Paleolitoa

Behe Paleolitoa

Paleolito garaia (grekotik, palaios + litos: harri zaharra) deitzen diogu gizakiaren sorreraren lehen aroari; izakia gizaki bilakatzen dela esaten dugu, harria landuz lanabesak sortzen hasi zenean. Orduantxe hasten da Paleolitoa.

Paleolitoa duela 2,5 milioi urte hasi zela esan dezakegu, Homo habilis, lehen gizakiarekin batera eta K.a. 10.000 urte arte iraun zuen.  Paleolitoa hiru epetan banatzen da, bereziki gizakiaren eta trebeziaren bilakaera kontuan hartuta:

  • Behe Paleolitoa (2,5 M – 180.000 k.a) da Homo habilis eta Homo erectus bizi izan ziren garaia. Gizaki haiek ehiztariak eta biltzaileak ziren, eta kobazuloak babesteko erabiltzen hasi ziren.
  • Erdi Paleolitoa  (180.000 – 40.000 k.a) da Neanderthal gizakia bizi izan zen garaia. Klima epeldu egin zen eta hildakoak lurperatzen hasi ziren.
  • Goi Paleolitoa (40.000-10.000 k.a)da Homo sapiens edo Cro-Magnon gizakia bizi izan zen garaia. Klimagatik itsaso aldera jo zuten gizakiek; ehizaz eta basa-fruituz elikatzen ziren.

Paleolitoko gizakiak ehiztariak ziren, harrizko armak, sua eta egur landua erabiltzen zuten. Animaliak harrapatu eta landareak eta fruituak biltzen zituzten elikatzeko. Azken mendeetan arrantzan ere ikasi zuten.

Taldetan bizi zirela uste da, eta hainbat erlijio-erritu ere bazituztela. Horien lekuko dira topatutako arte-aztarnak, bai labarretan topatutako margoak eta baita arte higigarria deiturikoak, hezurretan, adarretan edo harri zapaletan egindako irudiak (zintzilikarioak, venusak…).

Erdi Paleolitoa
Goi Paleoilitoa

Paleolitoa euskal lurraldeetan

Paleolito garaia (harri zaharra) deitzen diogu gizakiaren sorreraren lehen aroari; izakia gizaki bilakatzen dela esaten dugu, harria landuz lanabesak sortzen hasi zenean, duela 2,5 miloi urte. Orduantxe hasten da Paleolitoa.

Euskal lurraldeetan Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiak bizi izan zirela ezagutzen dugu. Neanderthal gizakia, Behe eta Erdi Paleolito garaian (100.000-30.000 arte) eta Cro-Magnon gizakia Goi Paleolito garaian (30.000tik 8.000 artea)

Euskal lurraldeetako gizakiak bi bizileku izan zituen, eguraldiaren arabera. Aurkitu diren aztarnen arabera, Behe Paleolitoan aire librean ibaiertzetako kanpamentuetan bizi zirela badakigu. Baina izozte garaietan, Goi Paleolitoan,  itsasertzeko kobazuloetan aurkitu zuten babesa eta aterpea.

Paleolitoko gizakiak ehiztariak ziren, harrizko armak, sua eta egur landua erabiltzen zuten. Animaliak harrapatu eta landareak eta fruituak biltzen zituzten elikatzeko. Azken mendeetan arrantzan ere ikasi zuten.

Taldetan bizi zirela uste da, eta hainbat erlijio-erritu ere bazituztela. Horien lekuko dira topatutako arte-aztarnak, bai labarretan edo kobazuloetan topatutako margoak eta baita arte higigarria edo eramangarria  deiturikoak, hezurretan, adarretan edo harri zapaletan egindako irudiak (zintzilikarioak, venusak…).

Paleolitoa euskal lurraldeetan: kultura eta artea

Janzkera eta apaindura

Jantzien lehengaiak denborarekin usteldu egiten direnez, apenas geratu den Paleolitoko jantzien aztarnarik, baina zentzuzkoa da pentsatzea garai hartako klima hotzagatik, negu partean behintzat gizakiek larrua erabiliko zutela gorputza estaltzeko eta oinetakoak egiteko.

hezur eta adarrez egindako arte higigarria edo mugikorra (Izturitze)
hezur eta adarrez egindako arte higigarria edo mugikorra (Izturitze)

Ehizatutako animalien larruarekin arropak egiteko, lehenbizi, ile guztia kendu behar izaten zioten, horretarako larrua tenkatu eta ile guztia karrakagailu batez kentzen zioten; ondoren, landu eta arropak egin zitezkeen harekin.

Larruaren aztarnarik geratu ez bada ere, hura ebakitzeko eta josteko aurkitu diren tresnek (karrakagailuak, zulagailuak, hezurrezko jostorratzak…) adierazten dute jantziak egiten zituztela. Josteko animalien zainak, zurdak, tendoiak, etab. erabiltzen zituzten.

Apaingarriei dagokienez, ugariak dira Euskal Herriko aztarnategietan, bereziki itsas bazterretik hurbil daudenetan, molusku maskorrez egindako zintzilikarioak. Maskorrez gain, orein, zaldi, bisonte edota basahuntzen hortzak ere zulatzen zituzten apaingarriak egiteko. Errekarri beltzez eginikoak ere topatu dira Praileaitzen. Askotan, arroketako kristala eta kolorea zuten materialak ere erabiltzen zituzten.

Hezurrez edo adarrez egindako aginte makilak ere aipa daitezke; agian, taldeko pertsona ahaltsuenenak izango ziren.

Artea

Ekaingo zaldiak

Ezagunak dira Paleolito garaiko haitzuloetako hormetan agertu diren marrazkiak eta grabatuak: bisonteak, zaldiak, mamutak, oreinak, basahuntzak, etab. Halako irudiei labarretako artea deitzen zaio. Horrez gain, arte higigarria ere aurkitu da, hau da, hezurrezko edo harrizko euskarrietan lantutako irudiak.

Berez haitzuloetako pinturak ez ziren egin artea sortzeko; izan ere, irudi gehienak argirik sekula iristen ez zen galeria sakonetan eta zokondo ezkutuetan egin baitzituzten. Ez dakigu zein zen irudi horiek egiteko helburu zehatza, baina argi dago ez zirela egin jendearen bistan egoteko; gaur egun, oraindik ere, misterio bat izaten jarraitzen du. Halere, hipotesia ugari daude horren inguruan: ehizan laguntzeko marrazten zituztela, totem edo babesle moduan… Hori guztia ez dago ziurtzat jotzerik, baina, nahiko argi ikusten da labarretako arteak esanahi magiko-erlijiosoa zuela.

Baliteke azti edo sorgin antzeko adituren batek egitea irudi horiek. Pinturetan kolore bat edo bi erabiltzen ziren, batez ere beltza, gorria edota okrea. Grabatuak egiteko silex harrizko puntak erabiltzen zituzten.

Hileta-errituak

Euskal Herriko aztarnategietan ez dute Paleolitoko ehorzketarik aurkitu, baina Europako beste toki batzuetan azaldu dira. Hildakoa buruz gora etzanda edo albora begira jartzen zuten ehorzteko, eta maiz inguruan apaingarriren bat jartzen zioten.

Paleolitoa euskal lurraldeetan: ekonomia-jarduerak

Jarduerak

Ehizan eta bilketan oinarritzen zen Paleolitoko ekonomia, horixe baitzen gizakiek elikagaiak lortzeko zuten bidea. Janaria ez ezik, erregaia, jantziak eta tresnak egiteko lehengaiak ere naturatik lortzen zituzten. Ingurua oso ondo ezagutzen zuten. Garai haietan agertu gabe zeuden nekazaritza, abelazkuntza eta metalgintza.

Gizakiak taldean biltzen ziren ehizarako, fruituak biltzeko. Lana sexuen arabera banatzen zuten: emakumeak, umeen laguntzarekin, nagusiki fruitu, landare edota itsaski bilketan aritzen ziren eta gizonak, nagusiki, ehizan. Bilketarako eta ehizarako lurraldea, gehienetan, kanpalekuaren inguruan aurkitzen zen, 6-10 kilometroko erradioan. Noizean behin, taldeak kanpalekuz aldatzen zuen beharrekoak zituzten elikagaiak edo lehengaiak lortzeko beste leku batzuetara desplazatuz.

Batez ere, animalia belarjaleak ehizatzen zituzten; oreinak, zaldiak, bisonteak eta basahuntzak ezagutzen zituzten, eta, ehiza-teknika egokiak erabilita, nahikoa erraza zen haiek harrapatzea. Taldean ehizatzen zituzten eta lantzak urrunera indarrez botatzeko jaurtigailuak erabiltzen zituzten.

Kostaldean eta erreketan hezurrezko arpoiak erabiliz aritzen ziren arrantzan. Itsasoko arrainen aztarnaz gain, errekako amuarrain, izokin, karpa eta aingirenak ere agertu dira aztarnategietan. Arpoia indarrez jaurti eta arrainaren gorputzean sartutakoan tira egiten zuen arrantzaleak; horrela, arrainari zaila egiten zitzaion ihes egitea. Arpoiari egurrezko kirtena jarri ohi zioten errazago jaurtitzeko. Kostaldean, itsaskiak hartzen zituzten: lapak, ostrak, karrakelak…

Tresna berriak

Naturako lehengaiak erabiltzen zituzten lanabesak egiteko: harria, egurra, hezurra, adarrak, larrua, landare-zuntzak… Horietako asko galkorrak zirenez, ia arrastorik utzi gabe usteldu dira. Garai hartatik iraun izan duten tresnak harrizkoak, hezurrezkoak edo adarrez egindakoak dira.

Paleolitoko garai zaharrenetan silexeko harri puskei zuzenean koskak eginda egiten zituzten tresnak, aizkorak, karrakagailuak, zulakaitzak…

Baina harria lantzeko teknologia garatuz joan ziren gizakiak eta, silex harria xaflatan apurtzen ikasi zutenean, lehengaia hobeto baliatuz lanabes eraginkorragoak egiten hasi ziren: labanak, gezi-puntak, lantza … Tresna horietako askok zurezko heldulekua zuten, usteldu egin zelako desagertu dena.

Silexa zen harri motarik egokiena tresnak egiteko eta oso preziatua zen. Euskal lurraldeetan silexa lortzeko hainbat harrobi zeuden: Gernika inguruan, Urbasan, Trebiñun, Karrikan… Euskal lurraldeetatik beste leku batzuetara, Asturiasera, adibidez, “esportatu” ere egiten zuten.

Tresna mota bakoitzak funtzio jakin bat zuen. Karrakagailuak larrua leuntzeko erabiltzen ziren, zulakaitzak zuloak egiteko, labanak haragia eta beste hainbat gai ebakitzeko.

Arkua asmatu gabe zegoen arren, gezi antzekoak egiten zituzten; haiek urrunera indarrez botatzeko, berriz, jaurtigailuak erabiltzen zituzten.

Hezurrezko tresnei dagokionez, animalien adarrekin zein hezurrekin egiten ziren, puntak, jaurtigailuak, jostorratzak, espatulak, arpoiak… Horietako askok, apaingarri moduan, grabatuak izaten zituzten.

Elikadura

Paleolitoan elikaduraren iturri bakarra natura zen. Haragia lortzeko animalia handiak ehizatzen zituzten (oreina, zaldia, orkatza, basahuntza, bisontea…), baina baita animalia txikiagoak ere (erbiak, marmotak, hegaztiak…).

Errekako arrainak ere jaten zituzten: izokinak, amuarrainak, karpak eta aingirak. Kostaldean itsasoko arrainak eta moluskuak (karrakelak eta lapak bereziki) ere jaten zituzten.

Horrezaz gain, fruituak (hurrak, gaztainak, ezkurrak, masustak…), onddoak, sustraiak eta hainbat landare biltzen zituzten inguruko basoetan, baina apenas dagoen aztarna arkeologikorik, eta oso zaila da zer espezie biltzen zituzten zehaztea; urtaroen araberako espezieak izango ziren.

Jakiak prestatzea

Sua zen jakiak prestatzeko oinarrizko elementua. Aztarnategietan sarri aurkitu dira erretako hezurren arrastoak; beraz, argi dago ehizatutako ugaztunen haragia erre egiten zutela. Karrakelak eta lapak ere sutatik pasatzen zituzten, jateko. Era berean, aztarnek baieztatzen dute, oso arrunta zela hezur luzeak zatitzea, barruko muina atera eta jateko.

Litekeena da, bestalde, harrapatzen zuten arrain eta haragi guztia berehala ez kontsumitzea, garai hartako klima hotza tarteko, elur-zuloez baliatuko baitziren soberakinak izozteko.

Paleolitoa euskal lurraldeetan: gizartea-antolaketa

Gizarte-antolaketa

Ez dakigu zehatz Paleolitoko antolaketa soziala nolakoa zen; horregatik, gaur egun, oraindik ere, munduan garai hartako antolaketa bera duten tribuekin, hala nola, eskimal edo boskimanoen antolaketarekin konparatuz egiten dira ikerketak.

Pentsa liteke ez zela antolaketa oso hierarkizatua (mailakatua) izango, nahiko berdinkidea baizik.

Oinarrizko giza taldea banda zela dirudi. Banda giza talde txiki bat zen, gehienetan, kanpaleku berean bizi ziren pertsonez osatua. Talde bakoitzean hamar-berrogeita hamar pertsona artean bizi omen ziren, taldeko kide gehienak elkarren senideak, baina ez guztiak. Taldeek ezaugarri komunak zituzten inguruko beste zenbait, eta banden artean tribua osatzen zuten. Tribu bereko taldeek hizkuntza, erlijio eta kultura bera eta harreman estuak zituzten elkarren artean. Aldiro, taldeak elkarrekin hainbat ekintza egiteko elkartuko ziren: ehizaldi handiak egiteko, beste tribu batzuen aurka borrokatzeko, ospakizun berezietarako…

Botereari dagokionez, ehiztari-biltzaile gizarteetan ez zen egoten botere maila oso handia biltzen zuen buruzagirik, pertsona helduek izan ohi zuten agintea.

Jabetza

Jabetzari dagokionez, pertsonak zituen objektu pertsonalak, hala nola, arropak, ontziak, lanabesak… jabetza pribatukotzat hartzen ziren; mendiak, basoak, errekak eta halakoak, aldiz, jabetza kolektibotzat, baina, betiere, talde jakinen jabetzakoak ziren, ez edozeinen jabetzakoak; adibidez: ez zituzten jabetzak partekatzen inguruko beste talde batzuekin.

Paleolitoko ehiztari-biltzaileen artean ondasun materialak metatzeko aukerak urriak ziren eta baliabide ekonomikoak, gehienetan, guztienak ziren: ehiza, fruituak eta lehengaiak naturan zeuden, ez zuten jabe pribaturik izaten, eta taldeko edonork ustia zitzakeen. Gainera, ibiltariak zirenez, zaila izaten zen behin bildutakoa edo ehizatutakoa luzaroan gordetzea. Horregatik, ehiztari-biltzaile gizarteetako kideek antzeko ondasunak, antzeko bizimodua eta antzeko estatusa izaten zuten, eta beren artean ez zen ohiko hierarkia handirik sortzea.

Bizilekuak

Batik bat, haitzuloak erabiltzen ziren bizilekutzat. Hegoaldera begira zeudenak aukeratzen zituzten, argitasun eta eguzki gehiago zutelako. Ikusgarritasun ona ere nahi izaten zuten, ingurua kontrolatzeko.

Haitzuloaren barnealdean egokitzapenak egiten zituzten, ahalik eta erosoen bizitzeko: zorua lautu, gune lokaztuak lehortu…

Haitzuloak, bereziki neguan, babesleku erakargarriak ziren garai haietan, kontuan izaten badugu barnealdean tenperatura konstantea izaten zutela, 14 ᵒC inguru, urte osoan. Hala ere, kanpoko argiaz baliatzeko bizimodua haitzuloaren sarreran egiten zen. Haitzuloaren barnealdeko leku ilunetara gizakiak gutxitan sartzen ziren, soilik margotzeko eta grabatuak egiteko erabiltzen zituzten, leku magikotzat baitzituzten.

Haitzulo horietako batzuk urte osoan okupatzen zituzten, edo urteko hilabeterik gehienetan behintzat. Baziren denbora-tarte batean soilik okupatzen ziren haitzuloak ere, animalia espezie jakin bat ehizatzeko edo lehengairen bat lortzeko.

Aire zabaleko bizilekuei buruz oso gutxi dakigu, euskal lurraldeetan gisa horretako aztarnategi banaka batzuk aurkitu baitira. Pentsa liteke Europako beste lekuren batzuetan aurkitu direnen antzekoak izango zirela. Indioen denden antzekoak zirela uste da, oinarri zirkularrean paratutako makilek sostengatutako larruzko estalkiez babestuak.