Burdin Aroa

K.a. 1000 urtetik aurrera burdina erabiltzen hasi zirenean, horrek benetako iraultza ekarri zuen. Burdina ugari zegoen, merkea zen eta edonon aurki zitekeen. Besteak beste, nekazaritzarako eta meatzaritzarako lanabesak egiteko oinarrizko lehengai bihurtu zen burdina. Metal horren jabetzak, brontzearen kasuan ez bezala, gizarte banaketan ez zuen hainbesteko garrantzirik izan, eta metalen merkataritza ere asko murriztuko zen.

Hori horrela gertatzeko, burdinaren lanketa menperatu behar zen. Gaur egun dakigunaren arabera, Anatolia inguruko hititek asmatu omen zuten burdina lantzeko teknika, baina ezkutuan eduki zutenez, denbora dezente igaro zen beste herrialdeetara zabaltzeko. K.a. 1000. urtetik aurrera Europa erdialdeko herriek Europa guztian zabaldu zuten burdinaren teknika.

Herrialde horiek, orokorrean indoeuroparrak edo zeltak deituak, Iberiar Penintsulara ere hainbat alditan etorri ziren klima epelago eta baldintza hobeagoak zituen lurren bila. Burdinaren erabilera zabaldu zuten iparraldeko herri horiek eraldaketa sakonak eragin zituzten joaten ziren lekuetan, beraien egitura soziala, politikoa eta erlijiosoa ere ezartzen zutelako:

  • Gizartea mailakatua zuten. Maila gorenean pixkanaka noblezia sortu zuten gerlari onak zeuden. Ondoren apaizak zeuden, jainkoei kultua egiteko. Eta azkenik, beheko mailan, nekazariak, artzainak eta artisauak aurkitzen ziren.
  • Elkarren arteko inbasioak eta borrokak ugariak zirenez, harresiz inguratutako herrietan bizi ziren gehienetan.
  • Beren sineskerak joaten ziren leku guztietara zabaltzen zituzten, hala nola, gorpuak erraustu eta errautsak ontzietan sarturik lurperatzearena. Horregatik, errauts-ontzi zelaien kultura ere deitzen zaio.
  • Burdinaz gain, gurdia, gurpildun goldea, etab. ere zabaldu zituzten.

Burdin Aroa K.o. I. mendean bukatu zen.

Brontze Aroa

K.a. 2500. urte inguruan brontzea asmatu zuten: kobrearen eta eztainuaren nahasketatik ateratako metal gogorra. Brontzearen gogortasunak eta iraunkortasunak oso baliagarri bihurtu zuen metal hori, eta pixkanaka arlo batzuetan harriari ere lekua kendu zion.

Brontzea egiteko kobrea eta eztainua behar zirenez, metal horien bila joateko bidaiak ugaritu egin ziren. Horrela, herrien arteko harremanak eta merkataritza ugaritu ziren eta lehen koloniak agertzen hasi ziren. Adibide gisa, hortxe ditugu, lehendabizi, feniziarrek eta ondoren greziarrek eztainu bila Mediterraneoan zehar, Iberiar Penintsulara eta Britainiar uharteetara egindako bidaiak. Lurralde horietan koloniak sortu zituzten, gainera.

Herrialde horien artean izandako harremanek eta metalak edukitzeak eraldaketa sakonak eragin zituzten:

  • Nekazaritza garrantzitsua bazen ere, merkataritza ezinbesteko jarduera bihurtu zen.
  • Metala edukitzea botere adierazgarri bihurtu zenez, goi mailako jendeak brontzezko bitxiak eskuratu nahi izaten zituen.
  • Metalaren teknikaz jabetu ziren herrietan goi mailako gizartea antolatu zen, egitura sozial hierarkizatuan oinarritua.
  • Herriak, pixkanaka, hiri itxura egituratu bat hartzen joan ziren.
  • Metalaren lanketa eta gurdia zabaldu zituzten.
  • Beren ohiturak ere zabaldu zituzten, hala nola, beren erlijio eta sineskerak:

Eguzkiari gorazarre egiten zion erlijioa.

Hildakoak zerraldoetan sartu eta hilobiak lur-tontorpean ezartzea, kobrezko eta brontzezko bitxiekin, armekin eta kanpai formako zeramika ontziekin.

Megalitoak edo harri erraldoiez egindako hileta monumentuak (harrespilak, talayoteak, taulak…)

Brontzea egiteko eztainua urrutitik ekarri beharrak, bere urritasunak eta garestia izateak brontzearen erabilera bitxi eta arma (geziak, sastakaiak) batzuetara mugatu zuen.

Kobre Aroa

Dirudienez, Balkan inguruetan hasi ziren lehen aldiz metalak lantzen K.a. 4000 urte inguruan. Datu horiek, beste guztiak bezala, behin-behinekoak dira, agian zuk hau irakurtzen duzunerako, data eta gune berriak aurkituko baitira.

Metalurgiaren sorrera gizakia kobrea urtu eta xafla bihurtuz erabilgarria zela konturatu zen garaian kokatu beharko genuke; hainbat forma emanez, ontzi edo tresna iraunkorrak egin zitezkeela ohartu baitzen gizakia. Metalurgia jarduera horrek, besteak beste, labeen eta zenbait ezagutza teknikoren beharra ekarri zuen, nolabaiteko artisautza espezializatubat. Metala lortzeko ahaleginak, berriz, merkataritza sarea hedatu beharra ekarri zuen. Horrela, kobrearen bilaketa eta erabilera Anatolia ingurutik Mediterraneo osora zabaldu zen, eta gero, baita Asiako eta Europako zenbait herrialdetara ere.

Kobrea lortu behar horrek, guk ezagutzen dugun meatzaritza sortu zuen; mea lur gainetik ez ezik, lur azpitik ere atera behar zen, eta teknika berriak landu beharra zegoen.

Kobrearen aurkikuntzak eragin zuen hedapena kontuan izanda ere, bazituen akats batzuk: oso urri zegoen eta, gainera, bigunegia zen; horregatik, batez ere bitxietarako erabiltzen zen, eta aberatsen hilobietan aurkitu izan dira kobrezko tresnak.

Metal Aroa

Neolitoaren amaieran pixkanaka metalak erabiltzen hasi ziren. Harritik metalera gertatu zen lehengaien aldaketa gizakientzat erabateko aurrerapena izen zen.

Metalak lehenagotik ere ezagutzen zituzten, K.a. 5000 urtetik gutxi gorabehera, baina apaingarri bezala bakarrik erabiltzen ziren; izan ere, urrea, zilarra eta kobrea bigunak izanik, ez ziren oso baliagarriak lanabesak egiteko.

Neolito garaian jarduera ekonomikoen banaketarekin batera agertu ziren lehen meatzariak. Harribitxien bila mendiak zulatzen zituzten, kolorezko harri horiek ezaugarri magikoak zituztela uste baitzuten. Baina aldaketa, bereziki, metalak ezagutu ez ezik, metal horiek lantzen hasi zirenean gertatu zen; orduan sortu zen metalurgia, K.a. 4000 urte inguruan.

Metal Aro hau zenbait etapatan banatu ohi da:

Metal Aroa euskal lurraldeetan: kultura eta artea

Janzkera eta apaindura

Metal Aroan larrua eskuragai zegoen jantziak egiteko, etxekotutako animalien larrua, hain zuzen: ardiena, behiena eta ahuntzena, batez ere. Ziurren ehizatutako animalia zenbaiten larrua ere (hartza, otsoa, etab) erabil zezaketen okasio berezietan.

Baina klima aski epela zenez, larruzko jantziak ez  ezik oihalezko arropa  arinagoak ere janzten zituzten. Arropak egiteko animalien ilea, bereziki  artilea, erabiltzen zuten, baita landare-zuntzak ere, bereziki lihoa. Gasteiz inguruan aurkitutako harilkatzeko eta ehuntzeko (haria eta oihala egiteko)  tresna batzuek azken hori egiaztatzen dute.

Apaingarri moduan Metal Aroan, Neolitoan erabiltzen ziren zintzilikarioez gain, urrezko, kobrezko zein brontzezko  eraztunakeskumuturrekoakbotoiak eta kriseiluak ere hasi ziren erabiltzen. Forma eta tamaina askotako zintzilikarioak topa daitezke: biribilak, laukizuzenak edo trapezio-formakoak, antropomorfoak (gizaki itxura dutenak) eta zoomorfoak (animalia itxura dutenak)…

Erabilera praktikoa zuten apaingarrien artean ohikoak ziren hainbat formatako fibulak (paparreko orratzak). Fibulak arropa biltzeko erabiltzen ziren eta forma anitzezko dekorazioa izaten zuten.

Garai hartakoak dira beira-orez egindako lepoko eta eskumuturrekoen aletxo urdinak ere. Eskumuturrekoen artean badira suge-forma dutenak. Sugea emakumearen emankortasunarekin lotu ohi da.

Gerlariak ere erabiltzen zituzten metalezko armek eta ezkutuek ere apaingarri ugari izaten zituzten.

Sineskerak eta artea

Metal Aroan artelan txikiak ugaritu egin ziren; ordura arteko harria, hezurra eta buztinez gain, metala ere erabiltzen hasi ziren.

Dekoratutako objektuak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen joan ziren: metalez eginiko fibulak (arropa lotzeko orratzak), gerriko-krisketak; buztinezko figurak eta dekoratutako ezkila-itxurako ontziak. Giza edo animalia formako metalezko irudi eskematikoak ere egiten zituzten.

Sineskerei dagokienez, ezinezkoa da garai haiei buruzko euskal lurraldeekiko datu zehatzak ematea. Nolanahi ere, nekazari eta abeltzainak lurrari, hark ematen zien uzta eta etxeko abereei lotuta bizi ziren, eta eguraldiak horrekin guztiekin berebiziko lotura zuen; beraz, eguraldi-zikloek garrantzia handia izaten zuten bai nekazarientzat baita abeltzainentzat ere; eta ezinbestekoa zitzaien oso zehatz ezagutzea eta segimendua egitea. Lurrarekin lotutako elementuak sinesmen eta gurtza-gai bilakatu eta jainkotu ohi zituzten.

Hileta-errituak

Burdinaren metalurgiarekin batera hileta-erritu berri bat zabaldu zen: errausketa. Metal Aroan hasi ziren gorpuak errausten eta errautsak ontzietan sarturik lurperatzen.

Gorpuak trikuharrietan ehorzteari utzi zioten, baina trikuharriak zeuden lekuetatik gertu beste monumentu batzuk eraiki zituzten, harrespilak (cromlech edo mairu-baratzeak), tumulu-harrespilak eta tumulu soilak.

Indusketa arkeologikoek iradokitzen duten arabera, honela egingo ziren hileta-errituak: egurra erregaitzat erabilita, hildakoaren gorpua errausten zuten, gero errautsak bildu eta paraje berezietara eramaten zituzten lurperatzeko.

Metal Aroa euskal lurraldeetan: ekonomia-jarduerak

Jarduerak

Metalen erabilerak benetako iraultza ekarri zuen. Hasieran brontzea erabili zen, metal horrekin apaingarriak eta armak egiten zituzten, batez ere, lanabesak eta egiteko bigunegia baitzen.

Geroago hasi ziren burdinazko tresnak egiten, aitzurrak, goldeak igitaiak… Euskal lurraldeetan ugari zegoen, merkea zen eta edonon aurki zitekeen. Gauzak horrela, nekazaritzarako eta meatzaritzarako lanabesak egiteko oinarrizko lehengai bihurtu zen burdina. Burdina urtu ondoren, forma emanez egiten zituzten erremintak. Aztarnategi askotan aurkitu dituzten eskoriak (metala urtu ondoren geratzen diren hondakinak) frogatzen du jarduera hori ohikoa zela.

Zurezko tresnen aztarna oso gutxi aurkitu dira, egurra usteldu egiten delako, baina haiek egiteko tresna ugari aurkitu dira; horrek frogatzen du eguneroko tresnak egiteko zura erabiltzen zutela.

Iparraldeko leinu edo tribuak, batez ere, abelazkuntza eta ehizatik bizi zirela esan dezakegu, lurralde horietako erliebearen eta eguraldiaren ezaugarriengatik nekazaritzak ez zuelako irtenbide handirik.   Abelazkuntza ezaguna zen, Neolito Arotik behia, ardia, ahuntza eta txerria ziren animalia etxekotu nagusiakMetal Aroan horiez gain oiloa ere azaldu zen. Horiei guztiei esker, haragia eta larruaz gain, esnea eta gantza edo arrautzak lortzen zituzten. Ilearekin, bereziki ardiaren artilearekin, arropak egiten zituzten. Lurra lantzeko eta gauzak garraiatzeko ere animalien indarrez baliatzen ziren.

Hegoaldean aldiz, laborantza, nekazaritzazen jarduera ekonomiko nagusia, horko lurrak eta klimak horretarako baldintza egokiagoak ematen zituelako.

Jarduera horiek ez zituzten erabat baztertu aurreko garaietako jarduerak, ehiza, arrantza eta fruitu-bilketa osagarri moduan mantendu ziren.

Tresna berriak

Burdinazko tresnen erabilerak nekazaritza-jarduera erraztea ekarri zuen: lurra lantzeko aitzurrak eta goldeak, zerealak ebakitzeko igitaiak; eraikuntzarako iltzeak, grapak, errematxeak; arrantzarako amuak; guraizeak, labanak … eta beste hainbat tresna eraginkor egitea ahalbidetu zuen metalen erabilerak.

Brontze Aroan sartzean, zeramika mota ikusgarria azaldu zen euskal lurraldeetan, jatorria Europan zuena: ezkila (kanpai)-itxurako zeramikaBadirudi luxuzko zeramikagintza zela, agian eliteei, goi mailakoei erreserbatua, edo agian zeregin oso jakinetarako erabiltzen zena. Zeramika horrez gain, egunerokoan erabil zitekeen zeramika arrunta ere egiten segitu zuten. Ohikoa da elikagaiak biltzeko ontzi handiak aurkitzea.

Elikadura

Jende gehienaren elikadura etxean edo etxe inguruan egindakoa zen; hau da, nekazari edo abeltzain jatorrikoa. Ehizatik eta bilketatik lortutako jakiak osagarriak ziren. Bestalde, dietaren parterik handiena landare jatorrikoa izango zen seguru asko, eta haragia eta arraina urri.

Aztarnategietan kiskalitako hainbat hazi aurkitu dira, espeltagaragarra, oloa… Horrek frogatzen du ereindako janaria jaten zutela. Baba beltzak eta ilarrak ere ohikoak ziren.

Osagarri gisa, basoetan bildutako fruituak eta landareak jango zituzten: sagarrak, hurrak, intxaurrak, masustak, basaranak, ezkurrak, gaztainak, basaranak… Bestelako landare eta sustrai jangarriak ere bilduko zituzten seguru asko, orobat perretxikoak eta onddoak.

Basoko erleek ekoitzitako eztia biltzen zutela ez da dudarik: Aztarnategietan horren froga zuzenik aurkitu ez den arren, Europa osoan, eta handik kanpo (Egipton, Mesopotamian, Afrika iparraldean…) ezti bilketa arrunta zen, gutxienez Neolito Arotik.

Haragiari dagokionez, etxekotutako  behiakardiak, ahuntzak eta txerriak   ziren okela-iturri nagusiak.  Horiek, haragiaz gain gantza ere ematen zuten, eta esnea ere bai, txerriak izan ezik. Oiloa ere azaldu zen garai hartan. Ehiza, bigarren mailakoa zen, baina ez zen guztiz desagertu, oreina eta basurdea ziren gehien ehizatzen zituzten animaliak.

Arrantza eta itsaski-bilketa (batez ere txirlak, ostrak eta lapak), elikaduran osagarri ziren.

Edaritan, ura eta esnea edateaz gain, baliteke garai horretan garagardoa ere ezaguna izatea.

Janarien prestaketa

Buztinezko ontzigintzak lapikokoak egitea ahalbidetu zuen.

Zerealez eginiko janariak azaldu ziren; hala nola, ogiak, taloak eta opilak.  Zerealekin irina egiteko lehenik eskuzko errota txikietan ehotzen zuten. Irina urarekin nahastu, eta orea labean erretzen zuten. Irina, ogiaz gain,  oreak egiteko erabil zitekeen,  horretarako urarekin nahastu eta buztinezko eltze batean egosten zuten.

Aztarna arkeologikoen arabera erretako haragi eta moluskuak ere jaten zituten noizean behin. Ildo berean ardien, ahuntzen eta behien esnea fresko hartzeaz gain   gazta egiten zuten.

Merkataritza

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapenak eta metalen teknologia hobetzeak soberakinak izatea ekarri zuen. Soberan zituzten gaiak falta zituzten beste batzuengatik trukatu egiten zituzten, ez baitzen oso ohikoa dirua erabiltzea.

Euskaldunak ez zeuden ingurukoetatik isolatuta, izan ere Euskal Herrian aurkitu diren zenbait objekturen jatorria beste lurralderen batean dute. Adibidez, bariszita harri berdeak,  idunekoak (lepokoak) egiteko oso estimatua zirenak, Kataluniako harrobi batetik ekartzen zirela dirudi.

Metal Aroa euskal lurraldeetan: gizartea

Gizarte-antolaketa

Baliteke gure artean Neolito-Metal Aroetan  tribu, leinu  edo antzeko taldetan antolatuta egotea. Leinuak edo tribuak giza talde antolatuak ziren, eta gehienetan bertako kideek familia loturak izaten zituzten.

K.a. 2000 bukatzean, Europa mendebaldeko eta erdialdeko hainbat giza talde hona iristeak bertako biztanlerian eragin zuen, eta gizarte konplexuagoak sortu ziren. Garai haiek, dirudienez, ez ziren oso baketsuak izan; izan ere, sortu ziren herrixka gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; aztarnategiek era berean  argi uzten dute biztanleak lurralde osoan barreiatuta zeudela bi isurialdeetako herrixkatan.

Jabetza

Lurren jabetze prozesua gatazka-gai bilakatu zen. Zenbat eta lur eta abere gehiago eduki, orduan eta aberatsagoa eta boteretsuagoa izango zen lur-jabea. Arabako La Hoya herrixkan zeuden hainbat eratako etxeek adierazten dute gizartean nolabaiteko mailaketa bat zegoela.

Herriak

Garai haietako herrixkak harresiz inguratuta agertzen dira, gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; erraz defendatzeko asmoarekin eraiki ziren, erliebegunerik aproposenetan, harresi egokiak altxatzeko.

Arabako eta Nafarroako biztanleria, oro har, herrixka harresituetan bizi zen. Garaiera gutxiko muinoetan eraikitzen ziren herrixkak, ibaietatik eta iturburuetatik hurbil. Herrixka hauetan kaleen egitura antolatua antzeman daiteke.

Bizilekuak

Etxeak lurra sakonduz egiten ziren, bi oinplanori jarraituz: laukizuzenak eta zirkularrak (Araban, bakarrik).

Etxe mota hori eraikitzeko, lehenik, zorua prestatzen zen. Horretarako lurra metro erdi inguru sakontzen zuten, eta lurra zapalduz trinkotasuna ematen zioten zoruari. Oinarrietarako harria erabili zuten. Hormak adarrez egiten zituzten, maiz hurritz-adarrez, eta lurrez estaltzen ziren, isolatzailea zelako; hegoaldean adobea (lokatzez egindako adreiluak) ere erabiltzen zuten. Ertzetan zurezko zutoinak jartzen zituzten lurrean zuloetan zutik jarrita. Haien gainean teilatua jartzen zen, gehienetan lastozkoa, zurezko egitura batean eutsita. Lastozko teilatu hori nahikoa trinkoa izaten zen urari sartzen ez uzteko.  Metal Aroko eraikinetan metalezko piezak erabiltzen ziren, iltzeak, grapak eta errematxeak.

Etxebizitza laukizuzenek barne-banaketa izan ohi zuten, eta supazterrak (suaren inguruan jartzen ziren mahaiak), aulkiak eta beste hornidurak izaten zituzten. Gehienetan ez zen gelarik bereizten, txoko batean sua egoten zen janariak prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.

Bizitzeko etxeez gain, beste eraikin batzuk ere izaten ziren: biltegiak, kortak, zeramika edo beste zerbait lantzeko tokiak, etab. Labeak etxetik kanpo, pareta baten alboan, adobea erabiliz eraikitzen ziren.

Etxeetan altzari eta objektu gutxi ziren garai hartan: zeramikazko ontziak, baita zurezko kaikuak eta edalontziak ere. Batzuetan elikagaiak ehotzeko barku formako esku-errotak ere izaten ziren.