Euskal Herrian honako sektore hauetan banatzen da arrantza: baxurako arrantza, alturako arrantza, bakailao-arrantzako ontziak, atun arrantzarako izoztegi-ontziak eta arrasterako ontzi-izoztegiak. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1990az geroztik arrantza-ontzi kopurua asko jaitsi da, atun arrantzarako izoztegi-ontzien kasuan izan ezik, hauek kopuru berean jarraitzen baitute. Alturako portu nagusiak Ondarroa (Bizkaia) eta Pasaia (Gipuzkoa) dira. Baxura arrantza, berriz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko portu guztietan egiten da.
Kategoria: Arrantza
Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: arrantza
Arrantzan, historian zehar, euskaldunak kostaldetik hurbil aritzen ziren. Eta XII. mendetik aurrera nahiko arrunta zen balearen arrantza Bizkaiko golkoan. Harrapaketa horien ondorioz, baleak desagertuz edo urrunduz joan ziren heinean, arrantzaleak urrundu egin behar izan zuten. Arrantza hura iparraldeko itsasoetara zuzentzen zen; Islandia, Groenlandia eta Ternua aldera bideratu behar izan zen. Arrantza-arloan, itsas zabaleko arrantza asko garatu zen XVI. mendean (adibidez arrainak kontserbatzeko sistemak). Bi ziren jarduera nagusiak: balearen arrantza eta bakailaoaren arrantza.
Itsasoko ustiapenean bakailaoa eta balea etekin handiena eskaintzen zuten jarduerak ziren, baina ez bakarrak. Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin beste arrain batzuk ere harrapatzen jarraitzen zuten, besteak beste, legatza, itsas aingira eta bisigua.
Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: arrantza
Erdi Aroan, euskal lurraldeetan bi arrantza mota egiten ziren: ibaiko eta itsasokoa arrantza. Batetik ibai eta erreketako arrantza zegoen. Amuz zein sarez arrantzatzen zen, baita urak kare bidez “kutsatuz” ere. Errekako espezie estimatuenak izokina, aingira, gaizkata eta kolaka ziren.
Baina Berant Erdi Aroan indarra hartu zuen itsasoko arrantzak, ibaietakoak baino askoz jende gehiago enplegatzen zuen. Lehenago, Goiz Erdi Aroan, 1000. urtean adibidez, itsas arrantza jarduerak oso urriak izan ziren euskal kostaldean. XII.-XIII. mendeetatik aurrera, berriz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea suspertu egin zen. Hiribilduak fundatzeak babes juridikoa eta bultzada ekonomikoa eman zien kostaldeko hainbat guneri. Inguru hartan ezarri edo indartu ziren guneen artean aipa litezke Portugalete, Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia, Angelu, Biarritz eta Baiona. Halako guneen inguruan, hurrengo puntuan azalduko denez, ontzigintzak eta beste jarduera batzuk, aparteko loraldia izan zuten Berant Erdi Aroan. Ekoitzitako itsasontzien parte bat arrantzarako erabili zen, eta biztanleria gune haietako jende asko bihurtu zen arrantzale. Euskal arrantzaleek sardina, bisigua, legatza, bokarta, antxoa, itsas-aingira, meroa eta beste espezie asko harrapatzen zituzten.
Balearen ehiza
Itsasoko arrantzarekin oso lotuta balearen ehizak ere garrantzia handia hartu zuen Berant Erdi Aroan. Euskaldunek gehien ehizatzen zuten balea mota sardako balea zen (Eubalaena glacialis), 15 metroko luzera izatera heltzen zena eta 50 tonako pisua. Balea hori neguko migrazioetan Ozeano Atlantikoaren iparraldetik euskal kostaldera gerturatzen zen, eta une hori baliatzen zen ehizatzeko, batez ere urtarril aldean.
Kalkulatzen denez euskal kostaldeko herri bakoitzak, batez beste, urtean bizpahiru balea ehizatzen zituen (urte txarretan bat ere ez). Itxuraz ez da asko, baina baleak hain animalia handiak zirenez eta hain prezio altukoak (baleen olioa, haragia, bizarrak, eta beste parte guztiak aprobetxatzen ziren), urtero balea bakar bat harrapatzeak ere izugarrizko aberastasuna zekarkion herriari. Horregatik, kostaldeko hiribilduek inguruko tontorretan zaintza-postu iraunkorrak jartzen zituzten, talaiak, eta balea bistaratzean, zaindariak abisua eman orduko (kanpaiz edo bestela zaratotsak ateraz), herriko arrantzaleak traineruetan ateratzen ziren balea harrapatu eta arpoiz hiltzera.
Ehiza etengabe horrek baleak urritzea ekarri zuen euskal kostaldean. Ondorioz, euskal arrantzale batzuk baleen bila urrunagoko itsasoetara joaten hasi ziren. Jada XIV. mendean, Ingalaterra eta Irlandako itsasoetan dokumentatzen dira euskal balea-ehiztariak. XV. mendean Islandian. Eta azkenik, XVI. mendean, Ternuan (Ipar Ameriketan). Balearen ehizak Berant Erdi Aroan (eta geroago) zuen garrantziaren lekuko, euskal kostaldeko hainbat udalerrik beren armarrietan animalia haren irudia ezarri zuten. Eta armarri horietan ikus litezke gaur egun ere.