Asia eta Amerikako merkataritza-bideez gain beste garrantzitsu bat Europa iparraldekoa zen, eta horretan, ingelesak eta herbeherearrak nagusi baziren ere euskaldunek ere garrantzia zuten. Horretan garrantzia zuen euskal lurraldeen kokapen geografikoak. Izan ere, Iberiar penintsularen eta Europako kontinentearen artean estrategikoki kokatuta zeuden. Horrela, bi esparru horien arteko merkataritza-harreman nagusiak itsasoz eta euskal lurraldeetatik egiten ziren batez ere.
Bizkaiko portuek, eta batez ere Bilbok, Erdi Aroaren amaieran Gaztelako artilearen esportazioaren ia monopolio osoa lortu zuten. Gainera, 1511n, Bilboko merkatariek Bilboko Kontsulatua, merkataritza-jarduera antolatzen eta arautzen zuen erakundea, sortu zuten. Bilboko portuaren beste esportazio nagusia burdinarena zen. Burdina batez ere, Londresera, Brujasera, Anberesera eta Amsterdamera esportatzen zen.
Merkataritzan eragin handia izan zuen erakundea 1728an sortutako Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra izan zen; ekonomia suspertzen eragin handia izan zuen Gipuzkoan.
Konpainia hark, Cadiztik pasa beharrik gabe, Pasaia eta Venezuela arteko merkataritza zuzena izateko pribilegioa lortu zuen. Kakaoaren monopolioa, kontrabandoa eta legez kanpoko merkataritzari aurre egin eta kendutako materialaz jabetzeko baimena lortu zuen. Konpainiak mozkin handiak lortu zituen eta Gipuzkoaren garapenean eragin biziki handia izan zuen: Venezuelako kakao-produkzioa eta ekonomia guztia hazi egin zen. Konpainiaren galeran eragina izan zuen egoitza Madrilera pasa izanak (1751); gero eta mozkin gutxiago lortzea ingelesekin konpetentzia handia zelako eta merkataritza librea onartu izanak (1785).