Erlijio-sinesmenak eta kulturak Erdi Aroan: judaismoa

Sorrera

Kristo aurreko 2.000 urtean Mediterraneoaren ekialdean bizi ziren tribu nomadei hebrearrak deitzen zitzaien. Egiptotik ihes egitean, Judean edo Judako basamortuan bizitzen jarri zirenean, judu deitzen hasi zitzaien. K.a. X. mende inguruan tribu haiek Israelgo Erresuma sortu zuten Palestinan. K.a. VII. mendera arte han egon ziren, baina handik aurrera, konkistatzaile asiriarrek, persiarrek, greziarrek eta, azkenenean, erromatarrek mundu osoan zehar sakabanarazi zituzten. Jainko bakarra, Yaveh, zela sinesten zuten.

Sinesmenaren oinarriak

Judaismoa erlijio monoteista da, hau da jainko bakarra onartzen duen sinesmen erlijiosoa, eta bere jarraitzaileak juduak dira.
Biblia liburuan oinarrituta, juduek Jainkoak aukeratutako herritzat dute beren burua. Beren arbasoek jainkoarekin itun bat egin omen zuten (kristauek Itun zaharra deitzen dutena), eta itun horren arabera, juduek Jainkoak Bibliako lehen bost liburuetan emandako arauak errespetatzeko konpromisoa dute. Hori da juduek sakratutzat jotzen duten legea, Tora bilduman jasoa.
Juduek ez dute apaizik, errabinoek legearen interpretazioa egiten dute, eta sinagogetan egiten den Toraren irakurketa eta otoitzak zuzentzen dituzte.

Juduen errituei eta ohiturei dagokienean, besteak beste
• Egunean hiru bider egiten dute otoitz.
• Ezin dituzte aldi berean esnea eta haragia hartu, ezta zenbait animaliaren okela jan ere, adibidez txerria, ez baitira purutzat jotzen. Haragia jan aurretik, behar bezala sakrifikatu behar da animalia (odol guztia atera behar zaio).
• Haurrei zirkunzisioa edo erdainkuntza egiten zaie, jaio eta zortzi egunera

Ospakizun nagusiak

• Juduen bizitza urteko eta egutegiko jai erlijiosoen arabera antolatzen da. Urtean zehar juduek ospakizun asko dituzte, baina garrantzizkoenak hauexek dira: Barkamen Handia; Etxolen jaia, Argien jaia, Zorteen jaia eta Pazkoa.
• Juduentzako asteko jai nagusia larunbata da. Egun horretan Jainkoak mundua egin eta zazpigarren egunean atsedenaldia hartu zuela gogoratzen dute juduek.
• Judaismoaren sinboloa sei puntako izarra da.

Juduen ekarpena

Erdi Aroan juduen garapen kulturalik garrantzitsuena lurralde musulmanetan gertatu zen. Judu askok garrantzizko lanak egin zituzten, jakintzen ezagutza sakona zutelako eta hizkuntza asko zekizkitelako: Al Andalusko erregeen sendagile, aholkulari, administrari, etab. izan ziren.

Donejakue bidea

Jakue Jesusen jarraitzaileetako bat izan zen. Kondairaren arabera Hispaniara ekarri zuen Jesusen mezua. Jerusalema itzuli zenean, juduen agintariek hil egin zuten, baina haren jarraitzaileek Hispaniara ekarri zuten gorpua eta Compostelako Donejakue edo Santiagon hilobiratu. IX. mendean hezurdura bat aurkitu zuten han, eta Jakuerena zela erabaki zuten. Handik aurrera, Erroma eta Jerusalemekin batera, erromesaldiak egiteko hirugarren gune nagusia izan da Europako kristau guztientzat.

Santuaren balizko hilobia aurkitu zenetik, errege-erregina kristauak, Asturiaskoak bereziki, jabetu ziren garrantzi handiko aurkikuntza zela, ez soilik arrazoi erlijiosoengatik, baizik eta arrazoi kulturalengatik eta, batez ere, ekonomikoengatik. Hasieran, erromesaldia egiteko zailtasun handiak zeuden. XI. mendera arte, musulmanen erasoak etengabeak ziren, eta oso arriskutsua zen bidaia. Horrexegatik, hasieran kostaldetik egiten zen bidea. Dirudienez, Hendaia eta Hondarribitik sartu eta, Gipuzkoako kostaldetik, Bizkairaino heltzen zen. Handik Kantabriara, Asturiasera, eta, azkenik, Donejakuera iristen zen. Musulmanen arriskua apalduz joan zen heinean, hegoalderago mugitu zuten bidea. Azkenean, Nafarroako Antso III.ak ohiko bidea finkatu zuen. Iruñean bat egiten zuten Orreagatik eta Jakatik zetozen bideek, eta handik Errioxara, Burgosera, Leonera, Astorgara eta, azkenik, Donejakuera heltzen zen.

XI. mendetik aurrera, bidaia seguru egiteko aukera izan zenetik, milaka eta milaka erromes igarotzen ziren urtero bide horretatik. Berez bide erlijiosoa zena bide komertzial eta kulturala bihurtu zen. Erromes haietako asko penintsulako hirietan geratu ziren, Iruñean eta Lizarran besteak beste (Iruñean ikusi dugun frankoen auzoan adibidez) eta garrantzi handiko ekonomiagune bihurtu zituzten.

Halere, askoz adierazgarriagoa izan zen kulturan izandako eragina. Donejakue Bidea Europako kultura guztien bilgune bihurtu zen, eta bide horretan barrena sartu ziren Iberiar penintsulan Europako eredu kultural berriak, esaterako arkitekturaestilo berria, erromanikoa. Ez da halabeharra penintsulako aztarna erromaniko antzinakoenak Leiren eta Jakan egotea, hots, bidearen hasieran, bide horretan eliza erromanikoak nonahi ikustea, eta Santiagoko katedrala penintsulako eliza erromaniko nagusietakoa izatea.

Erdi Aroko monasterioak

Erdi Aroan, erlijio kristauetako monasterioak kulturaren babesleku izan ziren. Baina monasterioen helburu nagusia ez zen kulturala, erlijiosoa baizik. Otoizguneak ziren, eta otoitz hori liburu santuen gainean eginiko gogoetetan oinarritzen zen. Lekaideek latinez eta, ahal izanez gero, grekoz, irakurtzen eta idazten jakin behar zuten. Horren ondorioz, monasterio guztietan liburutegia eta irakurtzen eta idazten irakasteko eskolak sortu zituzten.

Zer ikasten zuten

Ikasketak latinez egiten ziren, hizkuntza hori baitzen elizaren hizkuntza “ofiziala”, hizkuntza horretan edo grekoz idatzita zeuden liburu santu guztiak. Idazle klasikoen testuak irakurriz eta buruz ikasiz ikasten zuten hizkuntza. Latina ikasteaz gainera, beste arlo batzuetako zientziak ere ikasten zituzten: Geometria, Geografia, Historia, Musika, etab. Baina ikasketa horien helburua ere dokrina kristaua ulertzea zen.

Ikaste-prozesuan berebiziko garrantzia zuen liburuak kopiatzeak. Liburuak kopiatzen zituen lekaideak, monasterioko liburutegia aberasteaz gainera, kopiatzen ari zen liburua barneratzen zuen, eta hari buruzko gogoeta egiten zuen. Hori dela eta, orri ertzetan bere iritziak eta interpretazioak idazten zituen, eta, batzuetan, hizkuntzaren zailtasunak zirela eta, aldamenean edo lerro artean hizkuntza mintzatura itzulpena egiten zuen. Ezin dugu ahaztu ezagutzen ditugun lehen euskal hitzak Donemiliaga Kukulako lekaide batek idatzitako horrelako itzulpen batean agertu zirela.

Nolanahi ere, lekaideak helburu erlijiosoa zuen, Jainkoaren maitasunean bat egitea, otoitzaren bidez. Hortik dator Erdi Aroko lekaideen lelo nagusia: Ora eta labora, egin otoitz eta lan, Jainkoarekin bat egiteko. Garrantzi handiko lana egin zuten lekaideek monasterioetan Erdi Aroan. Euren helburua beste bat, erlijiosoa, bazen ere, antzinateko kultura gordetzeko egin zuten ahaleginari esker, kultura hari iraunarazi egin baitzioten.

Monasterioetako liburutegiak

Monasterioak sortzen hasi zirenean, VI. mendean, liburu gutxi zeuden, baina X. mendetik aurrera, liburutegiek gero eta garrantzi gehiago hartu zuten.

Jarritako arauen arabera, liburuak gela isolatu batean gorde behar ziren, eguraldi txarretik babestuta eta ondo aireztatuta, hezetasunetik babesteko. Ondo irakurri ahal izateko, irakurgelak lasaia eta isila izan behar zuen. Mahai bat edo bi izaten ziren gela horietan. Honako liburu hauek irakurtzen zituzten, nagusiki: Biblia, teologiako liburuak, santuen bizitzak, etab. Liburu horiek kate batez lotuta egoten ziren, ezin ziren gelatik atera, irakurleak hantxe bertan irakurri behar zituen, beste inora eraman gabe.

XIII. mendetik aurrera, liburuak mailegatzen hasi ziren. Mailegatutako liburuak monasterioko liburutegiko zerrendan idazten ziren, eta liburu bat mailegatzeko, monasterioko abadearen baimena behar zen. Liburua maileguan hartzen zuenak berme batzuk eman behar zituen, liburua ez zela galduko ziurtatzeko.

Monasterioetako idaztegiak

Esan dugunez, monasterioetan egiten zuten lan nagusia liburuak kopiatzea zen. Lan hori idaztegietan egiten zuten. Lehenengo lana pergaminoa prestatzea zen. Ondoren, liburu-orriak egiteko larrua mozten zen, prozesu hori oso garestia zen, liburu bat egiteko 25 bildotsen larrua behar zelako. Hortik aurrera kopiatzailearen lana hasten zen. Egunsentian hasten zen lanean, eta goizeko bederatziak arte jarduten zuen, gero arratsaldeko hiruretan hasten zen berriro, ilundu arte. Lekaide bakar batek urtebete behar zuen Biblia osorik kopiatzeko. Lan nekeza zen, eta badakigu lekaide batzuk kexu zirela, bizkarreko mina zela, neguko hotza zela, etab.

Liburuetan irudiak jarri behar baziren, kopiatzaileak horietarako lekua uzten zuen, eta lan hori lekaide marrazkilari bati agintzen zioten gero.

Erdi Aroan erlijio-sinesmenak eta kulturak: islama

Sorrera

Erlijio musulmana Mahomak fundatu zuen VII. mendean. Bilakaera erlijioso luzea izan zuen. K.o. 610ean, tradizioaren arabera, Gabriel goiaingeruaren ikuskaria izan zuen, eta hark Jainko bakarraren (Ala, arabieraz) berri munduan zehar zabaltzeko agindu zion. Ordutik aurrera, Mahomak lan horri ekin zion, eta bere sinesmena liburu batean bildu zuen, Korana liburuan. Arazo handiak izan zituen Mekako agintariekin, eta 622an ihes egin behar izan zuen handik. Musulmanentzat ihes hura, hejira deitzen dutena, beren aroaren hasiera da eta, beraz, egutegi musulmanaren hasiera.

Sinesmenaren oinarriak

Erlijio monoteista da, hau da, jainko bakarraren izatea onartzen duen sinesmen erlijiosoa, eta bere jarraitzaileak musulmanak dira. Musulmanen liburu santua Korana da. Islamak ez du apaizgorik, mullah eta aiatola izenez ezagutzen ditugunak ez dira apaizak, agindu erlijiosoen interpretazioan adituak baizik. Erlijio-ospakizunak meskitetan egiten dituzte.
Musulman sinestedunek Jainkoari mendekotasun osoa zor diote eta bost betebehar dituzte:

  • Jainkoa bat bakarra (Ala) eta Mahoma haren profeta dela aitortzea,
  • Egunero bost aldiz otoitz egitea Mekara begira jarrita,
  • Limosna ematea,
  • Ramadan garaian baraualdia egitea eta bizitzan behin, Mekara erromes joatea.
  • Eguneroko bizitzako hainbat arlotan mugak dituzte: txerrikia jateko eta alkohola edateko debekua, emakumearen mendekotasuna…

Ospakizun nagusiak

  • Ohiturei eta bizimoduari dagokionean, ostirala dute asteko egun nagusia.
  • Bi une garrantzitsu dituzte, bat ramadana (ilargiaren araberako egutegiko bederatzigarren hilabetean Sawn deritzon baraua egiten dute) eta bestea sakrifizioen jaia. Sakrifizioen jaian, familia bakoitzak bildots bat hil eta jan behar du.
  • Islamaren sinboloa ilgora da.

Kulturan ekarpenak

Gaurko ikuspegitik aztertuta, Erdi Aroko zientzia musulmana Europan XVI. mendetik aurrera garatu zen zientziaren aitzindari izan zen. Izan ere, zientzialari musulmanek ia arlo guztietako oinarriak jarri zituzten. Medikuntza izan zen musulmanek landu zuten arlo zientifiko nagusia. Sendagile musulmanek gaixotasun asko deskribatzeaz gain kirurgia ere landu zuten eta haiek izan ziren anestesikoak erabiltzen lehenak.

Astronomiari dagokionez, eguzkiaren, ilargiaren, planeten eta izarren mugimenduak ezagutzeko aurrerapauso nabarmenak egin zituzten. Hori haientzat garrantzitsua zen, musulman guztiek jakin behar baitzuten noiz izango zen Ramadana, eta eguneko ordutegia ere ezagutu behar zuten, ordu jakinetan Mekara begira otoitz egiteko.

Matematika arloan, gure gaurko zenbakiak (1, 2, 3…) Indiatik hartu, moldatu eta mundu osora hedatu zituzten eta, bestetik, haiek asmatu zuten 0 zenbakia ere.

Era berean, fisikan, kimikan edo filosofian ekarpen garrantzitsuak egin zituzten. Herri musulmanek eguneroko bizitzan eragin handia zuten hainbat asmakuntza teknikoaren aitzindari izan ziren. Beren ekonomiaren oinarria nekazaritza zenez, eta haien lurraldeetan uraren hornidura arazo handiak zituztenez, ureztatze teknikak landu zituzten: ubideak, putzuetatik ura ateratzeko sistemak…

Erlijio-sinesmenak eta kulturak Erdi Aroan: kristautasuna

Sorrera

Kristautasuna I. mendean sortu zen. Hasieran, juduek osatutako taldea izan zen. Kristauen arabera, Jesus Nazaretekoa, arotz baten semea, profetek juduen herriari agindutako mesias edo salbatzailea zen. Jesu Kristo Jainkoaren semeak, Jainkoa hura bera ere, aro berri baten hasiera zekarren eta, judaismoak hori ukatzen zutenez, judu haiek judaismotik bereizi egin ziren. Jarraitzaile ugari bildu zituzten inguruko herrietan II. mendetik aurrera. Kristauen artean hainbat talde eratu ziren. IV. mendean Erromako enperadorea bera ere kristau bihurtu zen, eta kristautasunak aginte politikoarekin bat egin zuen.

Sinesmenaren oinarriak

Kristautasuna erlijio monoteista da, jainko bakarra onartzen duen sinesmen erlijiosoa. Erlijio horren jarraitzaileak kristauak dira. Kristauentzat jainkoa “Jaun goikoa” da, eta Jesu Kristo edo Jesus gizaki guztien salbamenerako jaio eta hil zela sinestea da kristautasunaren oinarria. Hura da juduen liburu santu edo Bibliako Itun Zaharrean, profetek iragarritako salbatzailea eta “mesias”. Hari jarraitzen diona eta bere bizitzan haren eredura hurbiltzen dena salbatu egingo da.

Ospakizun nagusiak

  • Kristauen bizitza erlijiosoa Jesusen bizitzaren inguruan antolatzen da. Bi une dira bereziki garrantzitsuak: Pazko aldia eta Eguberriak. Pazko aldiaren erdian Aste Santua dago. Aste Santuan Jesusen heriotza eta piztuera gogoratzen dira. Pazko igandea, hots, Jesusen Piztuera ospatzen den eguna da kristauen jai nagusia. Eguberrietan Jesusen jaiotza ospatzen da.
  • Horiez gainera, beste jai eta ospakizun asko daude, horien artean igandeko eginkizunak garrantzi berezia du. Igandea otoitz eguna da kristauentzat, eta eukaristia ospatzen dute: meza.
  • Kristautasunaren sinbolo nagusia gurutzea da, kristau komunitateek hainbat formatako gurutzeak dituzte, adibidez, kristau katolikoek gurutze latindarra erabiltzen dute. Jesu Kristo gurutziltzatuta hil zuten, horregatik, gurutzea da kristauen ikur adierazgarria.

Kulturaren ekarpenak

Kultura kristauak V. mendetik aurrera gainbehera etengabea izan zuen. Hala ere, X. mendearen amaieran monasterioetan lehenengo, eta XII. mendearen amaieratik aurrera hiribilduetako unibertsitateetan ondoren, bultzada handia jaso zuen.

  • Monasterioek monjeak edota mojak bizi diren eraikinak dira. Hiru arlotan antolatzen zuten erlijiosoek eguneroko bizitza: otoitza, lana eta atsedena. Erdi Aroko monasterioetan kulturari eta literaturari lotutako jarduera ugari egiten ziren. Liburutegietan liburuak idatzi eta kopiatu egiten zituzten.
  • XII. mendean, Europa osoan, hiribilduak birsortu ziren, jarduera ekonomiko berriak azaldu ziren, ondorioz, behar kultural berriak sortu ziren, eta horrek bultzatuta monasterioetatik kanpoko kultur erakundeak ere sortu ziren: unibertsitateak. Europako lehen unibertsitatea Boloniakoa izan zen, XI. mende amaieran sortua. Pariskoa XII. mendean sortu zuten eta Salamancakoa eta Coimbrakoa XIII. mendean. XIII. mendetik aurrera, kulturak erlijioarekin ordu arte izandako lotura zuzena desegin egin zen. Hiribilduetako katedralak eta unibertsitateetako irakasle-ikasleak bihurtu ziren liburuen bezero berriak. Irakurleen ezaugarriak aldatu egin ziren eta liburuen gaiak ere bai. Erlijio-liburuek nagusi izaten jarraitzen zuten, baina bestelako gaiak ere lantzen hasi ziren.

Donejakue Bidea Erdi Aroan sortutako erromes-bide bat da. Kondairak dioenez, Santiago apostoluaren gorpuzkiak Santiagon hobiratu zituzten. Horrela, Erroma eta Jerusalemekin batera, erromesaldiak egiteko hirugarren gune izan da Europako kristauentzat. Apostolua musulmanen aurkako borrokaren ikur eta erromes bihurtu zen. XI. mendetik aurrera, bidaia seguru egiteko aukera izan zenetik, milaka eta milaka erromes igarotzen dira urtean zehar bide horretatik. Berez bide erlijiosoa zena bide komertzial eta kultural bihurtu da.

Erlijio-sinesmenak eta kulturak Erdi Aroan

Erlijioa Erdi Aroan sinesmena baino gehiago zen, taldeari nortasuna ematen zion faktorea zen. Kontuan izan behar da erlijioa ez zela norberak aukeratutako sinesmenen kontu bat: guraso kristauen semea kristaua izango zen, emazte kristauarekin ezkonduko zen, eta bere harreman sozial gehien-gehienak kristau artean izango zituen. Eta gauza bera juduen edo musulmanen kasuan. Gainera, talde erlijioso bakoitzak, sinesmenei lotuta, arau propio, ohitura, janzkera, janari, bizileku eta bestelako ezaugarri kulturalak izaten zituen.

Erlijio banaketari buruzko datu zehatzenak Nafarroa Garaikoak dira. Bertan, 1366. urtean egindako errolda fiskal baten arabera, familien % 94,4 kristaua zen, % 3,8 judua eta % 1,8 musulmana.

Euskararen bilakaera Erdi Aroan

1000. urte aldera euskara gaur egun baino eremu zabalagoan mintzatzen zen. Euskaraz egiten zen Araba ia osoan, Bizkaia guztian Karrantza aldean izan ezik, Gipuzkoa osoan, Nafarroa osoan Erribera aldean izan ezik, Ipar Euskal Herri osoan, baita Errioxaren parte batean ere. 924. urteko arabiar kronika batek dioenez, Iruñea aldean gehienek euskaraz hitz egiten zuten (al-baskiya) eta horrek ulertezin bihurtzen omen zituen.

Berant Erdi Aroan ere euskara zen Euskal Herriko biztanle gehien-gehienen eguneroko hizkuntza. Erdi Aroa igarota, 1587. urteko iturrien arabera Nafarroa Garaian, biztanleriaren % 65 zen euskalduna, eta 1400. urtean proportzioa antzekoa edo agian handiagoa izango zen. Funtsean, euskaraz egiten zen Lizarra eta Erriberritik iparraldera zegoen Nafarroa zatian, bi hiri horiek barne, edo bestela esanda, erresumako lurraldearen bi heren baino gehiagoan. Gainerako euskal lurraldeetan euskaldunen proportzioa Nafarroa Garaikoa baino altuagoa izango zen, % 80 eta % 100 artekoa, seguru asko.

Euskararen lurraldean hizkuntza hura erabiltzen zuten ahoz herritar gehienek, ez soilik nekazariek edo bestelako herri xeheek, baita nobleek, merkatariek eta gorteko langileek ere. Bando gerretatik gorde diren kantu asko, nobleen giroan sortuak izan arren, euskaraz daude eginak eta horrek argi erakusten du noble horiek euskaraz egiten zutela beren artean. Funtsean, talde pribilegiatuetako kideak idazten jakinez gero, erromantzea erabiliko zuen normalean, eta aldiz euskaraz hitz egingo zuen eguneroko bizitza gehien-gehienean. Oroitu gainera, elitea beti zela talde txiki bat. Biztanleriaren gehiengo zabala euskaldun elebakarra izango zen garai hartan.

Garai hartan ez zegoen euskara batu eta bakar bat, baizik tokian tokikoa. Gaur egun bizkaiera, gipuzkera, nafarrera edo zuberera deitzen ditugun euskalkiak, adibidez, garai hartan jada baziren, baina beren arteko diferentzia gaur egungo euskalkiek dutena baino leunagoak zen. Horregatik, eskualde batean sortzen zen kantua beste lurralde batera hedatzen zen maiz.

Erdi Aroan euskara latinetik eratorritako hainbat hizkuntzaz inguratuta zegoen: gaskoia, okzitaniera, aragoiera, gaztelania, nafar erromantzea, etab. Donejakue Bideak erraztu egin zuen Euskal Herrian beste hizkuntzak sartzea: gure hirietan kokatu ziren frankoek okzitanieraren hainbat dialekto erabiltzen zituzten: juduen auzoetan hebreera zen nagusi… Bestalde, islamari berriki errekonkistatutako lurraldeetan arabieraz mintzatzen jarraitzen zuten…

Antso VI.a Jakitunak 1167an Aralarko Done Mikel monasteriora bidali zuen idatzi batean euskarari Lingua Navarrorun deitu zion. Erregeen eta nobleen familiek euskara nafarren hizkuntza zela aitortzen bazuten ere, idatzietan beste hizkuntza batzuk erabiltzen zituzten. Euskara administraziotik kanpo gelditzeak izugarrizko eragina izan zuen euskararen atzerakadan.