikeriak saihestearren hain justu. Adibidez gehienezkoa lan-ordu kopurua finkatuz, gutxieneko soldata, langilea babesten duen lan-kontratuak legez arautuz…

Estatu liberala

Eredu liberaletan, Estatuak ez du esku hartzen enpresa eta erakundeen ekonomia-jardueretan, ezta gizarte-harremanetan ere. Hau da, gutxieneko soldatarik ez da izaten, langileen eskubideak ez ditu Estatuak bermatzen (opor-egunak, kaleratuak izanez gero jasotako kalte-ordainak…). Era berean, Estatuak kudeatzen dituen osasun-sistema eta gizarte-segurantzarik ez dago; beraz, herritar bakoitzak bere aldetik zerbitzu pribatuak kontratatu behar ditu.

Gobernatzeko modu horren filosofiak oinarri jakin bat du: ekonomiak bere burua berez arautzeko gai dela sinesten du bete-betean. Ildo horretan, ekonomiaren arauak merkatuak finkatzen ditu, hau da, eskariaren eta eskaintzaren legeak. Ekonomia-mugimenduak askatasun osoz gauzatzen direnez, sistema horren aldekoen ustez, aberastasuna eta lana sortzen dira. Edonola ere, herritar aberatsenen eta pobreenen arteko ezberdintasunak beste ereduetan baino handiagoak izaten dira. Bertan oinarrizko gizarte-eskubideak guztientzat izan beharko luketela ez da onartzen eta gehienbat behar gehien dutenentzat bakarrik eskaintzen dira.

Estatu komunista

Komunismoa jabetza pribatua eta irabazietan oinarritutako ekonomia ordezkatu nahi duen eredu politiko eta ekonomikoa da. Eredu horren arabera, herritar guztien berdintasuna bermatzeko, herrialde baten ekoizpen-bideen (fabrikak, landa-lurrak…) eta natur baliabideen (erregaiak, burdina, egurra..) jabetza publikoak dira; Estatuak kontrolatu eta kudeatzen dituenak. Hau da, ez dira norbanako gutxi batzuen jabetzakoak. Halaber, lanarengatik eratorritako irabaziak ez dituzte gutxi batzuek jasoko (adibidez, fabrikaren jabeek), baizik eta herritar guztien artean banatu behar dira.

Estatuaren kontrola erabatekoa da: herritarrek jabetza publikoko enpresentzat lan egiten dute eta Estatua da herritar guztiei oinarrizko zerbitzu berdinak ematearen arduradun (elikadura, hezkuntza, osasungintza…). Herrialdearen sistema politikoa alderdi bakarraren eskuetan dago eta beronekin kritikoak diren erakunde independenteen jarduera, orokorrean, ez dago baimendua edo sarritan trabak izaten dituzte.

Autonomi estatutua

Estatu espainolean erkidego autonomi bakoitzeko arauak bertako estatutuan datoz, eta Autonomi Estatutu hori bera da herrialdea arautzen duen lege multzoaren bilduma edo legeria.

Konstituzioaren betekizuna du estatu nagusi baten barruan dagoen herrialde autonomoarentzat.

Autonomi Estatutuan autonomiaren izena, mugak, hizkuntza, erakundeen izenak, antolakuntza eta konpetentziak zorrotz eta zehatz adierazten dira.

1978ko Konstituzioan oinarrituz, Estatu espainiarra osatzen duten nazioak eta herrialdeak 17 erkidego autonomotan eratu ziren, eta erkidegoen eta gobernu zentralaren artean konpetentzien banaketa egin zen.

Ganbera bakarra da parlamentu autonomoetan. Espainia Europako estatu deszentralizatu batzuen parekoa da, Alemania eta Italiaren parekoa.

Ganbera hauen izena Autonomi Estatutuetan dator seinalatuta: Parlamentua, Batzar Nagusiak, Batzar Erregionala, Batzarra, Diputazio Nagusia, Gorteak etab. Aniztasunaren arrazoia oinarri historikoetan bilatu behar da.

Herrialdeetako parlamentuetan biltzen dira erkidego autonomoko herri ordezkariak. Hauek aukeratzen dute lehendakaria. Horri, Espainiako lehen ministroari Kongresuan bezala, zentsura mozioa ezar dakioke.

Parlamentu hauetako kideei, gehienetan, parlamentario autonomiko esaten zaie… Horien kopururik handiena 135ekoa da (Katalunian) eta, txikiena, 35ekoa (Kantabrian eta Errioxan), guztiak sufragio unibertsalez aukeratuak erkidego autonomoan zentsaturik daudenen artean.

Parlamentuen funtzio garrantzitsuenak honako hauek dira: erkidegoaren ordezkaritza izatea, herrialdeko aurrekontuak onartzea, botere exekutiboaren lana sustatzea eta kontrolatzea eta beren konpetentzia direnetan legeak egitea. Ez dira konpetentziak denetan berak: autonomia batzuek beste batzuek baino handiagoak dituzte, eta inon ez dira berak.

Lege autonomikoak, estatukoak bezala, Auzitegi Konstituzionalean azter daitezke berriro. 

Lurralde antolaketa: autonomi erkidegoak

Estatua lurralde autonomoetan  banatua  dute herrialde batzuek, Espainia adibidez.  Ezaugarri historiko, kultural eta ekonomiko berdintsuak dituzten probintziek osatzen dute erkidego autonomikoa. Horietako batzuek (Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia etab.) behiala ezaugarri politiko berezi-bereziak izan zituzten.

Lurralde autonomoe hauek, beren oinarrizko legea izan dezakete. Estatu espainolean lege honi Autonomi Estatutua deritza. Autonomia bakoitzeko arauak bertako estatutuan datoz, eta Autonomi Estatutu hori bera da herrialdea arautzen duen lege multzoaren bilduma edo legeria.

Administratiboki, Estatu espainola hamazazpi autonomi erkidegok eta estatutu berezia duten bi udalek (Ceuta eta Melilla) osatzen dute.

Autonomi erkidego guztiek dute autogobernatzeko eskubidea estatuak emandako konpetentzietan (hezkuntza, osasuna…). Konpetentzia hauek Konstituzioan seinalatuta daude eta erkidego bakoitzari bere ezaugarri politiko-historikoen araberakoak dagozkio.

Estatuak emandako konpetentzien ardura gobernu autonomikoari dagokio, eta horretarako diru sarrerak izaten ditu.

Autonomi erkidego bakoitzak bere erakundeak ditu:

  •  Botere legegilea:

Ganbera bakarrez osatua. konpetentzia duen gaietan lege berriak egiten ditu. Batzar hau autonomi erkidegoko hautesleek sufragio unibertsalez hautatzen dute lau urtez behin. Estatuko Senaturako senadore batzuek ere aukeratzen dituzte,

  • Botere betearazlea:

Gobernu kontseilua da autonomi erkidegoko gobernua. Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Nafarroako Gobernua Nafarroako Foru Erkidegoan. Espainiako Estatuak emandako konpetentzietan bakarrik agintzen dute gobernu kontseiluek. Autonomi erkidegoko biltzar legegileak aukeratzen du bere kideen artean autonomiako lehendakaria izango dena. Honek, ondoren, gobernuko kontseilariak izendatzen ditu.

  • Botere judiziala:

Erkidego bakoitzak du goi mailako auzitegia, hau da, Auzitegi Nagusia.

Estatuaren egitura

Estatuak egitura ezberdinak izan ditzake , baldin eta  Estatuaren funtzioak banatuta dauden  ala ez , edo bertako estatuburuarn izendapena nola egina den.

Botere-banaketaren arabera

Botere-banaketa Estatuaren funtzioak banatzeko eta ordenatzeko era dugu. Sistema honi esker,demokrazian  funtzio nagusi bakoitza erakunde publiko desberdin bati esleitzen zaio. Botere-banaketa, estatu modernoen ezaugarri nagusietakoa, hirutan gauzatzen da: botere legegilea, botere betearazlea (edo gobernua) eta botere judiziala. Aldiz diktaduratan, edo monarkia absolutuetan, ez dago botere banaketarik eta botere guztia pertsona edo talde bakarraren esku dago

Estatuburuaren izendapena

Estatu buruzagia hauteskunde bidez hautatzen den presidentea bada,  herri eta epe jakin baterako kargua da. Hori errepublika demokratikoetan gertatzen da, baina diktadura diren errepublikak ere badira.

Estatuaren buruzagitza erregeak edo erreginak badu, monarkia litzateke. Herritarrek aukeratu ez duten pertsona baten eskuetan dago buruzagitza, eta haien agintea, bizitza osorakoa izateaz gain, jaraunsgarria da. Monarkiak tradizio historikotik datoz eta bere boterea, demokraziatan konstituzioaren bidez mugatzen da. Erregimen horiei monarkia konstituzionala edo monarkia parlamentarioa deitzen diegu.

Lurralde antolaketa

Estatuak antolatzeko era desberdin asko da. Badira elkarrekin federatuta dauden estatuz osatutako estatu handiagoak, Alemaniako Errepublika Federala edo Ameriketako Estatu Batuak adibidez. Badira estatu zentralizatuak ere, boterea erabat zentralizatuta dutenak. Azkenik, estatu bakarra osatu arren, badira estatu horren barruko lurralde autonomoetan banatutako estatuak, botere politiko bereziz hornituta daudenak.

Estatuen antolaketa: errepublika eta monarkia

Estatuburuaren izendapena kontuan izanik bi eredu daude.

Errepublika

Errepublikan, berriz, estatuaren buruzagia hauteskunde bidez hautatzen den presidentea da, eta epe jakin baterako kargua da. Hori errepublika demokratikoetan gertatzen da, baina diktadura diren errepublikak ere badira.

Monarkia

Monarkian estatuaren buruzagitza erregeak edo erreginak du, beraz herritarrek aukeratu ez duten pertsona baten eskuetan dago, eta haien agintea, bizitza osorakoa izateaz gain, jaraunsgarria da. Monarkiak tradizio historikotik datoz eta bere boterea, demokraziatan konstituzioaren bidez mugatzen da. Erregimen horiei monarkia konstituzionala deitzen diegu.

Espainiako egitura politikoa

Espainiako egitura politikoa definitzean, demokrazia bat dela esan dezakegu, nahiz eta gaur egungo demokrazia gehienetan bezala, ez diren demokraziaren ezaugarri guztiak islatzen. Horrez gain, monarkia konstituzional erako agintea du, eta lurralde antolaketa estatu autonomikoan oinarritzen da.

Erregea da estatuburua eta estatuko ordezkari nagusia; berak du armadako kargu gorena; eta bere eginkizun gehienak, 1978ko Konstituzioan zehaztuak, sinbolikoak dira.

Botere legegilea

Gorteak bi ganbera ditu: kongresua edo hiritarren ordezkaritza, eta senatua edo probintzia eta lurraldeen ordezkaritza. Erakunde horretarako ordezkariak lau urterako hautatzen dira hauteskundeetan, eta beren eginkizun nagusiak legeak egitea eta gobernua kontrolatzea dira.

Botere betearazlea

Botere betearazlea gobernuari dagokio. Botere horretan gobernuburuak edo presidenteak, gobernuburuordeak eta ministroek parte hartzen dute. Funtzio nagusia estatuaren politika zuzentzea da, eta legeak betetzen direla bermatzea.

Botere judiziala

Botere judizialaren egitura piramidearen antzekoa da, eta hainbat maila bereizten dira, udal txikietako bake-epaitegietatik hasi eta azken helegiteak aurkezteko Epaitegi Gorenera iritsi arte.

Horrez gain, Entzutegi Nazionala dago, hainbat eratako delituak epaitzeko; eta Auzitegi Konstituzionala, legeak konstituzioaren arabera egiten direla ziurtatzeko.

Arartekoa (Defensor del Pueblo)

Arartekoa Suedian, XIX. mendearen hasieran (1809), sortutako erakunde politikoa da, Ombudsman, alegia. Handik Europa osora zabaldu zen XX. mendean zehar. Espainiako estatuan 1978ko Konstituzioaren ondoren sortu zuten. Arartekoa Parlamentuak aukeratzen du.

Erakunde horretako ardura duen kargudunaren helburua hiritarrak babestea da; administrazioak bidegabekeriarik eginez gero, administrazioaren au rrean babesa ematea hain zuzen ere. Hiritarren eskaerei jarraituz, haiek azaldutako kexen berri ematen dio administrazioari, eta administrazioak epe jakin batean erantzun behar du, eta bere jarrera zuzendu edo arrazoitu. Batzuetan, arartekoak berak salaketa jar dezake epaitegian, bai epaitegi arruntetan bai Epaitegi Konstituzionalean. Bere ardura da, orobat, administrazioari aholkuak eta iradokizunak helaraztea, txostenen bidez.

Frantziako egitura politikoa

Frantziako erregimen politikoa errepublika parlamentarioa da. Parlamentuan oinarritutako demokrazia bada ere, antolaketari dagokionez, estatu zentralista dela esan dezakegu. Demokrazia guztietan bezala, boterea hirutan banatua dago:

  • Botere legegilea. Legeak egiten dituen boterea da, eta parlamentuaren eskuetan dago. Parlamentua bi ganberaz osatuta dago: asanblea nazionala eta senatua.
  • Botere betearazlea. Izenak berak adierazten duenez, legeak betearazten ditu eta errepublikako presidentearen eta gobernuaren eskuetan dago.
  • Botere judiziala. epaitzeko ahalmena du, eta epaitegietako epaileen eskuetan dago.

Botere betearazlea

  • Errepublikako presidentea

2000. urtean egindako erreferendumaz gero, hiritarrek bost urterako eta zuzenean aukeratutako kargua da. Estatuko kargu gorena da, eta Frantziako estatuaren ordezkari nagusia.

  • Gobernua

Gobernuari dagokio estatuaren politika zuzentzea. Gobernuburua errepublikako presidenteak izendatutako lehen ministroa da; ministroak eta estatuidazkariak ere errepublikako presidenteak izendatzen ditu, lehen ministroak proposatuta.

Botere legegilea

Herritarrak ordezkatzen ditu, eta legeak egitea dagokio. Frantziako parlamentuak bi ganbera ditu: asanblea nazionala eta senatua.

Botere judiziala

Frantzian hiru epaitegi mota daude:

  • Auzi zibilak epaitzen dituztenak, pertsonen arteko auzietan erabakiak ematen dituzte.
  • Legeen aurkako delituak epaitzen dituzte.
  • Epaitegi administratiboak: administrazio publikoaren eta hiritarren arteko auziak aztertzen dituzte.

Kontseilu konstituzionalak konstituzioa errespetatuko dela ziurtatu behar du; legeak konstituzioaren arabera egiten direla, alegia.

Arartekoa (Le mediateur de la Republique)

Frantziako Le mediateur de la Republique Espainiako Defensor del Puebloren parekoa da. Horrek ere Suediako Ombudsman erakundean du jatorria. 1973an sortu zuten.