Erdi Aroko hirien antolaketa

Erdi Aroko hiriak nahiko txikiak izaten ziren, salbuespenak salbuespen (Milan, Venezia, Florentzia, Paris…), ez ziren 10.000 biztanle baino gehiagokoak. XIII. mendetik aurrera, ikaragarri garatu ziren, etorkinak iritsi baitziren landa-eremuetatik. Hiriak segurtasuna, askatasuna eta lan-aukera ematen zizkien.

Hiriak herri harresituak izan ohi ziren, harrizko harresiz inguratuak. Sartzeko ateak zituzten. Kale estu eta bihurrietan zehar, harlangaitzez edo buztinez betetako egurrezko egiturako etxeak zeuden bata bestearen ondoan; hori zela eta, suteek ikaragarrizko txikizioak egiten zituzten. Higiene- eta osasun-baldintzak ez ziren batere onak: etxeko animaliak inolako kontrolik gabe ibiltzen ziren hirian, zaborrak eta hondakin-urak kalera botatzen ziren zuzenean, etab.

Erdi Aroko munduko hiriak

Berant Erdi Aroan munduko hiririk handienak ekialdean zeuden. Txinako Nanjing hiria, Ming dinastiako erresumaren hiriburua, guztietan populatuena zen, milioi erdi inguru biztanlerekin. Gertu zituen Indiako Vijayanagara hiria eta Egiptoko Kairo; azken hori Erdi Aro osoan eta geroago ere, musulman hiri nagusietakoa. Europa mendebaldeko hiriak ondoren zetozen, Paris denen buru, baina Brugge ez zen askoz atzerago geratzen, eta Italiako hiriak, bereziki Genova ere handia zen. Ezin utzi aipatu gabe Granada, Iberiar penintsulan geratzen zen azken erresuma musulmaneko hiriburu distiratsua.

Munduko hiru hiri populatuenak eta beste batzuk 1400 urte aldera (biztanleria)

 

Nanjing (Txina)                           487.000

Vijayanagara (India)                    400.000

Kairo (Egipto)                              360.000

Paris (Frantzia)                            275.000

Brugge (Flandria)                        125.000

Genoa (Italia)                              100.000

Granada (Al Andalus)                   100.000

Iruñea (Euskal Herria)                 6.000

 

Erdi Aroko hirien sorrera

Berant Erdi Aroan, hiri handietan, artisau eta merkatari ugariz gain, unibertsitateak sortzen hasi ziren, eta katedral ugari eraiki ziren; Goiz Erdi Aroan, lehen mendekoaz oso bestelako bizimodua zabaldu zen. Hiribilduak sortzeko arrazoi asko izan ziren. Batzuek gune estrategikoan zeudelako eraiki zituzten: erresumen arteko mugak zehazteko, arrazoi politikoengatik (Segura, Ordizia, Tolosa), defentsarako (Uxue, Arguedas, Caparroso, Peñalen…), merkataritzarako (Nafarroako salgaiak itsasoratzeko), kostaldean (Hondarribia, Donostia, Bartzelona…), Gaztelako artilea kanporatzeko (Santander) eta Donejakue Bidearen inguruan.

Hiribilduak errege edo beste jaun handi baten eskutik hiri-gutuna jaso zuten biztanleguneak ziren (agiri horri fundazio-gutuna eta udal-forua ere deitzen zaio; gaztelaniaz carta puebla, carta fundacional edo fuero municipal). Gutun hori jasotzean, hiribildua fundatuta geratzen zen, hau da, lege-ikuspegitik existitzen hasten zen. Izan ere, hiri-gutuna agiri ofiziala zen, latinez edo erromantzez idatzia, hiribildua sortzeko eta populatzeko baimena ematen zuena, eta hiribilduaren baldintza legalak zehazten zituena. Agiri horretan jasotzen ziren hiribilduari zegozkion lurrak zein ziren, baita bertan biziko zirenen zenbait eskubide, zerga-salbuespen, pribilegio eta betebehar ere. Hiri-gutunaren emailea eta bermea erregea zen (edo gutuna eman zuen jauna): arazorik gertatuz gero hiribilduaren eta beste talde sozialen artean (adibidez, inguruko nobleekin), hiribilduak hiri-gutuna argudia zezakeen bere eskubideak zaintzeko eta erregearen babesa eskatzeko.

Erregeek eskubide ugari eman zizkieten hiribilduei, foruen edo hiri-gutunen bidez (adibidez, hirien fundazio-agiriak): azoka edo merkatua egiteko eskubidea, hiribilduko edo hiriko administrazioaren neurri bateko ardura, gerrara joan beharrik eza, jauntxoei zergarik ordaindu beharrik eza, harresia eraikitzeko ahalmena, larre-eskubideak, merkataritza-monopolioa… Horri esker, bertako biztanleek abantaila handiagoak zituzten. Horrenbestez, landan baserritarrak oso bizi-baldintza txarretan bizi baziren ere, hiribilduak askatasun lekuak bihurtu ziren.

Euskal lurraldeetan, Nafarroako erregeek fundatu zituzten lehen hiribilduak. Ondoren, Gaztelako errege-erreginek eta, gero, Bizkaiko jaun/andreek jarraitu zuten hiritartze-prozesua.

Hiriak ugaritu eta indartu ahala, ahaide nagusien boterea apaltzen hasi zen. Hiribilduen jaun bakarra erregea zen, legedi bakarra erregearena zen, eta haren aurrean bakarrik ziren erantzule hiritarrak. Zergak ordaintzeko garaian ere, erregeari bakarrik ordaindu behar zioten, inguruko nekazariek baino mendekotasun txikiagoa zuten, agintea ere beren eskuetan baitzegoen, kontzejuen bidez. Hiribilduek, beraz, jauntxoen boterea murriztu zuten, eta horrek, bereziki krisi-garaietan, gatazka ugari sortu zituen (Ahaide Nagusiek hiribilduei egindako erasoak, adibidez).

Erdi Aroko hiriak

XI. mendetik aurrera, mendebaldeko Europaren zati handienean, hiriak suspertzen hasi ziren berriro. Nekazaritzan ekoizpena hobetzeak demografiaren hazkundea ekarri zuen, elikagaiak ugaritzeak hilkortasuna jaitsarazi egin baitzuen. Era berean, elikagaiak sobera zituztenez, lan-banaketa zehazten joan ziren, merkataritzak eta artisautzak aurrera egin zuten eta horrek guztiak hiriak birsortzea eragin zuen.

Merkatariak leku seguruetan, herrixka zaharretako harresien inguruan, kokatu ziren, nekazaritzako eta artisautzako gaiak salerosteko. Gero, artisauak ere merkatarien inguruan finkatzen joan ziren. Gune horiek burgoak ziren eta haietako biztanleei burgesak deitu zitzaien. Erdi Aroko gizartean giza talde berri bat sortu zen. Hiriek artisautzaren eta merkataritzaren bilakaera geldiezina ekarri zuten. Artisauak gremiotan bildu ziren. Artisau maisuak bere lantegia izan ohi zuen, ofizial eta ikasleekin, eta baita denda bat ere, produktuak saltzeko.