Antzinako Egipto: emakumeen egoera

Legearen aurrean, Grezian eta Erroman ez bezala, emakumeek eta gizonek eskubide eta betebehar berdinak zituzten. Maila sozialaren arabera desberdintzen ziren eskubideak, goi mailako hiritarrak (emakume zein gizon) eskubide gehiago izanik. Legearen aurreko berdintasun hori, gaztetatik nabari zen, neskek, mutilek bezala, irakurtzen eta idazten ikasteko herriko ikastetxera joateko aukera baitzuten.

Emakumeek, armadan izan ezik, beste lanbide guztietan jardun zezaketen, gobernadore, idazle, epaile edo mediku izan zitezkeen.

Ezkontzeko orduan ere, emakumea gizonaren parekoa zen, bikotekide bakoitzak ezkondu aurretik zituen ondasunak mantentzen zituen, baita bakoitzak bere abizenak ere. Emakumeek senarra aukeratu zezaketen eta banatzeko aukera ere bazuten. Alargunduz gero, bikotearen jabetzak oinordekotzan jasotzen zituen. Berak ere bere ondasunak oinordekoei uzteko aukera izaten zuen.

Dena den emakumeek, gizonezko gehienek bezala, ez zuen botere politikorik Egipton. Egipto teokrazia bat izanik, faraoiak botere guztia bere esku zuen, eta goi mailako karguek lagunduta agintzen zuen. Historian izan dira emakumezko faraoiak: Hatseput, Nefertiti, Kleopatra, baina salbuespenak izan dira 3000 urteko historian. Era berean, funtzio erlijioso eta administratibo nagusiak, oro har, gizonen eskuetan zeuden eta emakumeak gehienetan etxeko arduretara mugatzen ziren.

Antzinako Egipto: artea

Egiptoarren bizitzako arlo guztietan bezala, artea ere erlijioaren mende zegoen. Egiptoarrek arkitekturaz gain eskultura eta pintura landu zuten.

Arkitektura

Ezagutzen dugun egiptoarren arkitektura hilobiek eta tenpluek osatzen dute. Ez da ezagutzen inolako jauregirik. Horren zergatia arrazoi erlijiosoetan topa dezakegu. Jauregiak bizidunen etxeak ziren, eta horiek hil egiten zirenez, etxeek ez zuten denboran zehar iraun beharrik, eta adreiluz egiten ziren. Hilobiak, ostera, hildakoen egoitzak izanik, betikotasun osorako ziren; beraz, eraikinek ere betikotasun hori lortu behar zuten, are gehiago hildakoa faraoi jainkoa izanez gero, eta horregatik, hain urria zen harriz egiten ziren hilobiak. Gauza bera esan daiteke tenpluei buruz. Jainkoen egoitzak ziren, eta betikotasunean iraun behar zuten.

Hilobiak

Hiru motatako hilobiak egin zituzten egiptoarrek.

  • Lehenengo hilobi egiptoarrak mastabak izan ziren. Funtsean, hilobia estaltzeko eta babesteko lurzoruaren gainean eginiko eraikinak ziren. Barruan eskaintzak uzteko gela eta kapera zituzten.
  • Piramideak. Geroxeago sortu ziren, hainbat tamainatako mastaba batzuk elkarren gainean jarri zirenean. Ezagutzen dugun lehen piramidea Joser edo Zoser faraoiarena da. Baina ospetsuenak Gizen daude: Khufu (Keops), Khafre (Kefren) eta Menkaure (Mikerinos) faraoienak. Piramideek faraoiaren handitasuna islatzen dute, faraoi-jainkoa zenak berari zegokion egoitza zuen hil ondoren ere. Piramide horien inguruan, faraoi horien emazteen zein seme-alaben piramideak ere badaude, askoz txikiagoak, jakina; eta horiekin batera baita faraoiaren laguntzaile eta noble handi batzuenak ere. Piramideen ondoan hildakoei eta jainkoei otoitz egiteko tenpluak egin zituzten.
  • Hipogeoak. Piramideetan gordetako aberastasunek lapurrak erakartzen zituzten eta zailtasun handiak zituzten baita gorpuak babesteko ere. Horregatik, Inperio Berritik aurrera, faraoien eta nobleen hilobiak hipogeoak izan ziren, harkaitzean edo lurrean eginiko zuloak, alegia. Barruan ezkutaturik, gela batzuk eraiki ohi zituzten: eskaintzak uzteko gelak, kaperak eta, jakina, gorpuak jasotzeko gelak. Ezagunena Tutankamon faraoiarena da. Hilobi mota horietako kokagunerik ezagunena Erregeen Haranean dago.

Tenpluak

Hilobiekin batera egiptoarrek utzi ziguten beste eraikin motarik garrantzitsuena tenpluak izan ziren. Kanpoan esfinge batzuk edukitzen zituzten, sarrerako igarobide luze baten inguruan; tenpluaren aurrean, berriz, obeliskoak egon ohi ziren.

Eskultura

Heldu zaizkigun irudi nagusiak hilobietan aurkitutakoak dira. Egiptoarren sinesmenen arabera, irudi horien helburua hildakoaren arima jasotzea zen; horregatik, beharrezkoa zen oso jarrera “hieratikoa” izatea, oso serioa, nolabait esateko, inolako espresiorik gabe. Askotan, faraoien handitasuna adierazteko haien irudi erraldoiak egiten zituzten.

Horiekin batera baziren zurez edo buztinez eginiko beste irudi batzuk ere, eguneroko bizitza ondo azaltzen digutenak: nekazarien, abeltzainen, artisauen, etab.en irudiak. Bestalde, ezin dira ahaztu tenpluetako eta hilobietako hormetan egindako erliebeak. Horietako askoren helburua “pedagogikoa” zen, faraoiaren balentriak eta nagusitasuna erakustea, alegia.

Pintura

Hilobietan aurkitutako pinturen helburua bikoitza zen. Alde batetik, helburu erlijiosoa zuen, hildakoari hil ondoren nola jokatu behar zuen irakasten zitzaion. Bestetik, hildakoaren hemengo bizitzari ere jarraipena eman nahi zitzaion; horretarako, eguneroko bizitzaren pasadizoak (familiarekin, lagunekin, lanean, aisialdian, etab.) irudikatzen zituzten. Irudi horiei esker, egiptoarren bizimodua ezagutzea askoz errazago egin zaigu.

Beste arte batzuk

Artisautzarekin lotuta daudenak aipatu behar dira hemen. Hilobietan altzari ederrak, ontziak eta, batez ere, urrezko irudiak, bitxiak, etab. agertu izan dira. Oso ezaguna da, adibidez, Tutankamon faraoiaren hileta-maskara.

Tutankamonen momiaren hileta-maskara
Karnak-eko Amon-en tenplua

Antzinako Egipto: kultura

Egiptoko kultura egiptoar gizartean zeuden bizimodu, ohitura eta tradizioek osatzen zuten. Egiptoko kasuan kulturaren oinarria erlijioa zen, erlijioa baitzen bizi osoa antolatzen zuena. Era berean, Antzinako Egipton zientzia eta idazketa oso aurreratuak zeuden.

  • Erlijioa

Egiptoarren erlijioa politeista zen, hau da jainko eta jainkosa asko zituzten. Hiri bakoitzak bere jainkoa zuen. Erlijioa jainkoen eta jainkosen, faraoiak barne, gurtzan oinarritzen zen, haiek baitziren Egiptoko lurren eta pertsonen jabe bakarrak. Amon (jainko gorena), Ra (eguzki-jainkoa), Osiris (hildakoen jainkoa), Isis (Osirisen emaztea eta arreba) eta Horus (bizirik zegoen faraoia) ziren Egiptoko jainko nagusiak. Erlijioak gatazka ugari sortu zituen. Adibidez, Inperio Berrian Amenotepek bere izena aldatu eta Akhenaton izena hartuz, jainko bat bakarra, Aton, inposatu nahi izan zuen. Amonen apaizek aurka egin zioten eta bere ondorengoek atzera egin behar izan zuten.

Denborarekin jainkoak elkartzeko prozesu bat hasi zen. Adibide gisa, aipatu Amon jainkoak Ra izenekoarekin bat egin zuela, eta horrela sortu zela Amon-Ra, Egiptoko jainko gorena.

Egiptoarren erlijioan berebiziko garrantzia zuen hildakoei egiten zitzaien gurtzak. Egiptoarren sinesmenen arabera, pertsona bat hiltzen zenean, arima ez zitzaion hiltzen, baina gorputzaren beharra zuen. Gorputza galtzen bazen, arima ere galdu egingo zen. Horregatik, funtsezkoa zen gorputza ere mantentzea. Hori lortzeko, gorpuak momifikatu egiten zituzten hilobiratu baino lehen, itxura fisikoa mantentzeko. Eguneroko bizitzako irudiak ere erabiltzen ziren, magiaren bidez, hil osteko bizitzan hildakoak bizimodua mundu honetan bezala jarraitzeko arazorik izan ez zezan.

Hori guztia zela eta, hilobiak oso garrantzitsuak bilakatu ziren. Ezagunenak Inperio Zaharrean faraoiei eta hurbilekoei eginiko piramideak izan ziren.

  • Egiptoko zientzia eta idazkera

Egiptoarrak izan ziren urtearen iraupena (365 egun) kalkulatzen lehenak. Matematikariek eta arkitektoek oso kalkulu zehatzak eta zailak egin behar izan zituzten eraikin erraldoiak moldatzeko; besteak beste, gai izan ziren zilindroaren edota piramide moztuaren bolumena kalkulatzeko.

Momifikazio prozesuari esker, anatomiari eta kirurgiari buruzko ezagutza sakona lortu zuten. Odolak bizitzarako zuen garrantziaz ere ohartu ziren. Horregatik, antzinate osoan sendagile egiptoarrak oso garrantzitsuak eta ezagunak izan ziren.

Ezin dugu aipatu gabe utzi, idazkera arloa. Oso ezaguna da egiptoarren idazkera hieroglifikoa, eta literatura aberatsa.

Antzinako Egipto: ekonomia-jarduerak

Egiptoko ekonomia nekazaritzan oinarritzen bazen ere, artisautza eta merkataritzak ere garrantzi handia izan zuten.

Nekazaritza. Egipto Saharako basamortuaren ekialdean dago, baina, hala ere, han nekazaritzan oinarritutako zibilizazio bat sortu zen, Nilo ibaiari esker. Urtero, uda hasieran, Afrikako ekialdean izandako eurite handiek Niloren uhaldia eragiten zuten; ibaia hazi, bere bidetik atera eta ibar osoa urpean jartzen zen. Uhaldi horrek bi ondorio onuragarri zituen: alde batetik, lur idortua ureztatzea, eta, bestetik, ura bere onera itzultzen zenean, berarekin zeramatzan sedimentuak lur gainean uztea. Sedimentu horiek ongarri gisa funtzionatzen zuten, lurra nekazaritzarako prestatuz. Uhaldia urtero gertatzen zela kontuan izanik, nekazaritzak oso garapen handia lortu zuen, baina uhaldia txikia edo berantiarra bazen, gosetea zen nagusi, Egiptoko historian hainbat aldiz gertatu zen bezala. Egoera horri aurre egiteko, herri-lan handiak egin zituzten, ubideak eta ureztatze-sistemak garatuz. Uhaldiaren neurria kontrolatzeko “nilometro” neurri sistema ere sortu zuten. Horri esker, estatuko funtzionarioek urte horretako uzta nolakoa izango zen kalkula zezaketen eta, ondorioz, baita nekazariek zenbateko zerga ordaindu beharko zuten ere.

Egipton nekazaritza estatuaren eta tenpluen kontrolpean zegoen: lurraren jabetza horien esku zegoen, eta nekazariek bi erakunde horietako funtzionarioen esanetara lan egiten zuten.

Niloren erriberetan zereal mota ugari landatzen zituzten, bereziki garia, garagarra eta lihoa. Zereala ogia eta garagardoa egiteko erabiltzen zen.

Ortuetan ilarrak, dilistak, tipulak, porruak eta letxugaz gain mahatsa, datilak eta pikuak lantzen zituzten.

Abeltzaintzari dagokionez, etxekotutako abereak, bereziki behiak, zituzten; baita txerri, ardi, ahuntz, antzar eta ahateak ere. Dena den, ez dirudi abeltzaintza garrantzitsua zenik.

Merkataritza. Egiptoarrek soberakinak zituzten nekazaritzan eta horrek salerosketa bideratzen zuen. Elikagaiak eta lehengaiak saltzen zituzten bereziki, eta intsentsua, zilarra, zedrozko egurra, eta esklaboak ere erosten zituzten. Gehienetan, merkataritza atzerritarren eskuetan egon zen. Garraioa, bereziki, Nilo ibaian zehar egiten zen, baina baita Mediterraneotik ere, itsasontziz.

Artisautza oso garatua zegoen. Oso ezagunak diren artelan bitxiez gain, buztina, metala, harria… landu zituzten.

Mesopotamian bezala, Egipton ere gizarte eta ekonomia-mailako antolamenduan konplexutasun handia lortu zuten, eta benetako lanaren banaketa eratu zutela esan daiteke.

Antzinako Egipto: egitura politikoa

Egiptoko egitura politiko guztia faraoiarengan oinarritzen zen. Faraoia jainkoa zen, jainko nagusia, eta jainko gisa bere herriaren eta beste jainkoen arteko bitartekari lanak egiten zituen. Beraz, teokraziarik inon bazen, hori Egipton izan zela esan daiteke.

Faraoia errege-tronuan esertzean Horus, Osiris eta Isisen seme bihurtzen zen eta haien izpirituak bereganatzen zituen. Horrela, erregea jainkoen pareko zen, beste jainko bat gehiago. Faraoia gizakien eta jainkoen arteko lotura bilakatzen zen.

Legegile, administratzaile eta apaiz izateaz gain, gerlari ona zela ere erakutsi behar zuen, bere herria etsaiengandik babesteko eta erresumako mugak defendatzeko gai zela ziurtatzeko

Faraoia lurraren eta beronen gainean hazi edo bizi zen guztiaren jabe zen: apaiz nagusia, epaile gorena eta armadako buruzagi nagusia. Harrobiak, urre-meategiak eta Niloko ura soroetara zeramaten ubideak haren manupean zeuden. Uzta eskaseko urteetan, haren ale-biltegiari esker elikatzen zen herria. Atzerriko politika eta harreman komertzialak ere faraoiak erabakitzen zituen.

Faraoiak berak bakarrik lan hori guztia ezin zuen antolatu; bera, apaizei eta nobleei lur esparru handiak ematen zizkien. Apaizen beste zeregin bat tenpluetako otoitzak zuzentzea zen, subiranoaren izenean. Gobernuaren arduraduna bisir edo lehen ministroa zen, baina egunero eman behar zion faraoiari egiten zuenaren berri. Faraoia funtzionario batekin oso pozik zegoenean, jauregira ekarrarazten zuen eta zeremoni balkoitik urreak eta bitxiak botaz saritzen zuen.

Antolaketa aldetik, Egipto bi zati nagusitan banatzen zen: Egipto Beherea, Nilo ibaiaren delta hartzen zuena, eta Egipto Garaia, handik Nubiako (gaurko Sudan) mugaraino. Alde bakoitzeko buru bisir bat zegoen. Horren eginkizunak, nekazaritzako lanak kontrolatzea, justizia egitea, zergak biltzea eta bakeaz arduratzea ziren.

Administrazio aldetik, lurraldetan edo probintziatan zatituta zegoen estatua. Nomarkak ziren lurralde horietako gobernadoreak.

Egitura honetan garrantzi berezia zuten tenpluek, eta Faraoiaren mende egon arren, autonomia handia zeukaten. Ezin dugu ahaztu Inperio Berrian Amonen tenpluko apaiz nagusia faraoi bihurtu zela, horrela beren nagusitasuna inposatuz eta agerian jarriz.